argia.eus
INPRIMATU
Jose Ramon Garai, EAEko Kirol saileko lehendakaria: «Herrialde askotan talde pribatuak dira eta horregatik ez da jarduera bat desagertzen»
2004ko maiatzaren 16a
Eusko Jaurlaritzako Kirol saileko lehendakari Jose Ramon Garaik dekretua oraindik zirriborroa baino ez dela azpimarratu nahi du.

Zertan oinarritu zarete erabaki hau hartzeko?
Kirol modalitatea bezala onartua izateko, besteak beste, soilik ariketa mentalean oinarritutako jarduerak ez direla onartzen eta ariketa fisikoa egon behar dela dio dekretuak. Definizio horretarako hainbat kirol adituren irizpideetan oinarritu gara. Dena den, zirriborroa baino ez da oraindik, informazio fasean dago eta alegazioak proposatzeko unea da.

Baina xakean ariketa fisikoa dagoela ziurtatzen dute hainbat adituk.
Bihotz-maiztasuna azkartzen omen da goi mailako txapelketetan, baina txapelketak eragindako estresarekin lotua dago ala beti gertatzen da? Indefinizio ikaragarria dago eta dekretuarekin jarduera bakoitza bere lekuan kokatu baino ez dugu egin nahi. Alemanian, duela urte batzuk eztabaida berdina sortu zen; ez da beraz hain gai arraroa.

Ondorioak oso larriak liratekeela diote xake mundutik.
Mingarria iruditzen zaigu xakearen kontra gaudela esaten digutenean. Guretzat balio handiko jarduera da, oso gomendagarria eta Kirol saileko diru laguntza ez jasotzeagatik ez dut uste atzerakada izango lukeenik, beste sail batzuetatik ere dirua jasotzen du. Legea ateratzekotan xakea bultzatzen jarraituko genuke. Herrialde askotan ez dago federakuntzarik, talde pribatuak dira eta horregatik ez da jarduera bat desagertzen. Kirola ez izanagatik txapelketak jokatzen dira eta babesa ematen zaie.