Gotzon Garate: «Ulertzen baldin bada, ez dago esaldi bat gaizki dagoela esaterik»


2004ko maiatzaren 30an
Zer jaso duzu liburu honetan?
Beren bizitza osoa baserrian eman dutenen euskara oso ona da, ereduzkoa. Horixe jaso nahi izan dut. Gaurko egunean gehien erabiltzen diren erdarakadak dira liburukoak. Molde berrien ordez tradiziozko, baserrietako moldeak ematen saiatu naiz.

Zergatik baserritarren euskara?
Hitz egiten maisu dira. Baserri batean egin nuen lehen egonaldian hitzaldi batera joan nintzen baserriko kide batekin eta amaieran esan nion: "Zein ondo egon den hizlari hori", eta baserritarrak erantzun: "Gu ere ongi egon gara bada". Orduan konturatu nintzen, kaletarrok ez bezala, gaztelaniaren erdal eraginik ez dutela ia baserritarrek. Nik bederatzi urte egin nituen Euskal Herritik kanpo, eta itzuli nintzenean pentsatu nuen, "zer egin behar dut euskara ongi ikasteko? Baserrietara jo". Baita asmatu ere. Baserritarrak, gau eta egun euskaraz bizi dira, ia erdal eraginik gabe.

Baserritarren euskarak beraz, egungo beharrei ongi erantzuten die?
Urteetan baserrietako euskara asko aldatu da eta gaurko gazteek ez dakite aurrekoen erdia ere. Behin, bazkaltzen ari ginela, sagarrondo bat ikusi nuen leihotik. Sagarrondoek, usteltzen direnean, landare txuri bat ematen dute. Nik banekien landare horren izena baina etxeko gizonari galdetu nion nola esaten zioten, jakin nahi bainuen baserriko euskara jatorrean nola esaten zioten. "Horrek ez du izen berezirik", esan zidan eta amonak bat-batean: "Ezetz? Mihura!". Horrelako hitz asko galdu dira. Gainera, gaur egun antzinako gari-biltzeak eta bestelakoak ez dira egiten baserrietan eta lan horien inguruko terminologia asko galdu da. Baina oro har, baserritarren euskara ereduzkoa da.

Zer da tradiziozko euskara?
Aurretik datorkiguna, nik zazpi probintzietako baserrietan ikusi ahal izan dut oinarrizko euskara berdina dela. Lexikoa, esaterako, aldatzen da, baina funtsean oinarria bat da. Tradiziozkoa ez da bakarrik hutsak baztertzen dituena, baizik aberasten dituena. Agujetas esateko molde asko daude, herriak egunero erabiltzen dituenak gainera. Kontua ez da erderetakoak ez erabiltzea; ulertzen bada horren gaizki ez dagoen seinale baita. Dena den oso kontuan hartzekoa da horrelako hitzak mugaz bestaldekoek ez dituztela ulertzen. Beraz, euskara txarra atzemateko bi irizpide horiek oso kontuan hartzekoak dira: lehenik eta behin, mugaren bi aldeetan ulertzen den, eta ondoren tradizioari atxikia den. Hizkuntzak elkar ulertzeko dira eta ulertze hori hizkera aberatsez egiten bada, hobe.

Zein da lanaren oinarria, hau da, nola paratu duzu?
Roman Jakobsonek eta Chomskyk esaten zuten bezala, ez dago esaldi bat gaizki dagoela esaterik ulertzen baldin bada. Nik gero eta garbiago ikusten dut askoz hobe dela euskara mordoiloa egitea, eta erdararen kalkoak egitea, ez ulertzea baino. Azken batean, hizkuntzaren funtzioa hori da, elkar ulertzea. Adibide argi bat jarri nahi izan nuen liburuaren hasieran, aldizkari batetik jasoa: "Lurgintza-alorrarentzako laguntzako bateango egitamua". Liburuan bertan jaso dut garbizalekeria mordoilokeria baino okerragoa dela. Hitzak bilatzen hasi eta kalkoz kalko eraikitako egitura ulergaitzak egiten ditugu maiz. Garai batean, gerra aurretik, giroa oso ezberdina zen eta orduan garbizalekeriaren alde egiten zen. Hori ere ez da kontua. Bien arteko neurria hartu behar da. Nik euskara hori ekarri nahi izan dut hona.

Ereduzko prosa gaur, Euskara batuaren ajeak, Erderakadak... horren gaizki egiten dugu euskaraz?
Tokiak bereizi behar dira nire ustez. Hizkuntza zenbat eta gutxiago egin orduan eta gehiago kaskartzen da. Azpeitian, esaterako, oso euskara ona egiten dute, egun osoan euskaraz ari direlako. Hala ere baserrietan are hobeto mintzatzen dira. Kalean erdal joera errazago sartzen da eta egunero erabiltzen ez dena ahaztu egiten da nolabait. Baina nik uste dut bestela, euskaraz egiten den herrietan, oro har ondo egiten dela.

Askotan euskara nahasiegia ere egiten dugu. Euskara txukunena egunerokoa, bizia eta berezkoa dela esan izan duzu.
Baserrietako euskara eredugarri da niretzat, hain zuzen ere ezaugarri hori duelako, erraza eta bizia delako. Baserritarrek eguneroko gauzez, lanez hitz egiten dute, eta modu garbi eta aberatsean euskara erraza, ulergarria egiten dute. Horixe da gaur egun lortu behar duguna. Askotan euskal sena ahaztu eta nahasi egiten dugu gure hizketa.

Liburu honetan esan daiteke euskara jator eta zuzenari erreparatu diozula?
Bai. Jatorra herriko euskara, herriak erabiltzen duena da eta zuzena, hutsik gabea.

Euskara txukuna egiteko giltza non dago?
Gaur egun, zorionez, material ugari eta oso baliagarria dugu. Antzina, Koldo Mitxelenak lan ikaragarria egin zuen gramatikan eta beste arlo batzuetan, baina Resurreccion Maria Azkuek hutsetik egindako hiztegia, operak, eleberriak, eta abar ezin ahaztuzkoak dira niretzat. Orotarikoa altxor ikaragarria da idatzizko tradizioa jasotzeko. Dena den, baserritarren moldeak, ahozkoak izaki, bizirik daude eta horiei ezin diegu ihes egiten utzi, nola edo hala jaso behar ditugu.


ASTEKARIA
2004ko maiatzaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude