Bandera Urdinak, orain gutxi arte Hego Euskal Herriko hondartzek harro erakusten zuten ikurrak »Lapurdin, arrazoi politikoak direla medio, ez dago halakorik», ospea galdu du azken urteotan. Europako Batasunak alboratu egin du haren kudeaketa, eta orain GKE baten esku dago ematea ala ez. Alabaina, behinola guztiek desiatutako ikurrak gero eta kritika gehiago jasotzen dituela, EBtik datozen agiri berriak lortzea da helburua. ISO 9001 eta ISO 14001az ari gara, kalitatearen kudeaketaren agiria eta ingurumenaren kudeaketaren agiria, hurrenez hurren. Bizkaian, Foru Aldundia hasita dago bost hondartzek »La Arena, Bakio, Laga, Laida eta Karraspio» agiriok lor ditzaten lanean. Gipuzkoan, udalerri batzuek lortua dute honezkero onarpen hori: Deba, Zarautz, Donostia…