Bilboko Zorrotzaurre auzoan ospatuko du aurten Euskal Eskola Publikoak bere jaia, ekainaren 6an. XIII. edizio honetan, EHIGE Guraso Elkarteak kalitatezko eskola publikoaren alde apustu egingo du beste behin ere, eskola integratzailea, parte-hartzailea eta euskalduna eskatuz. Gainera, «Mugak gaindituz, geuria indartu» lelopean, aurten bereziki kultura aniztasunak XXI. mendean duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute.
Elkarteko presidente Ana Eizagirreren hitzetan, «besteekiko errespetuan gurea indartzea da dugun helburua, testuingurua kontutan hartuz gure izaera garatzen jakitea. Bide batez, gainontzekoei gu eta gure kultura ezagutzeko bidea errazten diegu». Hezkuntza propioa aldarrikatzen du EHIGEk, besteekin harremana errotuz, «era zabal batean berrituz eta etengabe aldatuz, gure gizartetik eta ume bakoitzaren beharretatik abiatuz».
Kukuxumusuk diseinatutako logotipoak ere mezu berdina darama: bi haur ageri dira kartelean, bata euskalduna eta bestea atzerritarra, solasean. Kultura desberdinekin elkarren arteko harremana garatu daitekeela adierazten du, gurea indartuz.
Bizkaiko Guraso Elkarteak ere izango du zer ospaturik, 25 urte bete baititu. Eizagirrek azaldu bezala, guraso elkarteen bilakaera izugarria izan da: hastapenetan, zortzi gurasoren ideia 20 ikastetxetara zabaltzea lortu zuten eta egun ia ikastetxe guztietan daude elkarteok. Eskola publikoa aztertzearekin batera, jada etorkizunera begira estrategikoki lan egiteko gai direla azpimarratu du presidenteak.
Hori guztia jai giroan ospatzeko, egitarau zabala prestatu dute ekainaren 6rako. Aurten, bereziki gazteei zuzendutako ekintzak indartu nahi izan dituzte, ile-apaindegi musikala bezalako ikuskizun berriekin eta Fermin Muguruza Kontrabanda edo Pin Pan Pun Band taldeen kontzertuekin.