Joseba Alvarez: «Zapaterok distentsiorako baino konponketarako jokalekua prestatu beharko luke»

  • Eusko Legebiltzarreko parlamentaria da Sozialista Abertzaleak (SA) taldearen izenean. Donostiako Udaletxean hamaika urte eman zituen zinegotzi gisa. Bertako Alde Zaharrean bildu gara Joseba Alvarezekin. Bere ustez, Espainiako Gobernua PSOEren esku izatea eta Ibarretxe Plana baino gehiago beharko du Euskal Herriak, gatazka egoeratik aterako bada.

2004ko apirilaren 11n
Jose Luis Alvarez Enparantza »Josebaren aita, ezker abertzaleko kide historikoa eta Aralarreko kidea» izan dugu hizpide hasieran. Aita eta semea gaur egun alderdi ezberdinetan aritzeari buruz mintzatu gara: «Guretzat bi alderditan ibiltzea gauza berria da. Hala ere, nahiz bera Aralarren egon eta ni Batasunan, biok Euskal Herriko ezkerraren esparru horretan gaude. Aita ez dago Batasunan, baina praktikan Batasunetik hurbil sentitzen dut».
Batasuna legez kanpo geratu ondoren, Eusko Legebiltzarra SA taldearen azken gotorlekua bihurtu dela esan ohi da. Azken hauteskundeen ostean egoera hori aldatu ote daitekeen aipatu diogu Joseba Alvarezi: «Kontrakoa frogatzen ez den artean egoera ez da aldatu. Alderdi Politikoen Legea lekuko. Lege hau PPk eta PSOEk bultzatu zuten. PSOEk lege hori aldatzeko aukerak dauzka orain. Lege horren alde zeuden indar koerlazioak mantentzen ote diren ikusi beharko da. Lege horrek bere horretan irauten duen bitartean Batasunak ez dauka hauteskundeetan aurkezteko aukerarik. PSOEk egingo duenaren zain gaude, nolabait».

Espainiako Gobernuaren jarrera aldatuko da? Nola ikusten duzu PSOE?
PSOEk ustekabez eta ia nahigabe eskuratu du boterea. Ez zituen espero lortu dituen emaitzak, ezta PP gaindituko zuenik ere. Ibilbide luzeko alderdia da: Espainiako Monarkia nazioarte mailan legitimatu zuena, Estatua NATOn sartu zuena, GAL sortu zuen alderdia... Funtsean, ez zuen Espainiako Estatuan haustura bideratu trantsizio garaian.
Zapateroren PSOE eta Felipe Gonzalezen PSOE berdina izango ote den? Ez dut uste. Nazioarteko, Estatuko nahiz Euskal Herriko egoerak aldatu dira. PSOEk alda dezakeena ikusteko dago, ordea. Artean, PSOEk badaki EAJ prest egon daitekeela Estatuaren erreforma bideratzeko. Estatuko nazio-arazoei nolabaiteko irtenbide bat bilatzeko. Haatik, egun ez dio balio garai bateko "denontzako kafe" delakoak. Kataluniak, Euskal Herriak eta Galiziak beren identitatearen ezagutza eskatzen ari dira indartsu. Beraz, PSOEk identitate horien ezagutza onartu eta estatuaren lurraldeari buruzko eredu finko bat gauzatzea erabaki behar du. Bestela, beti bezala, eta Euskal Herriaren kasuan bereziki, gatazkak konpondu gabe segituko du.

Gemma Zabaletak Zapatero distentsiorako jokalekua prestatzen ari dela esan du ARGIAn. Zer diozu jarrera horretaz?
Hori da Gemma Zabaletak edota Odon Elorzak nahi dutena. PSE-EEko sektore horretako kideek, alegia. Beren azken kongresuan Nicolas Redondo Terreros alderdi tik kanpo geratu zen eta Patxi Lopez hautatu zuten idazkari nagusi. Patxi Lopezek alderdiaren norabide politikoa berritzeko asmoa iragarri zuen. Bi urteren ondoren, ordea, Patxi Lopezek ez ditu inondik inora ere bide berriak urratu. Tira, ez ditu Ermuko Foroaren edo Aski da! taldearen lemak bere egiten, baina ez dago Pasqual Maragal, Gemma Zabaleta edo Odon Elorzaren bidean. Azken bi hauek nortasun mediatiko indartsua dute, koiunturaren arabera hedabideetan presentzia handia dute, baina PSE-EEren barne funtzionamenduan ez dute pisurik. Gemma Zabaletaren sektoreak alderdiaren %5-10 inguru ordezkatzen du. Guk nahiago genuke Zapatero distentsiorako jokalekua baino konponketarako jokalekua prestatzen ariko balitz.

