Hondartzak: Udako inbasioa hasi da

  • Hondartzak, euskal itsasertz labartsua josten duten hariak, jendez mukuru egongo dira laster; aurtengo uda iazkoa bezain sargoritsua izango omen da, eta neguko lasaitasuna urratuko duen hondartzazale gudarosteek prest dituzte honezkero esku-ohialak, eguzkitarako ukenduak eta enparauak. Hondartzak dira askoren aisialdiaren ardatza. Ondorengo orrialdeotan, Euskal Herrian ditugunei buruz zeozer gehiago jakiten ahaleginduko gara.

2004ko ekainaren 13an
Ekainarekin batera, bainu-denboraldi ofizialak datoz. "Ofizialak" diogu, herrialde batetik besterako desberdintasunek plurala erabiltzera behartzen gaituztelako. Bizkaian eta Lapurdin, ekainaren 1etik dago indarrean hondartza sasoia; Gipuzkoan, data bera aukeratu zuten Donostiak eta Zarautzek, baina gainerakoetan hilaren erdira arte itxaron behar dute. Amaiera ere desberdina izango da bakoitzean. Zaila da Gipuzkoari buruzko daturik ematea, udaletxe bakoitzak bere aldetik jokatzen duelako ia. Bizkaian, berriz, irailaren 30era arte iraungo du denboraldiak, eta Lapurdin hamabost egun gehiago. Denbora tarte horretan, milaka lagun joango dira gure hondartzetara, eta gainerako hiletan aurkitu ezin daitezkeen hainbat zerbitzuz gozatu ahal izango dute. Batetik, sorosleak eta bainua hartzea baimendu edo debekatzen duten banderak; bestetik, garbitasunari dagozkionak: zaborrontziak, garbiketa egunero… Udaren abantailak dira.

Uraren kalitatea

Askoren gogoan dabil galdera: Prestigeren hondamendiaren eragina zenbateraino nabarituko da aurten? EAEko instituzioek itaun horri ematen dioten erantzuna jakiteko ahaleginak alferrikakoak suertatu zaizkigu. Zuek hau irakurri orduko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskainia du ziurrenik gai horri buruzko prentsaurrea, baina lerrook idazteko unean prentsaurreko hori eman gabe zegoen artean, eta aipatu sailak ez digu haren edukiez inongo aztarnarik eman nahi izan.

Instituzioen iturria lehor egonik, beste batzuetara jo dugu geure jakingura asetzeko. Gutxi gorabehera, denak bat datoz gauza batean: arazoak, izatekotan, ez dira uretan izango. "Oso zaila da uretako hidrokarburoen disoluzioak giza-osasunari kalte egiten dion ala ez jakitea", dio Eguzkiko kide Juanmari Beldarrainek, "baina iaz Eusko Jaurlaritzak bainua har zitekeela esan bazuen, hala jokatzeko datu nahikorik zuelakoan egingo zuen. Taula batzutan dago adierazita zein kopuru diren onargarriak eta zeintzuk ez. Gure ustetan onargarritzat jotzen direnak ere handiegiak dira, baina hala ere bainua lasai har daitekeela pentsatzen dugu".

Zientziaren alorretik mezu lasaigarri bezain zuhurra datorkigu. Ionan Marigomez EHUko Biologia Zelularreko katedradunak dioenez, "analisi kimikoek iaz erakutsi zutenez, uraren hidrokarburo maila ez zen kaltegarria, baina hori leku batetik bestera alda liteke. Nik, badaezpada, iaz ez nuen bainurik hartu, baina aurten bai, hartuko dut, seguruenik".

Ibaietako zikinkeriak hondartzetan

Uraren kalitateaz hitz egiteak Prestigez hitz egitera garamatza ezinbestean, baina bestela ere, zer nolako ura dago euskal hondartzetan? Itsaso garbia geneukan fuel orbanak gurera ailegatu baino lehen? Zera dio Juanmari Beldarrainek: "Uraren kalitatea pixkanaka-pixkanaka hobetuz doa, bi arrazoirengatik batez ere. Batetik, itsasora eta gehienbat ibaietara substantzia kutsagarriak isurtzen zituzten enpresak itxi egin dituztelako edo isurketok eten egin dituztelako, neurri handian behintzat. Bestetik, abiarazitako garbiketa-planen eragina nabaritzen hasia delako».

Hala ere, Eguzkiko kideak salatu egin du garbiketa planak atzeratuta dabiltzala »"Europar Batasunak emandako epeak ez dira betetzen ari Hego Euskal Herrian"», eta oraindik ere badela isurketarik, ibaietara batez ere. "Kontuan eduki behar da Euskal Herriko hondartza gehienak ibaien alboan daudela. Ibaia zikin badator, hondartzako ura zikin egongo da". Lapurdin, berriz, Hegoaldean baino askoz lehenago hasi ziren garbiketa planak ezartzen, baina horrek ez du esan nahi gauzak hobeto daudenik, Beldarrainen ustez: "Oso teknologia zaharra erabiltzen dute, eta garbiketa eskasa da".

Egoera duela hamar edo hamabost urtekoa baino hobea izanik ere, oraindik hutsune nabarmenak daudela iritzi dio Juanmari Beldarrainek: "Hondartza askotako zenbait zatitan, ibaietatik hurbilenekoetan batez ere, ezin daiteke bainurik hartu oraindik, kutsadura dela-eta. Debekatuta ez badago, debekutik gertu egongo da". Kalitate txarreko ura daukatenen artean, Beldarrainek Zarauzko eskuin aldea, Hendaiako alde nudista eta Orioko Oribazahar eman dizkigu adibidetzat. Ildo beretik, Bizkaiko Foru Aldundiaren web guneak bainurik ez hartzea gomendatzen du herrialde horretan kutsadurak jota dauden hondartza txiki bitan: Areetakoa, Getxon, eta Toña, Sukarrietan.

Zenbait ezaugarri

Oro har, Euskal Herriko hondartzak ez dira oso luzeak, Kantauri Itsasoko gehienak bezala. Hendaiakoa da luzeena: hiru kilometro. Gehienetan are fina edukitzen dute, zenbait lekutan harri ugari badago ere. Eta olaturik ez zaie falta, normalean. Hala ere, badira arrazoi batengatik ala bestearengatik babestuago daudenak: Plentzia, Gorliz, Kontxa, Ondarreta, Malkorbe (Getaria)… Hondartza "lasaiak" dira horiek. Beste muturrean daude Barinatxe, Bakio, Itzurun (Zumaia), Zarautz, Bidarte, Angelu… Horietan, gogor jo ohi du itsasoak.

Bizkaian hogeita zortzi hondartza daude. Horietatik, gehientsuenak inguru bitan topa daitezke: Uribe Kostan eta Urdaibai itsasadarreko alde bietan. Lehenbizikoaren kasuan batez ere, begibistakoa da udan ematen den masifikazioa. Muskizko La Arenarekin batera, Getxotik Gorlizera bitarteko hamar hondartzak dira Bilboko eta inguruko hirietako jendeak gehien aukeratzen dituenak, hurbiltasunak erakarrita noski. Udako egun askotan, metroa zein errepideak lepo egoten dira, bertako biztanleen etsipena eraginez. Antzeko zeozer gertatzen da euskal kostaldearen beste ertzean; Lapurdiko kostaldea Frantziako Estatuko gune turistiko nagusienetakoa da orain urte asko, eta hori igerri egiten da hondartzetan.

Gipuzkoako hamasei hondartzak, berriz, hobeto banatuta daude, Foru Aldundiko Naturgune Zerbitzuko teknikari Iñaki Bañaresek dioskunez: "Hemen ez dago beste lekuetan adinako jende-olde eta trafiko arazorik, salbuespenak salbuespen. Izan ere, abantaila bat daukagu: Donostiak, hiri nagusiak, baditu bere hondartzak, Bilbok ez bezala. Hala ere, egia da Zarautz batean, esaterako, ez dela lan samurra autoa uzteko toki bat aurkitzea". Gipuzkoarrek, oro har, ez dute bizkaitarrek bezainbat mugitzeko beharrik hondartza gozatzeko, baina badira herrialdetik kanpokoek bere egiten dituztenak. Hondarribiko hondartza »herrialdeko handiena, bide batez esateko» goitizenez "nafarren hondartza" izatea da esandakoaren adibide ederra.

Zenbat jende joaten da?

Ez da erraza hondartza batean zenbat jende dagoen jakiten. Hala ere, Bizkaian eta Lapurdin nola edo hala kalkulua egiten ahalegintzen dira. Bizkaiari dagokionez, iazko bainu denboraldi osoan zehar hondartza bakoitzean astero bildutako lagun kopurua eman digu Foru Aldundiak. Ezinezkoa litzateke hemen datu guztiak ematea; balio bezate, adibide gisa, ondokoek: aste batean Bizkaiko hondartza batean bildutako jende kopururik handiena La Arenan bildu zen, abuztuaren 11tik 17ra bitarteko astean. 138.000 lagun, guztira. Egia da aparteko kasua dela hori, aste hartako bero itzelak eta La Arena Ibaizabalen ezkerraldean dagoen hondartza handi bakarra izateak eraginda. Izan ere, iazko udan hondartza bakarrean 90.000 lagunetik gora egondako aldi bakarra izan zen. Aipatzekoa da, gainera, hondartza ezagun gehienek (Arrietara-Atxabiribil, Karraspio, Bakio, Gorliz, Laga, Laida…) aste hartan hartu zutela bisitari gehien. Guztira, 885.000 lagun inguruk bilatu zuten Bizkaiko hondartzetan egun haietako eguzki gupidagabeari aurre egiteko modua, bertako Foru Aldundiaren arabera.

Lapurdiko kasuan, Estatua arduratzen da hondartzetako bisitari kopurua zenbatzeaz. Pirinio Atlantiarretako Kontseilu Orokorreko François Esnaultek adierazi digunez, "aste batzuk besterik ez dira guk horri buruzko datuak ditugula". Hain zuen, 2002ko uztailaren 27ari dagozkion datuak helarazi dizkigu Esnaultek. Orain dela urte bikoak izanagatik, adierazgarri izan daitezke: aipatu eguneko arratsaldeko hiruetan, 35.000 lagun inguru zeuden Lapurdiko hondartzetan. Horrek esan nahi du hondartza kilometro bakoitzeko 2.000 pertsona zegoela, batez beste. Egun osoan zehar, 80.000 izan ziren data horretan Lapurdiko hondartzaren batera joan zirenak.

Eguzkia eta ura baino gehiago

Bainua zein eguzkia hartzea ei da hondartzara doazenen helburu nagusia, baina horrek ez du esan gura hondartzan besterik ez dagoenik. Euskal Herriko hondartza askok alternatiba ugari eskaintzen dituzte; surfa da, beharbada, aipagarriena. Kantauri Itsasoaren indarraren laguntzaz, gurean berri samarra den kirol hori gero eta indartsuago dabil, eta hiru herrialdetan antolatzen dira txapelketak. Surferako aproposak diren hondartzetan, Mundaka eta Zarautz omen dira ezagunenak, baina badira aipatzeko moduko gehiago: Ereaga (Getxo), Barinatxe, Bakio, Ogeia, Itzurun (Zumaia), Getaria, Gros (Donostia), eta orobat Lapurdiko guztiak. Uda osoan zehar hainbat txapelketa egiten dira horietan, eta Euskal Herriko nahiz atzerriko surflari entzutetsuak Kantauriko olatuak maneiatzen saiatzen dira.

Tradizio handiko beste kirol bat futbola da. Zarauzko eta Donostiako txapelketek sona handia daukate, baina badira gehiago ere. Batzuk, Ereagako Golden League lehiaketa esate baterako, nazioartekoak. Zelangura, kirolik aipatzekotan Barinatxe hondartzan orain urte batzuk sortutako lasterketa nudista aipatu behar dugu, derrigor. Irailean egiten da, bainu denboraldia amaitu eta gutxira, eta apurka-apurka gero eta onarpen handiagoa lortzen ari da. Iaz, esaterako, 80 lagunek hartu zuten parte, nudismoa egiten duen jende asko dagoela aldarrikatzeko eta ohitura horrenganako begirunea lortzeko.

Bandera Urdina eta ISO
Bandera Urdinak, orain gutxi arte Hego Euskal Herriko hondartzek harro erakusten zuten ikurrak »Lapurdin, arrazoi politikoak direla medio, ez dago halakorik», ospea galdu du azken urteotan. Europako Batasunak alboratu egin du haren kudeaketa, eta orain GKE baten esku dago ematea ala ez. Alabaina, behinola guztiek desiatutako ikurrak gero eta kritika gehiago jasotzen dituela, EBtik datozen agiri berriak lortzea da helburua. ISO 9001 eta ISO 14001az ari gara, kalitatearen kudeaketaren agiria eta ingurumenaren kudeaketaren agiria, hurrenez hurren. Bizkaian, Foru Aldundia hasita dago bost hondartzek »La Arena, Bakio, Laga, Laida eta Karraspio» agiriok lor ditzaten lanean. Gipuzkoan, udalerri batzuek lortua dute honezkero onarpen hori: Deba, Zarautz, Donostia…

Gure hondartzetako zaintzaileak
Bainu denboraldia hasteaz batera, sorosleak ezinbesteko bihurtzen dira gure hondartzetan. Ez dute egiteko erraza, eta zenbait kasutan ezin esan daiteke eurena benetako lanbidea denik ere. Hala da Bizkaian behinik behin; azken urteotan herrialde horretako hainbat hondartzatan sorosle jardun duen Isusko Arias sopeloztarrak azaldu digunez, "hemengo sorosleek boluntario egiten dute lan, eta bidaiarako eta bazkaritarako ordain-saria baino ez dute jasotzen".
Profesionaltasun ezak ez du esan gura soroslegaiek prestakuntza egokia behar ez dutenik, noski. Besteak beste, ezbeharren bat izan dutenak zelan sendatu ikasi behar dute, zauri txikia daukatenengandik hasi eta hilzorian daudenenganaino »zorionez, gutxitan gertatzen da hori». "Sendaketa gehienak kristalekin edo haitzekin egindako ebaketengatik dira, bai uretan bai lehorrean", dio Ariasek. Horrez gain, korronteak eramanda uretatik irten ezinik dabiltzanak atera behar dituzte sorosleek: "Korronteei dagokienez arrisku handien duten hondartzetan, La Arenan edo Barinatxen kasu baterako, egunero gertatzen da hori". Ariasek dioenez, jendeak ez du kontuan hartzen hondartza leku arriskutsua dela. Sorosleen goizeroko lehenbiziko eginbeharra itsasoaren egoera arretaz aztertu eta dagokion bandera ipintzea da; gero, egunean zehar, banderak agintzen duena betearazten saiatzen dira, baina ezin dute inor behartu, aholku emale hutsak dira-eta. "Hala, hondartzazale askoren zuhurtzia ezak arazo bat baino gehiago sortzen du", gaineratu du sorosleak.
Jende gehien erakartzen duten hondartzetan 10.000 eta 20.000 lagun bitartean izan daitezke udako egun bero batean »ez denak aldi berean, jakina». Isusko Ariasek dioskunez, "hemen, Sopelan, adibidez, sei eta zortzi sorosle bitartean egoten dira halako jendetza zaintzeko. Ez da lan samurra, inondik ere". Egunik jendetsuenetan, sorosleak mota guztietako 20 edo 30 ekintza egitera irits daitezke. "Marmokak dabiltzanean, 80 ere bai", gaineratu du Ariasek. Ordutegia 11:00etatik 19:00etara artekoa denez »Bizkaian behintzat», sei minuturo ekintza bat dagoela esan nahi du horrek.

Ana Urrutia: hondartzetan aditua
Ana Urrutia ETBko aurkezlea ezin pertsona egokiagoa iruditu zaigu hondartzez solasteko, hainbat arrazoi direla medio. Alde batetik, eta bere ogibidearen kariaz, Urrutiak euskal hondartzetako banderen koloreen berri ematen digu egunero, Bizkaia eta Gipuzkoako bainu denboraldiak dirauen bitartean. "Hondartza batzuetan, Plentzian, Gorlizen, Kontxan edo Ondarretan esaterako, bandera berdea egoten da ia uda osoan; Bakion, Zarautzen, Grosen eta beste zenbaitzutan, berriz, horia izaten da gehienetan". Ikus daitekeenez, hondartzak itsasoarekiko nolabaiteko babesa izateak ala ez zerikusi handia dauka banderek agertzen duten kolorearekin.
"Lapurdi osoko hondartzetan oso ohikoa izaten da bandera horia, olatuak direla-eta", jarraitu du Urrutiak, "eta Bizkaian sarritan ikus daiteke gorria Barinatxen, Gorrondatxen (Getxo) eta Ogeian (Izpazter)". Herrialde berean bada egunero-egunero bandera gorria duen hondartza bat ere: Areetakoa. Kasu honetan, baina, arrazoia ez da itsasoaren zakarra »hondartza nahiko lasaia da, Bilboko itsasadarrean bertan baitago», kutsadura baizik. "Osasun Sailak iaz egindako azterketetan", azaldu digu Urrutiak, "zenbait egunetan kutsadura maila onargarria aurkitu zuen Areetan, aspaldiko partez gainera, baina badaezpada uda osoan bandera gorriari eustea erabaki zuen".
Ezagun denez, Urrutiak itsasoarekin daukan harremana ez dagokio beraren lanbideari soilik. Surflari amorratu legez, ondo ezagutzen ditu euskal hondartzak, eta haienganako kritikaren bat ere badu: "Aipatzekoa iruditzen zait sorosleen gaia", diosku, "alde handiak baitaude herrialde batetik bestera". Agidanez, egoera gero eta hobea da zenbat eta ekialderago. Urrutiak azaldu duenez, "Bizkaian, Salbabide eta Laguntza Federazioak dauka ardura, Gipuzkoan Gurutze Gorriak eta Lapurdin ez dakit, baina badakit oso profesionalak direla. Nik neuk Bizkaikoa ezagutzen dut gehien, eta uste dut egoera goitik behera aldatu beharko litzatekeela. Gero eta neska-mutil gazteagoak dabiltza, eta ez diete askorik ordaintzen. Nire iritziz, hobeto prestatutako eta hobeto ordaindutako sorosleak beharko lirateke, eta pertsona bati uretara sartzea debekatzeko eskumena eduki beharko lukete. Gainera, bainu denboraldia zabaldu behar luketela uste dut".

Hondakin-uren mehatxua
Bainu sasoia polemika eta guzti hasi da Bizkaian. Uren Partzuergoko hainbat langilek salatu duenez, egunero 150 milioi litro hondakin-ur isurtzen dira itsasora. Araztu gabekoa izaki, ur horrek kalte larriak eragin diezazkieke hondartzetan bainu hartzen dutenei, beti ere aipatu langileen arabera. Hain zuzen, Muskizko La Arena hondartzaren zati bat eta Getxoko hondartzak dira ur zikinaren eragina gehien jasango luketenak, hau da, Bilbotik hurbilen daudenak. Milaka eta milaka laguni eragingo lieke isurketak.
Salaketa dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila uraren egoera aztertzen ari da. Bizkaiko Foru Aldunditik, berriz, mezu lasaigarriak datoz. Ingurumen Diputatu Iosu Madariagaren ustez, ezin daiteke egoera larritzat jo. Beste horrenbeste esan du Maria Uribe Ingurugiro Zuzendariak: "Osasun Sailak ez digu aditzera eman egoera larrian gaudenik". Hala ere, Partzuergoko langileek esandakoa egia izan daitekeela aitortu dute biek. "Horrela izatekotan, Osasun Sailak bainu hartzaileen osasuna babesteko neurriak hartuko ditu", gehitu du Uribek.

Biluzteari lotsa galtzen
Europan nudismo gutxien egiten den lekuetako bat da Euskal Herria. 3.000 bat euskal herritarrek du hondartzan biluzteko ohitura, baina gehienek kanpoan egitea nahiago dute, udako oporraldietan. Euskal Herrian, ordea, badira tradizio handiko hondartza nudistak. Hondartza bat nudista izan edo ez, sarri, ohiturak agintzen du soilik. Berez, legeak edozein espazio publikotan biluzik egoteko eskubidea aitortzen baitigu guztioi.

Euskal Herrian badira orain dela urte asko nudismo gune bihurtutako hondartzak, eta baita azken boladan bide hori hartu dutenak ere. Nolanahi, nudismoa ez da berez leku batzuetan soilik egitekoa; zenbait hondartzatan hartarako tradizioa egotea »beste zenbaitetan ez egotea bezala» ohitura hutsari zor zaio. Usadioak ezarritako legeek zer ikusi handia dute honekin, besteek, idatzizkoek, ez dute-eta inongo mugarik ipintzen, Maite Vicuña ENEko (Euskal Naturista Elkartea) presidenteak adierazi digunez behinik behin: "Legeak edozein espazio publikotan biluzik egoteko eskubidea aitortzen die hiritar guztiei".

Legeak alde, eta hondartzazale ez-nudistak ez oso aurka. Edo ez garai batean bezainbat. "Nudismoa gero eta jende gehiagok onartzen du; jakina, onartuagoa dago aspaldiko tradizioa dagoen lekuetan, Barinatxen (Sopela eta Getxo artean) eta Mutrikuko hondartzetan, esaterako. Nudismoa orain gutxi egiten den lekuetan, berriz, jantzita doazenen jarrera, guztiz aurkakoa izan gabe ere, ez da izan zitekeen bezain adeitsua. Deseroso daude". Hala gertatzen ari da orain Donostiako Zurriola hondartzan, konparazio baterako. Kasu horretan, Udaletxea biluzik joan nahi dutenen alde agertu da, eta hondartzaren zati bat nudismoa egiteko izango dela aldarrikatuko du modu ofizialean. Vicuñaren esanetan, nudistek, edozein modutan legea euren alde edukita ere, biziro eskertzen dituzte halako keinuak.

Getxoko auzia

Alabaina, udaletxeen jarrera ez da beti nudismoaren aldekoa. Orain bizpahiru urte, Getxoko Udalak herriko hondartzetan biluztea debekatu zuen, Barinatxen izan ezik (hondartza horren Getxoko aldea da, hain zuzen, nudista). "Udalerriko bost hondartzetatik batean oso ohikoa da nudismoa, eta Udalak aski iritzi zion nonbait. Gainerakoetan debekatu nahi izan zuen, isunak ezarriz eta udaltzainei inor biluztea eragozteko aginduz". ENEk protesta egin zuen Arartekoaren aurrean, eta hark arrazoia eman zion. Azkenik, Udalak debekua kendu behar izan zuen.

Kanpoan eranzten gara

Kontuak kontu, Euskal Herria ez omen da oso herri nudismozalea. "Gutxien egiten den Europako lekuetako bat da hau", iritzi dio Maite Vicuñak, "Frantzian, Alemanian eta batez ere Ipar Europako herrialdeetan askoz arrakasta handiagoa dauka nudismoak, eguraldia hemen baino desegokiagoa izan arren". ENEren ustez, 3.000ren bat euskal herritarrek egin ohi dute nudismoa, "baina denek ez dute berton egiten; asko kanpoan baino ez dira biluzten, udako oporraldietan". Jantziak berton eranzten dituztenek, ondokoetan egiten dute, batez ere: Barinatxe, Gorrondatxe, Meñakoz (Barrika) eta Ogeia Bizkaian; Saturraran (Mutriku), Zarautz eta zenbait senaia Gipuzkoan; Lapurdin, Bikieta (Hendaia), Ehun Eskailerak (Miarritze)...



Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude