Harrimenez eta espantuz oraindik argitzen du Orixek

  • Nikolas Ormaetxea Orixe (1888, Orexa - 1961, Añorga) gizon, pentsalari eta literatoaren jakingura genuen. Hartara, Paulo Iztueta irakaslearen hiru liburuen arrastoan jarri ginen: Orixe saiogilea, Orixe auzitan eta Orixe gaitzetsia. Paulo Iztuetarekin batera, Orixe zenaren Jose Mari Aranalde iloba bildu dugu solasera. Patziku Perurena idazlea ere mahaira gonbidatua zegoen. Elurrak galarazi zuen ordea. Bere iritzi artikulua paratu dugu ordainetan.

2004ko apirilaren 11n
Orexan Orixeren harrizko irudi bat dago »sarrerako argazkian ageri dena». Paulo Iztuetak honela dio bere lehen liburuaren hasieran: "Inoiz Orexara joaten bazara, gera zaitez bere aurrean eta, gure artean ohi den bezala, galde iezaiozu: Zer da berri Nikolas?". Guk Orixeri egin ezean, hura ondo ezagutu zuten bi lagun hauei galdetu diegu.

Aipa dezagun Orixe gizona. Nor zen Nikolas Ormaetxea zuetako bakoitzarentzat?
Paulo Iztueta: Orexako baserritar baten semea, hirukia. Bere bizitza garaiko egoeraren araberako baldintzetan burutu zuen. Hirukietako bat, bere arreba Aresora joan zen. Bera berriz Uitzira, bestea, Martin, etxean geratu zelarik. Egoera berezi batean bizitzea suertatu zitzaion, hiru erditze berean sortzeak marka uzten baitu. Hori da Orixeren ezaugarririk inportanteetako bat. Emana datorkiona hartzea, emana berari eta familiari.
Jose Mari Aranalde: Etxerik gabeko haur bat bezala hazia. Berak esaten zuen bezala:"bi ama eta amarik ez".

Non gelditu da Orixe herriaren aurrean, nola gogoratzen du herriak?
J. M. A.: Kaskailu, kontserbadore eta atzerakoi bezala dauka zenbait jendek. Hori baina Orixeri atxikitako estereotipo bat da. Orixeren obra ezagutu ez duenak horrelako estereotipoa egiten du Orixez. Orixe bere garaikideentzat, Orixe Omenaldia liburuan agertzen den bezala, beren maisua, lemazaina, buruzagia, beren argia da. Baina ondorengo belaunaldientzat ez da horrela. Belaunaldi horiek Orixe guztiz ezagutu gabe, batere ezagutu gabe, baztertu zuten.

Paulo, zuk Orixeren obra erruz landu duzu. Ezagutzen al da Orixeren obra?
P. I. : Obra edo sorkuntza bat aztertzerakoan, kasurako Orixeren obra aztertzeko, konbentzitu nintzen ezinbestekoa dela obra horren sortzailea oso hurbiletik ezagutzea. Eta horregatik, oso arreta handiz eta bihotz handiagoz idatzi dut bere bizitza. Orixe gaitzetsia izendatu dut liburuetako bat. Hitz hori hautatu dut, berak hautatu zuelako. Urratsez urrats, urtez urte, herriz herri, segitu diot Orixeri. Idazle gisa gure obligazioa pertsona oso hurbiletik ezagutzea baita, pertsonaren alde bakoitza, bere bizitza, bere testuingurua. Orixek horietan guztietan utzi baitzuen arrastoa. Uitzin egon zenean nola jesuitetan, hala mundu zibilean, baita erbestean eta hona etorri ondorenean. Orixe norbait izan da. Segur asko zenbait garaitan haren ilargiak argi gehiago egiten zuen besteenak baino.

Norbait hori sakondu amiñi bat gehiago, arren.
P. I. : Zalantzarik gabe, norbait zen, sortzailea izan zelako, zerbait adierazgarria sortzen jakin zuen, kontuan hartzeko modukoa. Orixek bere bizitza euskarari eman zion. Eta horrek berak sorkuntza egiteko giro berezi bat eman zion. Aranaldek aipatu du kaskailu hitza. Izango zen edo ez berdin zait, ez dakit, ez nuen aurrez aurre ezagutzeko aukerarik izan eta.

J.M.A.: Kaskailua esan dut, estereotipoa bezala.

P. I. : Burutu zuen obra egiteko izugarrizko bihotza izan behar zuela esango nuke. Luma bizia zuen eta, gainera, bazekien txinparta sortzen, eta horrek eraginda, piztu eta garatu zuen euskal kultura. Bere garaian indarrean zeuden euskal esparru gehienak landu zituen eta horien inguruan eztabaida bultzatu zuen. Eztabaida ondo emana denean, gauza asko argitu eta hobetzeko baliagarri izaten da, tarteka laino batzuk agertzen badira ere. Euskal kulturaren zeregin horretan Orixe norbait funtsezkoa izan da.

«Gaitzetsia» hitza berak hautatua dela esan duzu. Argitu ezazue alderdi hori, mesedez.
J. M. A.: Gaitzetsia. Zer da gaitzetsia izatea? Orixe Uitzin ez da marjinatua. Hangoa ez dela, hori da guztia. Ez du gaizki hitz egingo Uitzirengatik, eta gutxiago, Errekalde etxearengatik.

Zerk markatu zuen bere bizitza?
J. M. A.: Uitzik Orixe markatzen du. Euskaldunak poema Uitzi da. Orixeren obra guztia, jesuitetan hartzen duen formazioa eta informazioz aparte, Uitziri buruzko da. Uitzin hazi zuen amona Mariaxentxi baino handiagorik ez dago. Hark eramaten du Orixe mutikoa etxeko balkoira gurutze-bidea irakurri diezaion albotik, hura josten ari den bitartean, »eta han ikusten du haurrak amona extasian behin eta berriz (bost aldiz)» gurutz-bidea irakurtzen ari zaiola. Hori baino zerbait handiagorik eta ederragorik eta harrigarriagorik gertatu zaion norbait baden esadazue.

Jesuitetan hartu zuen formazioa aipatu duzu. Nola joan zen jesuitetara? Batzuek behartua joan ote zen esan dute.
J. M. A.: Jesuitetara bidea erakutsi zioten Uitzin ikasle eta mutil ona zelako. Baina bide horretara bultzatu zutenak maisu eta Otsanbelako etxekoak izan ziren...

P. I. : … Iriartetarrak. Nik ez dakit zuzen zergatik edo noren eraginez joan zen jesuitetara. Zernahi gisatara, ordurako mutiko hazia zen, bazituen 17 urte, ez dira 10 urte. Badirudi apaiz bat joan zela herrira bokazio bila eta, eskolan informazio on bat eman ziotela, ikasten oso abila zelako. Maisua Gomez izenekoa zen, Aresokoa. Otsanbelako Iriartetarrek ere aldeko iritzia emango zioten, "mutiko honek balio du" esanez. Beste gauza bat da bere burutazioz joan zen ala ez jakitea. Bestalde, badakigu bera bizi zen etxean, Errekalden, mojetako kapilaua bizi zela, eta pentsatzekoa da Orixek Xabierrerako bidea hartu aurretik jakingo zuela zerbait latinez.

J. M. A.: Lehen behartuta joan ote zen galdetu duzu. Ez zuten behartu. Beste inorako bidea erakutsi izan baliote, beste norabaitera joango zela esaten zuen berak.

Orixek bere burua gaitzetsitzat jotzea onartu ote zuen, esan da.
P. I. : Artzainak badaki zer den arkumea gaitzetsia izatea, hau da, bere amak baztertua uztea. Orduan, hori sinbolo bat bezala ulertu behar da. Berak bizi zuen "bi ama eta amarik ez" egoera nork jasango zuen? Mariaxentzi amatxirekin Orexara joaten zenean, bere sortetxera, Uitzira nahi izaten zuen ahalik eta azkarren itzuli. Horrela zioen berak bere lanetan. Zergatik? Uitzin hezia zelako, hangoak bihotzeko gurasotzat zeuzkalako. Zentzu horretan ulertu behar da "gaitzetsia" sentitzea. Quito’n arrebarekin liburuan halako egoera deseroso batean bizitzea zer den kontatzen du. Horrek marka psikologikoa utzi egiten dizu. Amarik ezak, egiazki, ondoez bat sortu zion. Nekez, askotan arrastaka, baina eramaten ikasi zuen, Getsemani poeman erakusten duen bezala.
Beste alde batetik, "gaitzetsia" sentitzeak bizi espiritualarekin badu zer ikusirik. jesuitetan nolabaiteko barne-borroka handia bizi izan zuen. Han nagusiengandik zetorkion eraso gogor bati aurre egin behar izan zion. Lagunditik kanporatu egin nahi baitzuten, bera bere bokazioari eusten indar guztiz ahaleginduko da, baina alferrik. Eutsi egin nahi eta ezin, borroka hori izan bide daiteke haren dramarik handienetako bat. Hor badago "gaitzetsia" izateko beste arrazoi bat, nire ustez, behar bezala gainditzen asmatu ez zuena. Ez orduan ez geroago ere. Nahiz gizon oso mistikoa izan. Erraza ere ez zen!

Ez zuten Jesuitetan onartu? Zergatik?
J. M. A.: Orixek niri esana da, infernura kondenatua zegoela amets egin izan zuela. Zergatik? Hark miresten zuen Jesusen Lagundiak, txartzat hartu zuelako eta apaizetarako ateak itxi zizkiotelako. Azken urteetan amets gaizto horiek joan zitzaizkiola esaten zuen.

P. I. : Gaitzetsia hitzari helduz, esan dezadan horrek esanahi oso indartsua dela, eta gauza asko adierazten dituela. Berak hiru pasartetan bederen aipatzen du hitz hori. Zerbaitengatik izango da. Gaitzetsia, gaur egun, baztertua, ez aintzat hartua izatea da. Ez bakarrik jesuitetan, euskalgintzaren inguruan ere Orixek bizi izan zuen baztertua edo aintzat ez hartua izanaren sentipena.

J. M. A.: Baina Jesuitetakoa guztizkoa da. Osasunik gabeko gizon hura, gotak kiskalia eta buruko minek puskatua, hainbeste urtez irakaskuntzan edukitzea, ez da berriketa.

Zer bekatu egin zuen, bada zigortua izateko?
P. I. : Horri buruzkoa berak idatzirik utzia du Saubion-go egonaldian. Nire erreferentziak iturri honetan oinarritzen dira. Patxi Altunak Loiolako artxibategia izan du iturri. Osagarriak direlakoan nago, nahiz bakoitzak bere irakurketa egiten duen. Altuna jesuitaren ustez, teologiako bigarren urte bukaeran apaizteko baimena eskatuz »Lagundiko nagusien ezjakinean, noski», Vatikanoko erlijiosoen kongregazio sakratura gutun bat idatzi izana izan zen Orixeren bekatu larria, hanka-sartze barkaezina. Hori eta zerbait sakonagoa ere bada hor tartean, eta da Orixe ez zela inoren esanekoa izateko sortua. Eta Lagundian, mundu laikoan ez bezala, hierarkia erlijiosoari zor zaion obedientziarekin egin zuen topo. Bere izaera nahiko bortitza zen »normala, bestalde», eta Lagundiko nagusiekin tupust egin zuen.
Edonola ere, bere purgatorioa Comillasen hasi zen. Modu bateko nahiz besteko jazarpenak jaso zituen han. Euskararen munduan hazia eta hezia izaki, Jesuiten munduan euskalduntasuna ez zegoen hain ondo ikusia, Comillasen bederen ez, bertako nagusi aita Bianchi hautatua izan ondotik. Orixeren "bizkaitarrismoa" zela eta, gero haren izaera zakarra eta ikasterako gaitasunik eza, txostenak ibili ziren eskutik eskura eta horrela zazpi urte pasa zituen, berak "beltzak" deitzen dituenak. Azkenean, ezinbestez eta behartuta, Lagundia 35 urterekin utziko du.

Euskal pentsalari gisa aintzat hartu al da? Edo literatotik gehiago dauka pentsalaritik baino Orixek?
J. M. A.: Pentsalari gisa bere obra erlijiosoa da, horretara mugatua.

P. I. : Orain arte ezagutua edo landua izan dena Orixe literatoa da. Zalantzarik gabe hala da. Aranaldek puntu hori irakurri eta baloratu beharko litzatekeela esan ohi du. Nola ez. Nik ez dut alderdi hori hainbeste aztertu Quito'n arrebarekin irakurriz ez bada. Beste batzuek, bai, aztertu dute, eta ageri da Orixek baduela bere maila, eta aitortzen zaiola. Alor horretan ere faseak egon dira. Bere garaikoek literatur alderdi hori ezagutu eta baloratu zuen. Ondorengoek zerbait ezagutu zuten, gure garaikoek ere bai; oraingoek, aldiz, gutxiago. Bestalde, 1960tik 70era bitartean baztertua izan zen, arazo ideologikoengatik, batez ere. Gaur egun, ez zait iruditzen Orixe literatoa behar beste ezagutzen denik, nahiz batzuk hasiak diren haren poesia batzuk ederresten. Aranaldek dioen bezala, Orixeren obra gehienbat erlijiosoa baita, baliteke horregatik izatea.

J. M. A.: Pentsalari obra erlijiosoa du. Literaturaz denetik badu.

P. I. : Oraindik ere bere obra deskubritzeko dago, ez espezifikoki bere obra literarioa, baizik eta obra kulturala. Obra orokorra eta akademikoa ere deituko nukeena. Obra handia da. Orain gutxi arte, bere obra guztiak bildu arte, nork zekien zenbat lan idatzia zuen? Hainbat aldizkaritan barreiatua gelditu baitzen. Horren lekuko dira haren idazlan guztiak. III. tomoa, 1.000 orrialdetatik gorakoa da. Hor biltzen dira hain ezagunak ez ziren artikuluak eta saioak.
Orixe bakarrik literatoa izan dela esatea ez da zuzena, askoz gehiago baita. Bere garaian literatur sortzailea, pentsalaria eta prosista izatea ez zen ohikoa. Orain ere ez. Gauza bat baita prosista izatea literaturan eta beste bat prosa akademikoa egitea. Orixe, artean, gai idorretan trebatu gabea zegoen hizkuntzarekin borrokan hasten da, bere harrobitik duen zaina ateratzen, beste hizkuntza jasoetan ereduak bilatzen. Norbaitek saio eta pultsu horri eutsi baldin badio, hori Orixe izan da. Nahikoa da begiratzea zer urrats eman zituen hizkuntzalaritzan, zenbat artikulu utzi dituen folklorearen inguruan, zer saio polita duen estetikaz. Orixe ez da bakarrik literatoa, saiogile prosista ere bada. Biak batera.

Klasizista eta kontserbadoretzat hartua da.
J. M. A.: Esaten dute, esaten dute. Orixe kontserbadorea dela esaten duenak ez du batere ezagutzen. Orixe ibili den bide guztiak, lehendik urratuta zeuden baina sakonago urratu ditu eta aurrerago eraman ditu. Esaidazu zeinek idatzi duen euskaraz Izan, Egon, Gertatu artikulua bezalakorik. Filosofia horretako hiru kontzeptu horien erabilpen zehatz, gustagarri eta etxeko hizkuntzazkoagorik zeinek egin duen. Inork ez! Zeinek egin du lehenengo literatur historia? Zeinek argitaratu ditu euskara batuko lehenengo obrak? Nahi duzun ñabardurak jarri horri. Zeinek kentzen ditu "j" guztiak Orixek Aitorkizunak obran bezala. Orain irratiko edozein esatarik egiten du hori. Zein da Hegoaldeko idazlerik "ukan" eta "izan" aditz laguntzaileak, Iparraldean bezala, hemen erabili dituenik? Orixe.

Hizkuntzari dagokionean, aurrerazalea.
J. M. A.: Ez dut esan aurrerazalea. Esan dut, ibili dituen bide guztiak lehen zeuden baino sakonagotik ibili dituela eta aurrerago eraman dituela. Nahi duzun gaietan.

P. I. : Jose Marirekin bat egiten dut. Orixe jesuiten eskolakoa izan da, zalantzarik gabe. Normalean jesuitek klasizismoa asko lantzen dute eta berak ere bai, normala den bezala. Berak ondo ezagutzen zituen erretorika eta autore klasikoak. Bestalde, bere estetika eta gustu pertsonalean ez zen "oso moderno zalea", garai hartan Europan modernismoa ezagutzen zen bezala kontuan hartuta. Baina hori aukera bat da. Euskal literaturaren munduan, beharbada, bera izan zen adituena, euskal literaturaren lehenengo historia berak egin zuen. Koldo Mitxelenak oso aiputan zuen lan hura. Segur asko, aranismoa bere garbizalekeriarekin bazterrak astintzen hasi zenean, kopeta erakusten lehenengoetakoa Orixe izan zen, Bilbon, 1920ko hamarkada bukaeran. Horren ondorioz, ostikada ederrak hartu zituen. Segur asko, euskara idatzian eta prosan bidea markatu zuena bera izan zen. Ildo sakona utzi zuen behintzat. Euskarari buruz, "haren" eta "bere" genitiboko markari buruzko bereizketan, bera izan zen erakusle. Eta are inportanteagoa dena, bere ideologiari dagokionez, mundu erlijiosoan hezia eta mistika barne-barnetik bizi izan zuena izaki, bere bizipen erlijiso horretan oinarrituta, hain indar handiko poesia mistikoa sortzen duen Orixek ez du parekorik sinesgarritasunean. Honetan, norbere bizipenari darion adierazpen estetikoan, alegia, Orixe ez da batere kontserbadorea.

J. M. A.: Dudarik gabe!

Euskaldunak poema hizpide, zuk, Aranalde, zer esango zenuke honen estetikaz?
J. M. A.: Euskaldunak poemak estetika herrikoi bat du, Euskal Herrian dagoen estetika. Dena bertsoz egina dago eta bertsolarien eskola du eredu. Baina jakina, estetika hori Orixek erabiltzen du, ez bertsolari batek. Azkeneko bertsoa oso adierazgarria da. Bertsolariak esan behar izaten du zein urtetan egin dituen bertsoak. Baita Orixek ere. Entzun: "Bertsolariak oitura baitu/esaten urtegarrena..." Bertsolariak badaki esaten urtea, baina ez "urtegarrena", herriaren estetikaren arabera. Orixek bai. Gero:"Kristo jaiorik emeretzireun/ogeita amalaugarrena..." Horra urtea. Esan du. Bertsolariak ere esaten du, baina ez du "emeretzireun" esaten herriaren estetikaren arabera. Orixek bai. Euskaldunak poeman dozenaka aldiz harritzen du irakurlea, eta ez esaten duenarekin bakarrik, moduarekin baizik. Harrigarria da obra. Irakurriago eta gehiago harritzen du.

Bukatu aldera har dezagun Orixe auzitan saioa hizpide. Orixe kritikari eta kritikatua. Bere buruarekin kritiko agertzeko ahalmena erakutsi zuen.
P. I. : Orixe auzitan azaltzen den testuingurua gerra aurrekoa eta ondokoa da, 1930etik aurrera. Gerra aurre horretan Eusko Pizkundearen gorakada handia ematen da. Orduan sortzen dira, besteak beste, sariketak, bai poesian bai bertsolaritzan bai gainontzekoetan. El Dían, Euzkadin eta aldizkarietan, garai hartan sortu ziren euskal liburuei buruzko kritikak. Orixek ere agertzen ditu bere iritziak, Lauaxetaren liburuen kasuan bezala, batzuetan zorrotzak. Biak jesuiten eskolan ikasiak izan arren, ez ziren orotan irizkideak. Orixe orotarra, klasikozale hutsa da. Lauaxeta, aldiz, klasikoa bada, bai, baina literatura modernoari atxikia ere bada. Autore modernoak ezagutzen ditu. Ezagutu eta maite. Bide Barriak lana da horren lekuko, agian, edukiz baino areago itxuraz modernismoari atxikia.
Bestalde, gerra aurreko garaian hainbat sariketa antolatu ziren, eta horietan korronte literario horiek agertu ziren. Hor joera desberdinen arteko borroka pizten da. Epaimahaikoen artean zein joeratakoak nagusitu, balantzak hara egiten zuen. Eta hor garbi dago Orixe, kasu batzuetan, alboratua izan zela. Sariketara aurkeztutako haren poesia batzuk antolatzaile nagusiak saskira botatzen zituen, edo, saritua gerta ez zedin, argitara ematen. Orduan ere zentsuraturik bazen. "Factotum" deitzen zioten Tolosakoari.
Garai hartan, iritzi ildoak landu eta estetikari buruzko saiakera bat egina zuena, Orixe zen. Egia da, zeharka bederen, eztabaidaren ildotik, Lauaxetak ere estetikari buruzko bere iritzia plazaratua zuen artikulu-andana batean. Aitzolek ere idatzi zuen estetikaz, Jakintza aldizkarian oker ez banago. Hauek Testu hautatuak euskal estetikaz: Aitzol, Lauaxeta, Orixe liburuan datoz bilduak. Hiru bide ziren, elkarren osagarri baino gehiago aurka, agian, beren norakoa markatzen zutenak: nor herri literaturari lotuago, Aitzol bezala; nor klasizismoari, Orixe bezala, nor sinbologia modernistari, Lauaxeta bezala. Orixek nolabait literatura eta poesia ederra lehenesten zuen, goiko literatura, landua, gaur egun elitekoa deitzen dena. Hori zen Lizardi eta Orixeren bidea.

