Kuotak


2004ko maiatzaren 02an
Indarberriturik itzuli dira aktualitatera ekimen baikorrak, Espainiako gobernuan sexuen parekotasuna jarrita. Hemengo Ihauteskunde kanpainan ere aipatu da gaia; eta Emakunde aukera berdinen aldeko legea prestatzen ari da, jadanik aldizkarian eztabaidatua 1999an. Kontua ez da bakarrik sexu bazterkeria. Euskararentzat ere kuotak beharko liratekeela komunikabideetan adierazi du X. Mendigurenek, ez baita normala askoren kemenez lortu dena beste batzuek bazter dezaten gero.

Ez dira solas berriak. AEBetan 80garrenetan hasi ziren autoktono, beltz, feminista eta homosexualak bereziki, aldarrikatzen mendebaldeko ar zurien kultura ez dela munduko bakarra eta ez hoberena, besteen ekarpenek ere balio handia dutela. Franz Fanon eta Tony Morrison goraipatzen zituzten Berkeley-ko katedradunek, eta maisutzat zeuzkaten Lacan, Foucault eta Derrida "deskonstrukzionistak", gure progresia nazionalaren ikonoak, alegia.

Halako giroan bultzatu zen ekimen baikorra »"affirmative action"», hau da, gaitasun berdineko kandidatuen artean, talde baztertuko kidea hautatzea; eta horri esker iritsi ahal izan dira goi karguetara betidanik zokoratuak izan direnetako batzuk; eskuindar integristek deitoratzen dutena, berdintasunaren edo bikaintasunaren izenean, noski. Entzutea dugu, bai, leloa: herriko mediku »edo auzitegi buru» izateko, medikuntza »edo zuzenbidea» jakin behar dela, eta ez euskara. Jakintzaren oztopoa bailitzan euskara eta erdara kalitatearen bermea.

Ekimen ezkorrik ere bada, izan.

Osterantzean, hemen, luzaz gutietsiak izan dira yankee eta politikoki zuzen jotzen diren ideiak. "Kuotak esne behientzat!" zioten gure lagun sano eta jatorrek. Gero, beharra lege, hasiak gara gu ere 'minorizatua' deitzen gure buruari, ez 'minoritarioa', AEBetan 'esklabo' ordez 'esklabizatu' esaten dutenen moldean.

Frantzian berdin, goitik begiratu ohi diote "diskriminazio baikorra" deitzen dutenari, nahiz administrazioan lanpostu kuota batzuk badiren aspaldidanik elbarrituentzat. Jospin-ek, 1997an, emazteen eta gizonen parekotasuna »%50eko kuota» ezarri nahi izan zuen Alderdi Sozialisten hautagaien zerrendetan. Baina printzipioa ezin zen garatu legean sartu gabe, eta horretarako konstituzioa aldatu behar zen. Orduan hasi ziren kalapitak. Aurkakoek argudiatzen zuten emazteen eskubideak aitortzeko gizonengandik berezi behar zirela; hots, Errepublikan herritar guztiak berdinak dira, eta ez ditzake inongo irizpidek desberdin; bestela edozer eska lezake edozein taldek, berdin begetarianoek edo sekta batek... Erantzun zitzaien delako berdintasun erretorikoaren gerizpean egiten duela habia diskriminazioak, unibertsalismo hori ez dela nagusien komunitarismoa baizik, ahulagoei inposatua. Azkenean 1999an aldatu zen Frantziako Konstituzioa, eta orain legeak laguntzen ditu emazteak eta gizonak berdintasunean heltzera mandatuetara. Isildu dira kontra altxatu ziren ahots kualifikatuak eta, helburua urrun dagoen arren »alderdi batzuek nahiago dute isunak pagatu araudiak bete baino», nabariak dira aitzin urratsak. Legeak eman babesa eta zilegitasuna preziatzen dituzte politikan sartzen diren etxandreek, etxea nolabait utzirik, estutzen baititu gizonei sekula pausatu ez zaien dilemak: "Zorion pribatua ala agintea"; hortik sor litezkeen kezkak eta damuak gainditzeko ezinbestekoak dira, haurtzaindegiez gain, ezagutza eta onarpen publikoak. Eta senezko oharra egiten dute: orain leku bat lortzen duten emazteak adimentsuenak eta argienak ez balira ere, ez dira debalde arituko, bidea urratuko diete geroago etor litezkeen hobeagoei. Beti ere, Françoise Giroud zenak esana, berdintasuna izango dugu gizon eskasek bezain beste goi kargu eskuratuko dutenean emazte eskasek.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude