Hiromi Yoshida, hizkuntzalari japoniarra: «Japonierak eta euskarak antza badute, baina loturarik ez»

  • Euskaldundutako japoniar baten aditzera izan genuen eta gure hizkuntzak bizi duen egoeraren kariaz, haren bila jo dugu. Munduko txokorik ia urrunenean gure herriaren eta kulturaren berri dutela jakiteak kilikatuta egin dugu bidaia. Emaitza harrigarria izan da, esperientzia ahaztezina: Euskaldun bat eta japoniar bat, bitartekaririk gabe, euskara jatorrean hitz egiten.Ez dakigu bere adinaren berri, izan ere, Japonian ez omen da txukuna adinaz galde egitea. Are gutxiago, emakumezkoei. Nolanahi den, Hiromi emakume gaztea da, kanpotik eta barrutik. Haren hitz egiteko erak, irribarreak eta begiradak gizaki xume bezain apala salatzen dute.

2021eko uztailaren 19an
Azpeitian egin dugu hitzordua. Hiromik urteak daramatza Urola aldeko herri honetara etorriz. Aspaldi ikasi zuen gure hizkuntzan mintzatzen eta orain euskararen inguruko ikerketak egiten ari da. Horrez gain, Japonian, Tokioko unibertsitatean, euskara irakasle ere aritzen da. Euskararenganako zaletasuna nola piztu zitzaion jakin nahi izan dugu, baita esku artean dituen proiektuen berri ere.

Suzuko Tamura japoniarraren izena nahikoa ezaguna da Euskal Herrian, euskara ikasteaz gain, euskararen inguruan lanean ere aritua baita. Euskaltzaindiak ohorezko urgazle ere izendatu zuen. Suzukok Tokion emandako euskarazko eskoletan hasi zinen zu ere euskara ikasten. Zure esperientziak non du abiapuntua?
Betidanik gustatu izan zait hizkuntzak ikastea eta kasualitatez aukeratu nuen euskara. Liburu batzuetan gramatika pixka bat ikusia nuen lehenago ere. Baina "hau ezin dut nik bakarrik ikasi", pentsatu nuen. Suzuko Tamurak euskaraz hitz egiten zekien eta hark eskola batzuk antolatu zituen Tokioko unibertsitatean. Nik eskola haietan eman nuen izena. Bost pertsona hasi ginen, lau mutil eta ni. Eskola oso ondo zegoen antolatuta, Suzuko oso trebea baita horretan. Dena ematen zuen euskaraz, azalpenak, eta abar. Egia esan, dena gustatzen zitzaidan, ikasgaia, irakaslea, eskola bera emateko modua, lagunak... Hori fakultateko azken urtean izan zen. Ondoren, ikasketak amaitu eta lanean hasi behar nuen, baina nik euskaraz ikasten eta euskara lantzen jarraitu nahi nuen.

Euskal hizkuntzan lerratu nahi zenuela erabaki ondoren zein bide jorratu zenuen?
Ikasketak bukatu ostean, hiru urtez lanean jardun nuen. Hala ere, Euskal Herrira etorri nahi nuen, euskara hobeto ikasteko. Lana utzi eta Lazkaora etorri nintzen, orain dela hamar bat urte. Lazkaon hamar hilabete egin nituen eta Maizpide barnetegian aritu nintzen euskara ikasten. Oso ondo pasatu nuen. Japoniara joan eta sei hilabeteren buruan berriz etorri nintzen. Urtarriletik ekainera bitarte egon nintzen hemen, hau da, sei hilabetez. Ondoren, Merkataritza Ganberatik japoniera eskolak emateko aukera eskaini zidaten. Sei hilabeteko lana zen, ikastaro trinko baten moduan. Horrela bada, 91ko urtarriletik ekaina bukaerara arte japoniera eskolak eman nituen Donostian. Proiektu bateko partaide ziren bost ikasle nituen eta diruz lagunduta ari ziren. Donostiak harremana du Japoniako hiri batekin eta zenbait lagun aukeratu zituzten, japoniera ikasi eta ondoren Japoniara bidaltzeko, bederatzi hilabeterako. Beraz, garai hartan, japoniera irakasten eta euskara ikasten aritu nintzen hemen. Donostian egiten nuen lan, baina Oiartzunen bizi nintzen. Nik euskara herri euskaldun batean ikasi nahi nuen eta ez nuen uste Donostia horretarako herri egokia zenik. Ekainean, ikastaroa amaitu eta Ingalaterrara joan nintzen senarra han zegoelako. Ingalaterran egindako egonaldian ere maiz etorri nintzen Euskal Herrira, Iparraldean ere egon nintzen, bertako familia baten etxean euskara ikasten. Hurrengo urtean elkarrekin bueltatu ginen Japoniara.

Master bat eta doktoregoa ere egin dituzu. Euskararen gainekoak biak. Zeri buruzkoak izan dira zehazki eta zergatik aukeratu dituzu gai horiek?
Japoniako unibertsitatean egin nituen masterra eta doktoregoa. Lehenengo, Tokioko unibertsitatean hizkuntzalaritzako departamentuan sartu nintzen eta ondoren Azpeitiko euskarari buruzko lanari ekin nion, Azpeitiko aditz trinkoari buruzkoari, zehazki esateko. Hori ere kasualitate hutsa izan zen. Euskararen gaineko lan bat egin behar nuen, baina euskalki bat hartu nahi nuen oinarri, ez euskara batua. Masterreko ikastaroa egiten ari nintzela, lana modu egokian egiteko onena Euskal Herrira etorri eta hemengo herri batean egitea zela pentsatu nuen. Baina orduan ez nuen dirurik, beraz, Tokion bertan bilatu behar izan nuen lanean lagunduko ninduen euskaldun bat. Maite Garaizabal ezagutu nuen, moja zestoarra. Astean behin edo elkartzen ginen, galdera asko egiten nizkion eta horrela hasi ginen nire lana prestatzen. Doktorego tesia prestatu nuen ondoren, aditz laguntzaileari buruz, orokorrean. Niretzat aditzak oso interesgarriak dira, hizkuntza guztietan. Ez dakizkit hizkuntza asko, baina ezagutzen ditudanak kontuan hartuta, hizkuntza guztietan interesgarriena aditza dela esango nuke.

Euskararen eta japonieraren artean inolako antzekotasunik, loturarik, antzeman al duzu?
Antza bai, baina loturarik ez. Bi hizkuntzek ordena bertsua dute: «Ni Hiromi naiz» esateko, ondoko ordena dute biek: Subjektua, objektua eta aditza. Aditza amaieran izatean, horretan datza antzekotasun nagusia. Esaldiko elementuen ordena bietan alda daiteke, noski, baina aipaturiko hori da ordena naturala, neutroa. Bestela, ez dut uste antzekoak direnik. Oso diferenteak dira, ez dira, beraz, sustrai berekoak. Gainerakoan, lotura bakarra bi hizkuntzei sustrai edo jatorririk aitortu ez izana da.

Zergatik du horrelako erakargarritasuna euskarak Japonian?
Euskara ikasten duten batzuk hizkuntzazaleak dira, eta hizkuntza oro ikasten dute; gaztelania, frantsesa, eta abar. Beste batzuek frantsesa edo gaztelania ikasi ondoren euskararen berri jaso eta euskara ikasten dute. Linguistika orokorra ikasten duten gehienei interesatzen zaie euskara nire ustez, oso ezberdina baita munduko gainerako hizkuntzekin alderatuta. Finlandiera, Estoniako hizkuntza eta abar antzekoak dira. Afrikan ere bantu izeneko hizkuntzak asko dira, baina denak dira multzo berekoak, antzekoak. Euskara eta japoniera bakarrak dira. Koreako hizkuntzak antza du japonierarekin, baina ez dira sustrai berekoak. Hori da erakargarritasun nagusia. Suzuko bera ere hizkuntzalaria da, Japonian desagertzeko arriskuan dagoen ainu hizkuntzan da aditua. Eskimalen hizkuntza ere ikasi eta aztertu zuen gero. Eskimalen hizkuntzak ergatibo sistema du, euskarak bezala. Antzekotasunek, euskararen berezitasunak eta hizkuntza gutxituetan duen interesak eraman dute nire ustez Suzuko ere euskara lantzera.

Orain zertan ari zara? Euskara lantzeko hasitako bidean, zein fasetan zaude? Euskara irakasle ari omen zara.
Orain erdi oporretan nago, baina ikerketzen jarraitzen dut. Eskolak ematen ditut hizkuntzalaritza orokorraren arloan, Tokioko bi fakultatetan. Euskara irakasle ere aritzen naiz, otsailean akademia batean hasi nintzen eta apirilean fakultate batean hasiko naiz. Akademia hori ez da ikasleentzako bakarrik, nahi duen ororentzat da. Hainbat ikastaro dago eta norberak nahi duena hautatzen du: hizkuntzak, musika, pintura, literatura... kultura akademia bat da. Euskara ikasteko eskolak antolatu zituzten eta inor hasiko zenik uste ez banuen ere, 15 lagunek eman zuten izena. Harrituta geratu nintzen. Bestalde, Japoniako argitaletxe batek aginduta, japonieraz metodo bat idatzi behar dut, hangoek euskara ikasteko. Ahozkoari garrantzia emango diot, baina baita gramatikari ere. Gramatika oso garrantzitsua da. Kapitulu asko izango dira, elkarrizketa moduan antolatuak. Elkarrizketak eta sekuentzia errealak jaso nahi ditut eta ondoren ohar gramatikalak eman. Grabazioak ere egin nahi ditut.

Horrez gain, hiztegi bat prestatzen ari zara.
Hiztegi bat egiteko lana ere eskaini didate, bai. Ez dakit zenbat urte beharko ditudan prestatzeko baina saiatuko naiz. Ez dut hiztegi arrunt bat egin nahi, hau da, japonierako hitzak eta aldamenean euskal hitz ordainak jasotzen dituena. Nik testuingurua jaso nahi dut, hau da, egoera errealetan hitz bat eta beste nola erabiltzen diren. Adibideak eman nahi ditut, aditzen erregimenaz, esaldien antolamenduaz, eta abar. Hori oso garrantzitsua da hizkuntza bat ikasteko. 200.000 edo 150.000 lema inguru jaso nahi ditut.

Hori gutxi ez eta, azterketa soziolinguistikoak ere egiten dituzu.
Euskararen erabilera nolakoa den aztertu nahi dut, zeintzuk erabiltzen duten eta erabiltzaile horien ezaugarriak zein diren; adina, gurasoak, ama-hizkuntza, eta abar. Hikari buruz ez dut ezer egin, baina interes handia dut gai horrekiko. Orain gutxiago erabiltzen dela uste dut, baina Azpeitian esaterako, dezente entzun daiteke. Errenteriako lagun baten aitak mutilekin hika egiten du, baina neskekin ez. Neskentzako formak galdetzen badizkiot ez dakizkiela erantzuten dit. Galera gertatu da arlo horretan eta soziolinguistikoki azterketa bat egiteko interesgarria da, noiz eta zeinekin erabiltzen den...

Nola ikusten duzu euskararen egoera? Hainbatek galdu egingo dela uste du.
Gerta liteke galtzea, baina urte askoren buruan izango da. Oraingoz, ez. Azpeitia adibidez oso herri berezia da euskarari dagokionez, hemen egonik ez dirudi euskara galduko denik. Errenterian eta beste hainbat herritan egoera bestelakoa da. Hemen, Azpeitian, euskaraz dakitenek euskaraz hitz egiten dute, besteetan ez, eta nire ustez hori da arazorik, larriena. Euskaraz ez dakitenek euskara ikastea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuago da dakitenek hitz egitea. Dakitenek hitz egiten ez badute, ez dakitenek ez dute euskara ikasteko motiborik.
Hiromik biziki maite du euskara eta hemengo berri zabaltzen ari da bere herrian. Azpeitiko elkarte batean izan gara, paperak eta kaseteak alboratu eta mahai baten inguruan eseri gara, Hiromi, Azpeitiko bere lagun mordoska eta ni. Lagun artean, afari gozoa prestatu diote azpeitiarrek, Hiromiri gustatzen zaion legez.

Biografia laburra
Izena: Hiromi Yoshida.

Jatorria: Japonia, Tokio.

Lanbidea: Hizkuntzalaria.

Espezialitatea: Euskal hizkuntza.

Ikerketa lanak: Masterra: Azpeitiko euskara eta Azpeitiko euskararen Aditz Trinkoa. Doktorego tesia: Euskal hizkuntzaren Aditz Laguntzailea.
«Euskaldunak oso harrera onekoak dira»
Hiromirekin, hitz eta pitz aritu gara eta euskarak ez ezik, Euskal Herriko hamaika kontuk erakartzen duela aitortu digu. Besteak beste, jendearen izaerak eta gure herriko kulturak. Elkarrizketari doinu alai eta aldi berean bihurria eman dio euskaldundutako japoniar honek.

Zaila izan al da euskara ikastea?



Hizkuntza guztiak dira zailak ikasteko. Baina euskara hasieratik oso arraroa egin zitzaidan. Japonierarekin alderatuta hizkuntza denak dira diferenteak, japonierak ere ez baitu sustrai ezagunik. Ingelesa, gaztelania eta aleman pixka bat dakizkit, baina horiek antzekoak dira, hizkuntza indoeuroparrak. Euskararen intonazio eta doinura ohitzea nahikoa kostatu zitzaidan.

Hasieran sentitu al zenuen ezingo zenuela euskaraz nahi zenuena adierazi?



Noski. Gainera, arazo larria nuen, alegia, ez neukala kaseterik. Ezin nuen euskararen benetako doinua aditu eta hori benetako arazoa izan zen, intonazioa eta abar asmatzea.

Euskara dela-eta, Euskal Herrian edo Japonian, makina bat kontu bizi izango zenuen urte hauetan guztietan. Anekdotak ere izango dira tartean...



Tokion, nire eskoletara etortzen diren lau neska, Real zale amorratuak dira. Lehengo azaroan Donostiara etorri ziren, Anoetan partida bat ikusteko eta zerbait ikasita itzuli zirela esan zidaten; "eskerrik asko", "kaixo" eta antzekoak. Orduan, haien jarrera bat-batean aldatu eta Anoetara joateko euskara ikasi behar zutela esan zidaten. Oso ikasle onak dira eta oso motibatuta daude.

Euskal Herrian, euskaraz gaindi, zer duzu gustuko?



Hemengo kultura asko gustatzen zait, abestiak eta pilota, esaterako. Bertsoak ere oso gustuko ditut, baina zaila da horiek ulertzea, hemengo kontuak gai moduan hartzen dituztenean batez ere. Horrez guztiaz gain, lagunekin eta familiakoekin elkartzeko ohitura hau ere ikaragarri gustatzen zait. Lagunekin egoteko oso modu ona da elkarteetan biltzea. Nire aitonak ere etxe bat egin zuen lagunekin Tokion, mendian. Hemengo elkarteen antzera, baina beraien kontua zen, ez da Japoniako kulturan ohikoa. Lehen aldiz etorri nintzenean txikiteoak harritu ninduen gehien. Han ere edan eta jaten dugu, baina hemengoa oso bestelakoa da. Hamar bat minutu taberna batean egin eta arrapaladan joaten zarete beste batera. Japonian ez gara korrika eta presaka ibiltzen. Jaietan ere egon izan naiz, baina arazo bat badute jaiek, zikinkeria sortzen dela.

Euskaldunei buruz zer iritzi duzu?



Hemengo jendea, euskaldunak, oso harrera onekoak dira. Beti daude laguntzeko prest. Zerbait egin nahi izan dudanean jendeak beti lagundu izan dit. Duela gutxi Azpeitiko hiru eskoletan ibili nintzen, azterketa soziolinguistiko bat egiteko. Plangintza didaktiko baten antzekoa da, euskararen erabilerari buruzkoa. Inkesta bat egin nahi nuen jende gaztearekin, hemengo etorkinen seme-alabek nola ikasten duten jasotzeko, eta abar. Harrigarria izan zen. Lehenengo zer nahi nuen azaldu nien, ondo iruditzen zitzaien jakiteko. Ongi iruditzen bazitzaien beste egun batean joatea zen nire asmoa, baina haiek une hartan bertan egiteko esan zidaten eta paperen kopiak ere eurek atera zituzten. Galdera asko egin nizkien: euren ama-hizkuntza zein den, lehen hizkuntza gaztelania bada noiz hasi ziren euskara ikasten, gurasoak nongoak diren... Nire lagun batek antzeko inkesta bat egin zuen, Berlinen bizi diren turkiarrekin. Beste batek Japonian bizi diren brasildar batzuekin egin zuen. Inkesta hori bi hizkuntza dituzten komunitateetan egiten ari gara hainbat hizkuntzalari, gero denon artean emaitzak bildu eta txosten bat prestatzeko. Hizkuntzen erabilera aztertzea da horren guztiaren asmoa.

Azkenak
Elikagaiak jasotzeko “diru-txartelak”, familia zaurgarrienentzat Nafarroan

Europako Funts Sozialen ataletik Elikagaien Bankuetara bideratzen zuten urtero dirua eurek bidera zezaten janaria behar gehien duten herritarren artean. Aldaketa iritsi da kudeaketara orain: adin txikikoak dituzten familiei diru-txartelak emanen dizkiete produktuak erosteko. 130... [+]


2024-10-15 | Sustatu
Jabetze Eskola Gasteizen, feminismoaren adibideen ildotik, euskalgintzarako

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) eta UEUk elkarlanean Euskaldunentzako Jabetze Eskola martxan jarriko dute, euskaldunok ahaldundu, eta ondorioz, jendartea eraldatzeko asmoz. Aurkezpen hitzaldia urriaren 30ean egingo du Garikoitz Goikoetxeak. "Hizkuntzaren... [+]


2024-10-15 | Julen Orbea | Zuzeu
Bizitza oroit dezagun

1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.


Urruña eta Segurako udalek ofizialdu egin dituzte herritarrek sortutako zubiak

Herritarrengandik sortu eta hiru hamarkadaz eraikitako harremanaren ondotik, Hego Lapurdi eta Goierriko bi herri hauen arteko senidetze edo birazkatze ofiziala egin dute igandean Urruñako plazan. 30 urteko mugarri, egun «historikotzat» jo dute Filipe Aramendi... [+]


Mecaner Herriarentzat
“Fabrikaren erosketa publikoa behar dugu”

Stellantis multinazionalak Mecaner lantokia itxi eta 148 behargin kalean utzi ditu Urdulizen (Bizkaia); horren aurrean, "Mecaner Herriarentzat" alternatiba ekosoziala sortu dute hainbat eragilek. LAB sindikatuko Iraide Juaristik eta Jauzi Ekosozialeko Aitor Gallastegik... [+]


Galizieraren egoera larriaz ohartarazi dute, azken datuak ikusita

Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera Galiziako Estatistika Institutuak jakinarazitako azken datuetan. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez dakiela.


2024-10-14 | Julene Flamarique
Udalatx mendiko gurutzea eraitsi eta... idazki misteriotsu bat utzi dute

Arrasateko Udalak sare sozialetan jakinarazi duenez larunbat goizaldean kendu zuten ezezagunek gurutzea. Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan zegoen kokaturik, 1.120 metroko garaieran. 1971. urtean jarri zen eta 250 kiloko pisua eta 10 metroko luzera zituen. Oraingoz ez da gurutzea... [+]


Zer esan nahi dute ‘begiratu’, ‘ulertu’ eta ‘pertsona’ hitzek?

Ez da akaso harrotasun seinale nire aurrean dauden pertsonak pertsona izango ez balira bezala begiratzea? Bai, noski baietz. Baina nola espero dugu bestela besteak ulertzea? Ulertu, behatu, begiratu. Besteak ulertu nahi izateak, ez du jarrera harro hau eskatzen? Ni pertsona... [+]


Genozidioaren egunkariak

Urtebete igaro da, diotenez. Ez dut sekula ulertu mendebaldarrok daukagun ohitura harroputz hau: nahiz eta gatazkak ia mende bateko iraunaldia izan, datak nahierara moldatzen ditugu, garrantzia nolanahi oparituz. Azkeneko sasoia ezberdina izan al da beren lurraldean preso... [+]


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-14 | Leire Ibar
Gasteizko euskalgintzak egun osoko egitaraua antolatuko du urriaren 19an

“Gasteiz euskararen hiria” ekimena ospatuko dute urtarrilaren 19an Arabako hiriburuan. Euskaraz egingo diren ekintza ezberdinek osatuko dute hamabi orduko egitaraua. "Euskara protagonista izatea" da ekimenaren helburua.


2024-10-14 | iametza
Educamadrid eta MAX: burujabetza teknologikoa Madrilgo hezkuntza sisteman

EducaMadrid software librean oinarritutako hezkuntza plataforma 2002an jarri zen martxan Madrilgo Erkidegoan eta egun milioi bat erabiltzaile inguru ditu. Bertako kide Daniel Estebanek plataformaren aurkezpen praktikoa egingo du urriaren 17an Donostiako San Telmo museoan egingo... [+]


2024-10-14 | ARGIA
40 estatuk “gogor gaitzetsi” dute Israelek NBE-n kasko urdinei eraso egin izana

Azken egunetan gutxienez Nazio Batuen Erakundeko bost kasko urdin zauritu ditu Israelgo armadak, UNIFIL Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-Behinekoak duen egoitza nagusiaren kontrako erasoetan, Naqoura herrian. Netanyahuk esan du kasko urdinak “giza ezkutu” gisa... [+]


Eguneraketa berriak daude