Bestalde, Ramon Jauregik esan du euskaldunok hartuko dugun erabakia Estatuak errespetatuko duela.
Euskaldunok Espainiako Estatuko bi erkidegotan gaude. Nafarroako edo EAEko euskaldunez ari da Jauregi? Zer da errespetatuko duena, iritzia ematea? Hasteko, edozein erreferendum egitea legez debekatuta dago.

Politikarien ahoetan esperantza edo ausardia hitzak entzuten dira. Erretorikako hitzak bezala ulertu behar dira?
Neurri batean bai. Espainiako Estatuan Gobernuaren aldaketa eman da, eta horrek nazioarte mailan nola estatuaren baitan nolabaiteko ondorioak izango ditu. Baina, hasteko, ekaineko Europako hauteskundeak termometro bat izango dira ausardia neurtzeko. PSOEk jakin nahiko du oraingo emaitzak finkatzen dituen edo ez, baita PPk zer-nolako bilakaera izango duen ere. Beraz, hauteskunde horiek pasa bitartean, hemen ez da deus funtsezkorik argituko.

Hitzak hitz, hauteskundeei begirako politikagintzak segituko du orduan.
Nagusiki bai. Ekainera arte joera batzuk argitzen ez badira behintzat, ezer gutxi aldatuko da. Jakina, Espainiako Gobernua PPtik PSOEra pasatzea lorpen bezala ikusi da. Herri honek aldaketa nahi eta behar du, baina zuhurtzia handiz ikusten du aldaketarako aukera hori. Horrek esperantza sortu du. Baina PSOE lehen ere Gobernuan egon zen. Lizarra-Garaziko Akordioarekin izan zuen jarrera ezagutu du herri honek. Klase politikoaren aldetik esperantzazko hitzak zabaldu dira, baina herritarrak askoz zuhurragoak dira klase politikoa baino.

Ibarretxe Plana abian da garai honetan.
Baina Ibarretxe Planak Ibarretxe berarentzat soilik balio du. Ez du sozialistentzat balio, ez du guretzat balio, ez Ezker Batuarentzat. EBk ez du atzera botatzen Jaurlaritzan dagoelako. Eta ez du balio, EAJren proiektu politikoa delako. Legitimoa? Bai. Baina, ez da guztiok elkartzen gaituen oinarrizko plana. EAJren plana da.

PSOE eta EAJren arteko harreman aro bat zabaldu daitekeela aipatu da. Nola ikusten duzu aukera hori?
Ibarretxeren planak emango duena ikusteko dago, baina honezkero Josu Jon Imaz atzera egiten ari da. PSOEren bidea onartzeko prest agertu da, PSOErekin paktatzeko, alegia. EAJ Ibarretxeren planaren desegite mailakatua ordenatzen ari da. Lehenik, desegin, gero PSOErekin elkarrizketa gauzatu nahiko du, eta ondoren harreman instituzionalak adostu. Hori da guk etorkizun hurbilean Ibarretxeren planari ikusten diogun joera.

Zuek zer proposatzen duzue beste egoera batera iristeko?
Guk edozein plana eztabaidatu baino lehen, elkar gaitzakeen oinarrizko puntu bat bilatu nahi dugu. Herritarrek Euskal Herriaren geroa hitzartzeko moduko oinarria, herritarren hitza errespetatuko duen egoera batera eraman gaitzakeena; bake jokaleku batean beti ere. Puntu horiek Ibarretxe Planean ere azaltzen dira. Guk emendakin orokorrak aurkeztean, konponbideak bilatzeko unea dela eta puntu horiek denon artean partekatu behar ditugula esan dugu. Ibarretxe Plana legitimoa da, baina ez dago gehiengoaren artean partekatua.

Zein da denon arteko oinarrizko puntua?
Bada, bai PP, UPN, PSOE, EAJ, EA, EB, eta bai ezker abertzaleak bake eszenatoki batean libreki erabakiko dutena onartzea eta guztiok errespetatzea. Oinarri demokratikoak finkatzea eta erabakitzeko eskubidea errespetatzea.

Patxi Zabaletak begi onez ikusiko luke EAJren eta PSOEren arteko adostasuna.
Herri honetan adostasun hori eman zen. EAJ eta PSOE kohabitazio gobernuan aritu zirenean. Baina PPren garaia iritsi zen eta bide hura bertan behera geratu zen. Guretzat kontua ez da PSOE eta EAJ akordio instituzionaletara iristea. Hori EAJ eta PSOErentzat onuragarri izan daiteke, baina hori konponketa osoa eman beharrean adabaki edo partxe bat jartzea da, irtenbidea atzeratzea. EAJk lortuko duena baliagarria izango ote den? Bai. Bere interesak babestu eta bermatzeko: Estatutua, Europan leku gehiago, Estatuaren nolabaiteko lurralde erreforma Senatuaren bidez... Baina horrek ez du gatazka konponduko.

Aralarrek Euskal Herriari Bai proposamena aurkeztu du Europako hauteskundeei begira. Nola hartu duzue berau?
Ezer baino lehen, Bergarako Proposamenak aurrera egin ez arren, guk proposamena berresten dugula gogoratu nahi dugu. Bergarako Proposamena egin genuenean inork ez zuen aintzakotzat hartu. Aralarrek ere uko egin zion. Proposamenak aurrera egin izan balu, egun Zapaterori aurkeztuko litzaioke. Aralarrek antzeko proposamen bat egin du Europako hauteskundeei begira. Baina berandu dator. Tamalgarria eta alferrikakoa da. EA eta EAJ honezkero beren alde doaz hauteskundeetara. Hala ere, Aralar tesi horretan kokatzen bada, ongi etorri. Jarrera hori baliagarria izan daiteke autodeterminazioaren aldeko lanetan eta ezkerreko esparrua lantzen segitzeko.

Martxoaren 11ko gertakariek eta ondorioek eragina izan dezakete ETAren eta ezker abertzalearen bilakabidean?
Martxoaren 11ko gertakariek ezker abertzalearen edota ETAren eboluzioan nola eragingo duten erreparatzea nork bere zilborrari begiratzea da. Ondorioek hauxe utzi dute agerian: munduan arazoak elkarrizketaren eta akordioaren bidez konpondu behar dira. Munduko arazoak konpontzeko dauden ereduek ez dute balio. Horra lehen ondorioa. Euskal Herrira ekarriz gero, begi-bistakoa da euskal gizarteak gatazkaren irtenbide elkarrizketatu bat nahi duela. Madrilgo gertakariak hori azpimarratu du. Orduan, presioa ez da bakarrik ezker abertzalearen edo ETAren gainekoa, klase politiko guztiaren gainekoa baizik. Gizarteak denok presionatzen gaitu. Guk martxoaren 14an Zapaterori dei publikoa egin genion. Artean, ETAren su-etena eman dadin lanean ari gara. Baina su-etena ez da aldarrikatu behar, landu baizik. ETA ere zabalik agertu da. Hor dago, bestalde, Nazio Eztabaidagunea. Landu dezagun gune hori. Ezin duguna da elkarri begira egon, lanik egin gabe.


Azkenik, nola ikusten duzu Nazio Eztabaidagunea?
Nazio Eztabaidagunean ziur aski abertzale denok elkartuko gara, EAJkoak ezik. Aberri Egunean (Barañainen) Eztabaidagunearen emaitzak plazaratuko dira. Proposamen bikoitza espero da. Oso une garrantzitsuan heldu da. Gune horretan alderdiek eta sindikatuek ez dute parte-hartze zuzena izan, norbanakoek ordezkatua da. Gunean inork ez ditu bere ikuspuntu guztiak islatuak ikusiko, denek amore eman bide dute zenbait puntutan, baina oinarrizko puntu bat aterako da. Emaitza balore positibo partekatua izango da. Guk sinesten dugu Eztabaidagunearen bitartez zabaltzen ari den bidean.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude