1957an zazpi estatuk Erromako Ituna sinatu zutenetik mende erdia iragan da ia eta harrezkero gaur egun Europako Batasuna (EB) denak jauzi ugari eman ditu bere osaketan. Iragan maiatzaren 1ean iritsi ziren azken hamar estatuak, denera 25 estatuko blokea osatuz. Ekonomiaren inguruan egituratu zen hasierako zazpikotea eta ekonomiaren inguruan jarraitzen du egituratuta egungo 25eko taldea. Hasiera hartan baino askoz egitura politiko handiagoa da Europako Batasuna, zalantza barik, baina oraindik munduan bloke gisa funtzionatzeko ahultasuna ugari dituena.
Hauteskunde hauetako emaitzak ikusita, dena den, nazioarte mailan izan daitekeen gorpuzkera ahula baino, barne ahultasuna da agerian geratu dena, herritarrek zilegitasun handirik ematen ez diotela inoiz baino argiago ikusi da-eta. Ez dirudi, ordea, orain arte zilegitasuna izan denik Europako Batasuneko estatuen kezkarik handiena; bere sorreratik elite politiko eta, batez ere, ekonomikoek bultzatutako prozesua da eta eraikuntza molde horrek jarraitzen du nagusi gaur egun ere. Egituratze prozesuak, hala ere, aurrera jarraitzen du eta EBko herritarren bizitzan gero eta eragin handiagoa du maila guztietan, nahiz eta herritarren protagonismoa eraikuntza horretan hutsaren hurrengoa izan.
Burujabetza maila gero eta handiagoa kontrolatzen da Bruselatik, baina oraindik ere estatuek gogor eusten diete beren zeinu garrantzitsuenetakoak diren alorrei: segurtasuna, defentsa eta atzerri politika. Bruselaren esku utzitako eremuak errealitatean gauzatzeko moldean ere desberdintasun handiak daude EBko eremu batzuetatik besteetara. Nolanahi ere, ekainean bertan Europako Batasuneko estatuek lehenbizikoz konstituzio bat onartuko dute eta horrek ere beste pauso garrantzitsu bat ekarriko du Europako Batasunaren indartzean.
Ekonomi hazkundea eta egonkortasunaren arteko dialektika zorrotza da azken 20 urteetako EBren ibilbidean. Bere lehenbiziko 25 urteetan ekonomi hazkundea EBren egituratzearen lema izan bazen, 90eko hamarkadaren hasieran Maastrichteko Itunak egonkortasun ekonomikorako oinarriak finkatu zituen. 2002an indarrean sartu zen moneta batasunarekin heldu da egonkortasunaren gailurrera EB. Baina, aldi berean, egonkortasuna ez da nahiko eta horregatik aurtengo maiatzean bere merkatuak zabaltzera jo du EBk hamar kide berriren sarrerarekin. Urte bukaerarekin, halaber, Errumania eta Bulgaria 2007an sartu ahal izango diren eta Turkiarekin sarrera negoziazioak hasten diren ala ez erabakiko da.
Mundu gero eta globalizatuagoan, Europa bloke gisa aritu dadin, gero eta merkatu zabalagoak behar dituela bistan da eta bide hori egiten ari da, berriz hazkunde ekonomikoari garrantzia emanez. Baina mundu mailan subjektu erabakigarria izateko, indar ekonomikoa bezain funtsezkoa da indar politiko eta militarra izatea, eta alde horretatik, EBk ibilbide luzea duela erakutsi dute nazioarte mailako gertakari ugarik: oraingoz, Irakeko inbasioaren ispiluak dena esaten du. Burujabetzaren sinbolo oso garrantzitsuetan amore ematea eskatzen du bide horrek, eta ez dirudi estatu handienek epe motzean defentsa, segurtasuna eta atzerri politika modukoetan amore ematekotan direnik. Areago, estatu kide batzuk Batasunean ziri handiena sartzen duen amerikar erraldoiaren aliatu finenak dira. Edonola, onartzear den Europako Konstituzioak Europako Batasunaren egitura politikoaren indartzea ekarriko du berriz ere, hori bai, herri eta herritarren Europa baino, oraindik ere estatuen erabateko nagusitasuna eta batasunaren ikuspegi ekonomikoa tinkotuz.