Orixe gizonaren berri ematen hasi dugu jarduna. Aldiz, zer berri eman geniezaioke Orixeri mende berri honen hasieran?
P.I: Oraindik ere Orixe bizi dela. Nik ez dakit zein neurritan bizi den, baina ziur nago bizi dela gaurko literaturan, beharbada ez berak merezi duen hainbeste. Bestalde esango nuke Orixe bizi dela bere sorterrian, Orexan, bizi dela Uitzin, bi herri horietako harremanak iraunkorrak direla. Pozten naiz han eta hemen poesia eta bertso sariak sortu dituztelako Orixeren izenean. Hau da, Orixe jaio zeneko mende luze bat pasa da eta oraindik bizi da euskaldunen memoria kolektiboan.

J. M. A.: Haren Mariaxentziren argiak argi egiten segituko duela beti. Mitxelenak egin zuen iragarpena gogoratuko du: "Harrimenez eta espantuz" egingo duela argi geroaren ere Orixek.

Obra
«Burutu zuen obra egiteko izugarrizko bihotza izan behar zuen. Luma bizia zuen eta, gainera, bazekien txinparta sortzen, eta horrek eraginda, piztu eta garatu zuen euskal kultura»

Orixe eta Lizardi
«Orixeren neurria erakusten duen pertsonaia historikoa Lizardi da. Zeinek esan du Lizardirengatik ‘gurean ez du kiderik, nekez duke garailerik’? Orixek. Eta alderantziz, zein da, besteak beste, Orixe aurrera ateratzen duena? Lizardi. Zeinek eskaini dizkio Lizardi ederrari hiru poesia, hiru poesia paregabe, euskal literaturan? Orixek. Bikote horren elkarrekiko harreman hori da, elkarren onespen hori, Orixe zer literato mota den garbienik uzten duena, bere obra aztertzen hasi aurretik.»

Harritzekoak
«Herri honetan harrigarrikeriak gertatzen dira eta Orixerekin horrela izan da, bereziki. Adibidez: Imanol kantariak zerbait espirituala behar zuela, eta Orixek itzulitako San Juan de la Cruzen testuak kantatzen ditu. Non daude Orixeren orijinalak?
Telletxea Idigoras historialariak Kardaberazen gauzatxo bat argitaratu, eta sarreran, jesuita eta mistikoa kontraesana ez ote den esanez hasten da. Ez du inon aipatzen Orixerentzat San Inazio mistikaren gailurra dela.
Aita Villasantek -nik asko maite nuen hark- Jokin Zaitegi zenari galdetu omen zion Orixe mistikoa al zen. Nik Lizardi poeta al zen ez nion inori galdetu, ez Orixe poeta al zen ere. Erlijio gauzetan Villasante bezalako espezialista batek hori galdetzea...
Lotsagarria! Horrelakoa da herri hau»

Bere hitzaren eske, Orixe
Orixeri buruzko iritzi eske maizexko datorkit jendea atzenaldian.
Nik ordea, nahiago nuke, Orixez hainbeste iritzi ikusi baino, haren idazlan guziak taxuz bildu, beti ere iturririk fidagarrienak erabiliz, eta gairik gai sailkatuz, modu eskurerraz eta eragingarri batean aterako balira, euskal dibulgazio sare guzietan ahal den oihartzunik handiena emanez.
Orain arteko bilketa lanik handiena, Idazlan guztiak, Paulo Iztuetak egina da, baina itsuak ere badaki, apalak apaintzeko edo gutxi gehiagorako egin zuela Eusko Jaurlaritzak gastu ikaragarri hura. Nik neronek Joxemari Aranalderen eskuerakutsi estimagarri hari esker eskuratu bainituen, bost liburukote beltz handi haiek.
Baina, haietan ere, ohartu baldin bazineten, liburukoterik handiena Paulo Iztuetarena zen, Orixe eta bere garaia izenekoa, alegia. Ulertzekoa da Pauloren obsesioa: Orixeren alderik zakarrenak (integrismoa eta abar) bere garaia aztertuz zuritu nahiarena alegia. Nik hala ere, 1.500 orriko obsesio moderno horren ordez askoz pozikago leituko nituen, Orixeren gutun guziak.
Orain berriz, beste hiru liburu atera dizkigu Iztueta jaunak Orixeri buruz. Neurri handi batean, lehengo liburukote haien puska kopiatuak baino ez direnak. Esate bateko, nahi duenak konpara bitza, lehengo V. tomoko Bizi urratsak eta oraingo Orixe gaitzetsia liburuan esaten direnak; funtsean gauza bertsuak dira, oraingo edizioari erantsi zaizkion lekuan lekutik pasaerako argazki eta inpresio interesgarriak izan ezik.
Baina, berriro diot: zergatik ez dira argitaratu nahi Orixeren gutunak? Deusek emanen ote liguke haren gizatasunaren berri gutun sail horrek baino hobeki? Edo esklusiban gorde nahi ote ditu norbaitek, Orixeren beste hainbat idazlan, dokumentu, eta argazkirekin batera?
Ez al da Orixeren dokumentu bilketa hori, Eusko Jaurlaritzaren diruari esker egina? Beraz, diru publikoz egina bada lana, zergatik ez ipini dokumentu horiek edozeinen eskura? Gizalegea nonbaiten huts egiten ari ote den nago. Beharrik ez dagoen begira, diruz beti urri samar ibilia zen Nikolas zorrotz hura!
Hainbeste gauza esan liteke Orixeri buruz! Esate bateko, erlijiosoa zela arrunt; superstizioso hutsa, alegia. Izan ere, nola izan inor sinesle edo deusen maitale, edo poeta, aldez edo moldez, superstizioso izan gabe. Entenitzen?
Konparazio batera, Joxemari Aranalderi esandako "amets egina dut infernura kondenatua nagoela" hori, Orixeren beste alderdi gaitz askorekin bezain ongi lotu liteke haren izenarekin, Europa guzian sinu gaitzeko zen Mikolas harekin, alegia. Beregan haragitua ikusten baitzuen Orixek, hirutasun santuaren miraria bezalatsu. Zenbat holako kontraste hunkigarri ez ote zituen barren-barrendik bizi izandu Orixek, haur (poeta?) baten lilura zinezkoarekin? Alderdi hori kenduz gero, zer litzateke Orixe? Holako hamaika halabehar ilaunek zinez hunkitze eta minberatze horrek egiten baitu Orixe poeta; eta jakintza klasiko zuhur guzien errauspeko zintasun inoxo horretxek ematen, duen indar liluragarri guzia.
Holako mila orixemin hunkigarriz handik eta hemendik hornitutako biografia inpresionista labur eder-sumaz trinkotutako bat leitu nahiko nuke, Iztueta baino Nikolas zale poetagoren batek idatzia.
Huts nabarmen hori dela medio, nik uste Orixek hunkitu gaituenok ere, ez dugula ongi ezagutzen taigabeko iritzi emaile dugun Nikolas minbera hori. Eta nahinolako izanik ere, gizonak berezko duen ugaritasun konplexu hori ongi ezagutu gabe, alferrik ari gara haren bizkar iritzi pilaketan?
Mikolas izan edo Josu, nik behinik behin gero eta nahiago dut bat bederarena zuzenean jaso, bitartekoen egoa eta diru-gosea dela medio ziliki zalakatutakoa baino. Betoz lehenbizi, Orixeren ixilpeko hitzak, beren zinezko neurri eder minberakor horretan, eta gero gizen eta etzan bedi, nahi duena, haien itzalpean.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude