Pas de Basque: Tradizioaren xarma

  • Donostiako Goena etxean, ganbaran, makina bat dantzari biltzen da asteazken eta larunbatetan. 60 bat lagun, dantzari eta musikariak, Juan Antonio Urbeltzen azken ikuskizuna prestatzen aritzen dira: Pas de Basque. Iñaki Arregi, Fernando Aristizabal eta Jesus Larrea dantza-maisuen laguntzaz, Urbeltzek orpoz orpo zaintzen du dantzarien lana. Añorgako Arkaitz, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeetako kideen laguntza jasotzen du Donostiako Argia taldeak. Proba-saioak girotzeko hiru elementu biltzen dituzte: argi mehea, zuzeneko musika eta dantzako oinetakoak.

2004ko apirilaren 11n

Juan antonio urbeltzekin egin dugu hitzordua. Euskal koreografoak azaldu digunez, hiru dira Pas de Basque ikuskizuna osatzen duten zatiak: desafioa, patua eta inautea. Lehenengo zatian, kostaldeko dantzak bildu dira. Bizkaiko arrantzaleen giroa mahoizko soineko urdin ilunez jantzia. Arratia bailarako arin-arinean eta orripekoan, eta orobat karrika-dantza (kaxarranka) ikusgarrian, neskak eta mutilak hanka-hutsik dantzatzen dira. Musikak, etenik gabe, almute-dantzari ematen dio bide. Antzina gariaren eta artoaren salerosketan erabiltzen zen neurri-ontzia zen almutea. Dantzari trebeek elkarren arteko lehiari ekingo diote, tamaina ezberdinetako zurezko kaxen inguruan.

Bigarren zatia patuaren dantzek osatzen dute eta Erdi Aroaren testuinguruan Nafarroako ingurutxoa eta zinta-dantza dira ikusgai, biak ere elkarren osagarri. Ingurutxoak ezkontza bat irudikatzen du. Emaztegaia ispilua eta orrazia eskuan dituela, eta serorek lagunduta, mugimendu arineko dantzan murgiltzen da. Gorteko jarraitzaileak ere inguruan izango ditu. Jantzi dotoreek are nabarmenago egiten dute urratsen liraintasuna. Serorek zinta-dantza egiten dute, biziaren zuhaitza irudikatzen duen makilaren inguruan. Koloretako zintak elkarren artean kiribilduko dituzte, bizitzako gertakariak islatzeko. Zintak askatzeak biziaren amaiera irudikatzen du. Galaien esku-dantzan bikoteen arteko harremana jaso nahi izan du Urbeltzek. Ohiko soka-dantzaren moldetik, nesken eta mutilen arteko joko bihurriak islatzea da asmoa. Mutilak pauso bihurriak egiten ditu trebeki neskaren inguruan, haren gona altxatzen ere saiatzen da, eta neskak, lirain, mutilaren urratsengandik ihes egin beharko du.

Azkenik, hirugarren zatiak Zuberoara garamatza. Branleak eta karakoitziak aristokraziaren dantzen kutsua dute. Buhamesak eta zamaltzaina arituko dira ondoren. Urbeltzek berak jakinarazi digunez, zamaltzaina, erdia gizon eta erdia zaldi, betidanik izan da neskazalea; horregatik, Pas de Basque lanean ere koreografia garaikideko urratsak egiten dituzten neskekin jolasten da. Neskek dantza erakargarria egiten dute, baina zaldiak beti eusten dio bereari, zaldiak ez du inoiz nesken urratsik egiten. Estiloen nahaste horren haritik, ikuskizuna dantza tradizionalean oinarrituta badago ere, askotarikoa dela esan digu Urbeltzek. Dantza estilo garaikidea jaso du baina beste dantza moldeei zor dien errespetuarengatik, Ana Remiro koreografoaren abilezia baliatu du, euskal tradizioaren osagarri, baina harengandik bereiz. Kauterak eta buhameak, antzina, gizartea asaldatu nahi zuten pertsonak ziren. Pas de Basquen ere joko eroen artean tradiziozko ezpata-dantza egiten dute buhamesa arinen isilpeko urratsen aurretik. Zuberoako godalet-dantzak esango dio agur saioari, maskaradako pertsonaiak ardoz beteriko edontziaren inguruan jarrita.

Musika eta jantziak

Urratsak ez ezik, musika eta arropak ere arretaz hautatu dira Pas de Basque osatzeko. Musikan, Urbeltzek Marian Arregi emaztea du gidari. Dantzaren eta musikaren ezin saihestuzko lotura kausitu arte ikerketa sakonak egin ostean, kanta zahar egokienak bildu dituzte. Soinua eta arrabita ekarri ditu Urbeltzek azken lanera, baita panderoa eta txanbela ere. Arropen hauta egiteko gure arbasoek erabiltzen zituzten zapiak eta koloreak berreskuratu ditu. Hortaz, ez bedi harritu ikuslea dantzarien soinetan jantzi bereziak ikusten baditu, gertu izango baita euskal tradizioaren lekuko nagusi gona gorria, bi lerro beltzak ongi markaturik.

Tradizioa berri

Baina zer da Pas de Basque ikuskizuna hain erakargarria egiten duena? Koreografoak berak hau esan digu: "Ardo berria da, zahagi zaharrean emana". Tradiziozko dantzak dira baina ikusmolde berritik landuak. Egoera errealekin berreraikitako mundua da Pas de Basque. Urbeltzek ezkutuan zegoen tradizioa ekarri du argitara, bere edertasunean berrantolatu du, hautsa kendu dio baina ezer urratu gabe. Luzaroan egindako azterlanari jarraiki egindako berreraikitzea da. "Proba-saio batean zurezko kaxa batzuekin Bizkaiko desafioak moldatu nahi nituen; eta orduan konturatu nintzen almute-dantza zaharra egiten ari ginela", esan digu horren argigarri.

Ikuskizunaren bizitasuna gainerako elementu guztiei gailendu zaie. Baletaren antzinako ikusmolde zurruna apurtu nahi izan du Urbeltzek. Tradizioak naturaltasuna dakar ezinbestean eta bizitasun horrek nortasun berezia eman dio Pas de Basque ikuskizunari. Dantzariek indibidualtasuna lantzeko aukera izan dute. Zehatz-mehatz lerratutako moldeak hautsi eta bakoitzak bere ekarpena gauzatzeko bidea du. "Dantzari batzuek emanaldiz emanaldi urratsak aldatzen dituzte", esan digu koreografoak. Horren haritik, ikuskizunez ikuskizun Pas de Basque berria eraikitzen dela gaineratu du. Forma hutsean geratzen diren gauza guztiak berez erortzen direla uste du Urbeltzek; horregatik, apaindurari ez dio behar baino garrantzia gehiago eman. Oinarriak sendoa behar du izan, eta hori lortuz gero, forma berez izango da erakargarria.

Izenen jatorriaz

Zortziko aski neurri ezaguna da euskal dantzetan. Alakiketan, berriz, tobera musika instrumentuaren onomatopeia da. Kondharian izenak "kontakizuna" esan nahi du Ekialdean. Pas de Basque nazioarteko baletean egiten den urrats baten izena da, dantza klasikoan urrats bati ematen zaion izena. Dantza klasiko horren eta euskal dantzaren artean izandako elkartze batetik geratzen den lekuko gisa jaso du Urbeltzek. Ildo horretan, ikuskizunak dantza preklasikoei egiten die erreferentzia.

Juan Antonio Urbeltz: «Gaur egun, dantzek gaizki eginak daudelako aspertzen gaituzte»
Donostiako Alde Zaharrean bizi da Juan Antonio Urbeltz, Argia dantza taldeko zuzendaria. Bere etxearen usainak, koloreak eta egurraren zaharrak giro berezian kokatu gaituzte. Tradizioa oinarri hartuta usain berria darion ikuskizuna egin du maisuak, Pas de Basque.
18 urte zituela sartu zen dantzen munduan eta 1988an eman zion bide euskal folklorea aztertzen egindako lanari. Hango eta hemengo dantzariak bildu eta Zortziko ikuskizuna Confolence jaialdi handira eraman zuen Urbeltzek. Arrakasta haren ondotik etorri ziren Alakiketan (1991) eta Kondharian (1997). Azken horrek nolabaiteko berritasuna ekarri zuen, dantzaren eta musikaren uztardurara ipuinen mundu magikoa ekarri baitzuen. Hurrengo erronkak, inondik ere, handia izan behar zuen. 2002ko irailean eman zuen argitara Pas de Basque, Miarritzeko Gare du Midi antzoki dotorean. 60tik gora lagunek hartu zuten parte Barroko usaina zuen ikuskizunean.

Zein da zure ustez dantzen esanahia, zertarako balio dute?
Gure herriak garai gogorrak bizi ditu. Garai honetan bizitzeko gogoa mantentzeko funtsezkoa da handik eta hemendik gure kultura eta gure nortasuna osatzen duten ezaugarriak piztea. Hori aitzakia hartuta, dantzak ere gure kulturaren oinarri direlako, nortasun sentimendu hori bultzatu nahi dugu. Norberak bere nortasunean bizitzeko gogoa izatea da funtsa, horregatik hautatu ditut euskal dantzak eta ez kanpokoak. Azken batean dantzak gure kulturaren eta nortasunaren parte dira.

Zein da dantzen arrakastarako bidea?
Dantzak arbasoentzat baliagarriak zirelako mantendu dira. Egin ditugun ikuskizun guztiek iraun egiten dute, denborari erreparatu gabe baina modari ihes egin gabe, unean uneko eskariei erantzuteko gai direlako. Azken batean, asmakerian erori gabe, antzina zen bezala jaso dugu guztia. Horregatik, ikuskizuna hemendik 50 bat urtera berdin-berdin taularatuko da. Pas de Basque iraunkorra da denboran eta unibertsala espazioan, Kursaal jauregian bezala sagardotegi batean ere egin baitaiteke. Beste gako bat bizitasuna da, eleberrigile eta artista guztien lanetan bezala. Pas de Basque bizirik dago zentzu guztietan. Horiek dira Pas de Basque erakargarri egiten duten gauzak.

Askotan aipatu duzu euskal konpainia ofizialaren beharra.
Herriko kultura eta dantzak balio izan dutelako mantendu dira, entretenigarriak izan direlako. Gaur egun, dantzek gaizki eginak daudelako aspertzen gaituzte. Horren haritik, askotan aipatu dugu konpainia ofizialaren kontua. Era asko daude hori egiteko, eta nik hau proposatuko nuke: gobernuak erakunde aitorpena eman beharko lioke sustatzen duen ikuskizunari, kalitatezkoa baldin bada. Ikuskizun horren bidea amaitzen denean, taldeak konpainia ofizial izateari utziko lioke eta hurrengo ikuskizunak kultura kontseiluaren aitorpena jaso beharko luke berriro dantza taldeari konpainia izaera aitortzeko. Lehiaketa bat izango balitz moduan. Horrela eratu beharko litzateke konpainia ofiziala. Horrek gure herriaren tradizioa aztertu eta behar bezala berreraikitzen lagunduko liguke.

Agenda
2002an argitara atera zenetik, makina bat aldiz izan da Euskal Herrian, Hegoaldean nahiz Iparraldean, Pas de Basque ikusteko aukera. Hona epe motzean izango diren ekitaldien berri:
Apirilak 24: Basauri (Bizkaia)
Maiatzak 22: Eibar (Gipuzkoa)
Uztailak 3: Aretxabaleta (Gipuzkoa)


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude