Frankismo garaiko doako langileak

  • Gutako askok jakin ez dakigun arren, gure geografian Frankismoaren lehen urtetako presoen lanari esker egindako azpiegitura ugari dago. Horietako bat da Igari-Bidankoze-Erronkari errepidea. 1939 eta 1941 bitartean 2.000 prisionero errepublikar bildu zituen erregimenak Zaraitzu eta Erronkarin. Langile Batailoiek eraiki zuten aipatutako errepidea. Garai hari buruz ezer gutxi dakigu, bizi izan zutenek eta oraindik bizirik daudenek, sarritan, isilpean gorde dutelako jasandako sufrimendua. Lau ikerlarik eta hainbat laguntzailek urte eta erdi eman dute gai hau ikertzen errepide horren eraikuntzari buruz liburu bat eta bideo bat egiteko asmoz.

2004ko apirilaren 11n

Domingok orduan 24 urte zituen, gerra galdu berria zuen, eta bere herritik, Granadako ipar ekialdean dagoen Gelera argitsutik, Zaraitzu ibarrean gora heldu zen Igarira, bere herriko Klasifikazio Batzordeak erregimenarekiko "desafektotzat" jo ondoren, 6. Batallón Disciplinario de Soldados Trabajadores (BDST) delakoan sarturik. "Irteerarik gabeko soro batean sartzen gintuztela iruditzen zitzaidan, dena hain iluna, mendiak eta mendiak toki guztietan... Igal ere herri iluna zen, herri txikia eta iluna, mendien artean urrun kokaturik". 1940ko udazkena zen, eta hiru egun neketsuak pasatuak zituzten Rotako kontzentrazio eremutik abiaturik zeudenetik. Etorrera hori ere Igariko Maríak ongi gogoratzen du: "Gaur izango balitz bezala gogoratzen naiz, ni behiekin nengoen, eta orduan heldu ziren prisioneroak, ene! Dana soldaduz beterik! Amatxo!, zer zen hori!"

Zaraitzu eta Erronkari haranetan gerra hots gutxi entzun ziren, Pirinioetan sarturiko ibar horiek bataila eremuetatik urrun zeuden, eta mugimendu gutxi ezagutu zuten gerran zehar. Errepublikarren aurkako errepresioa ere bertan izan zen, baina Nafarroako beste eremuetan baino askoz neurri txikiagoan. Haran lasaiak izanik, 1939 eta 1941 artean bi mila prisionero errepublikarrentzako espetxea bihurtu ziren, bertan Igari-Bidankoze-Erronkari errepidean Langile Batailoiek lan egin baitzuten, baldintza penagarrietan. Bat-batean, herri horietako bizitzan aldaketa asko gertatu ziren, eta herriak ere jende arrotzaz bete ziren, kontuan hartuta garai horretako Igarik 121 biztanle zituela, Bidankozek 292 eta Erronkarik 494. Batailoiek, beraz, urte eta herrien araberako aldaketak aldaketa, bikoiztu, hirukoiztu edota laukoiztu egin zituzten herrietako biztanle kopuruak.

Herrietako biztanleek ez dute ahaztu prisioneroen egonaldia, eta azken hauek ere bereziki oroitzen dituzte urte gogor horiek. Urte intentsoak izan ziren, eta horiek isiltasunetik ateratzeko ikerketa kolektibo bat abian da. Lau ikerlarik eta laguntzaile askok urte eta erdi daramatzagu elkarrizketak egiten, transkribatzen, informazio grafikoa biltzen... errepide honen eraikuntzari buruzko liburu bat eta bideo bat egiteko asmoz, azken hau Eguzki Bideoak kolektiboarekin elkarlanean.

Prisioneroak, baina ez presoak

Langile Batailoien antolaketa ongi ulertzeko frankismoaren makinaria burokratiko eta errepresiboan barna murgildu behar dugu. Errepresioa erregimen berriaren zutabe nagusienetakoa izan zen, eta hori azkar ikusi zen gerraren hasieran faxistek menperatzen zituzten eremuetan. Hala ere, lurralde berriak bereganatzen zituzten neurrian, prisioneroen arazoa gero eta serioagoa izaten zen armada frankistarentzat. Alde batetik, ongi jakin nahi zuten prisionero bakoitzaren iragan politikoa, helburutzat zuten depurazio erraldoi hori egin ahal izateko. Bestalde, horrelako prisionero kopuru itzelaz baliatu nahi izan zuten, haien doako lana erabiliz.

Helburu horrekin, 1937ko martxoan, Prisioneroen Sailkapenerako Orden Orokorra eman zuen Francok, eta horren arabera gerran harrapatutako prisioneroak lau talde handitan banatu ziren. Lehenengoan, erregimen frankistaren aldekoak zeuden, eta hauek, adin militarrean egonez gero, armada frankistan borrokatu behar zuten. Bigarren taldean, errepublikaren aldekoak, baina erantzukizun politiko edota militarrik gabekoak zeuden, «desafekto»ak izendatuko zituztenak. Hirugarren taldea errepublikaren aldeko erakunde edota armadan erantzukizunak izan zituztenentzat izan zen, eta bertan sartu zirenak espetxeratuak edota erailak izango ziren. Azkenik, laugarrenean, delitu arruntak leporatu zitzaizkien prisioneroak sartu ziren. Talde hauetatik guztietatik, bigarren taldekoak izan ziren Langile Batailoiak osatu zituztenak, ikertzen ari garen errepide bezalako hamaika lan egingo zituztenak.

1937ko maiatzean derrigorrezko lanen justifikazioa emango zuen dekretua atera zen, "Prisionero eta preso politikoei lan egiteko eskubidea ematen dien dekretua", hain zuzen ere. Eskubide horretan oinarriturik antolatu ziren Langile Batailoiak, eta hortik abiaturik ere kondena zuten presoendako beste neurri bat aterako zen 1938an: "Lanaren bidez zigorra murrizteko sistema". Dena den, ez ditugu Langile Batailoiak eta zigorra murrizteko sistema nahastu behar, bi kolektibo ezberdinentzako antolakuntza ezberdinak zirelako. Lehena epaiketarik gabeko prisionero «desafekto»entzako lana zen, eta bigarrena espetxean zeuden presoendakoa, jadanik epaiturik eta zigor firmea zutenendakoa. Bigarren talde honetan sartzen ziren Guadalquivirreko ubidea egin zutenak, edo Gernika berreraikitzen aritu zirenak, eta bi kasu hauetan laster argitaratuko dira honen inguruko ikerketak, Andaluziako CGTk eta Gernikazarra taldeak bultzaturik, hurrenez hurren.

Izen ezberdinetako batailoiak

Ikusten denez, lan hauek antolaketa finko eta arautu batetik abiatzen ziren, eta antolaketa horretan garrantzi handia zuten prisioneroentzako lehen eremuek, zeinetan frankisten menpeko bizitza nolakoa zen ikasiko zuten, eta zeinetan sailkapen prozesu guztia abiatuko zen: kontzentrazio eremuak, hain zuzen ere. Hasierako desordenarekin bukatu nahian, 1937ko uztailean, eremu hauek antolatzeko erakundea sortu zen: Inspección de Campos de Concentración de Prisioneros delakoa, Generalisimoaren Kuartel Orokorraren menpe zegoena.

Kontzentrazio eremu horietarik atera ziren prisioneroen batailoiak, baina dena den, batailoi horien antolaketan egon ziren ezberdintasunak kontuan hartu behar ditugu. Batzuk Langile Batailoiak ziren, adin guztietako gerra prisioneroekin osaturik. Hauek 1940an desegin ziren, eta orduan Langile Soldadu Batailoi Diziplinarioak sortu ziren. Azken hauek erregimenak «desafekto» izendatuentzako prestatutako soldadutza berezia ziren, 1936-1941 arteko kintei zegokiena. 1941etik aurrera BDST (Zigortuak) 6 batailoi bereziak sortu ziren, adin hori zutenentzat, baina baldintzapeko askatasunean edo tasa fiskaliak zigortuak zeudenentzat.

Beraz, azken kasuan izan ezik, batailoi hauetako partaideak ez ziren epaituriko edota espetxeraturiko presoak; besterik gabe «desafekto» bezala sailkaturikoak baizik. 1937an 34.000 prisionero zeuden horietan sarturik, Javier Rodrigo historialariaren arabera, eta kopuru hori gora doa gerran zehar, 1939an 90.000ra heldu arte. 1940ko berrantolaketan, kopurua jaisten da, baina edozein modutan 1942 arte ia 50.000 gaztek derrigorrezko lanak egin behar izan zituzten BDST delakoetan. Ikusten denez, kopuru erraldoia da, garrantzi handikoa gerraosteko ekonomiarentzat.

Artxiboen arazoak eta aukerak

Ikerketa aurrera eramateko hainbat artxibotara jo dugu, baina, edozein modutan, orain abiatzen den edozein ikerketak onartu egin behar du oraindik dokumentazio falta handia dagoela, dokumentu asko ez baitaude ordenaturik edota ikerlarientzako kontsultatzeko moduan jarrita artxibategi militarretan.

Informazioaren faltan, udal artxibategietara jo dugu, eta sorpresaz konturatu gara artxibo hauetan gai honen inguruko ikerketarako dokumentazio asko dagoela. Gure kasuan, Igari, Bidankoze eta Erronkariko artxiboetan mila prisioneroen izenak topatu ditugu, errepidean lan egin zutenen erdia, hain zuzen ere. Honi esker, eta pazientzia handiz, pertsona hauek bilatzeari ekin genion, eta gehienak hilda egon arren, errepide horretan aritu ziren 26 prisioneroei elkarrizketak egin dizkiegu, eta baita horiekin batera haiek begiztatzen egon ziren eskoltako bost soldaduei ere. Honek argi eta garbi erakusten du udal artxiboek aukera asko ematen digutela lan hauen protagonistak bilatzeko orduan.

Gure ikerketan, beraz, garai hartako pertsonen testigantzek dute protagonismoa. Urte asko pasatu dira esperientzia horiek isildurik, edota etxeko solasaldietara mugaturik, eta memoria hori berreskuratzea da gure lanaren helburu nagusienetakoa. Dena den, horretaz aparte, argi dugu errepresioaren inguruko ikerketek ezin dutela beharrezkoa den kontakizun hutsean gelditu. Horretaz landa, ahalegina egin behar dugu errepresioaren pertzepzio sozialak eta bere ondorio politikoak aztertzeko. Izan ere, errepresioa frankismoaren zutabe nagusienetakoa izan zen, eta ongi ulertu behar dugu nola gauzatu zen gerraosteko eguneroko bizitzan. Horretarako, hasteko, prisioneroek eguneroko bizitzan zituzten beharretatik abiatu behar gara.

Zer nahiago, hotza ala gosea?

Gurekin hitz egin duten prisionero gehienek berehala aipatzen dute, galdetu gabe, Pirinioetako haranetan jasandako hotza eta gosea. Hainbestekoa zen gosea, ezen aukera guztiak aprobetxatzen zituzten jateko zerbait lortzeko, baita herrietako animaliendako bazka lapurtzearena ere. Gosea ez ezik, hotza ere jasangaitza egiten zen neguko gauetan, batez ere Andaluzia urrunetik helduak zirenentzat. Gainera, azken hauek osatzen zuten 6. BDSTa Igaritik bi kilometrotara dagoen muino batean kokaturik zegoen, eta bertan barrakoi erraldoi eta hotzetan lo egin behar zuten prisioneroek. Erronkarin egon zen bigarren batailoia ere, BDST 38 izenekoa, mendiko barrakoi batzuetan zegoen kokaturik, sakan ilun batean. Bidankozekoek, berriz, herriko etxe abandonatu batzuetan izan zuten ostatu, eta Erronkarin egon zen lehendabiziko batailoia, BT 106.a, hain zuzen ere, eskoletan sartu zen, herriko neska-mutikoek etxe partikularretan eskolak ematen zituzten bitartean.

Edozein modutan, surik gabeko eraikuntza horietan egonda, hotza arazo izaten zen. Egoera horretan, hotza ala gosea, zer jasan nahiago zuten galdetzea ez da hutsala. Biek jasangaitza egiten zuten egunerokoa, eta biei aurre egin behar izaten zieten derrigorrezko langileek. Kasu gehienetan hautua gosea kentzearen aldekoa izaten zen, nahiz eta horrek arazo serioak sortu hotzari zegokionez. Horrela, prisionero askok mantak eta botak saldu zituzten herrietan, jateko zerbaiten truke, nahiz eta horrek ondorio larriak izan. Batzuek botak saldu ondoren, manta zati batzuk lotzen zituzten oinen inguruan, eta horrekin ibili behar izaten zuten lanean, Sebastian Erdoiza durangarraren kasuan bezala.

Hotza, gosea, zikintasuna, zorriak... egoera tamalgarri hori jasan ondoren heldu ziren Iruñeara, Berako bidean, BDST 6ko prisioneroak, eta taldea ikusirik, zera bota zien Iruñeko ofizial batek: "Zer da hau, langile batailoia, ala gorpu batailoia?". Galdera hori ez zaio ahantzi Domingo granadarrari.

Garaituak izan balira bezala bizi izaten ikasi behar

Sufrimendu fisikoa ez ezik, garaituen etsipena lortzea zen derrigorrezko lanen helburu nagusienetakoa. Erregimen berrian izango zuten egoeraz jabetu beharko ziren, eta hala esan zioten batailoi batean Rosendo Iturmendi oñatiarrari: "Zuek Espainia berriaren astoak zarete". Militarrei obeditu, mezetara joan, kanta frankistak abestu, desfileak egin... horiek guztiek helburu jakin bat zuten: etsaia menperatua izatea.

Obedientzia derrigorrezkoa zen, eta hortik era nimiñoenean urruntzen zenak zigorra jasan behar izaten zuen berehala: kolpeak, makilkadak, ohikoak ez ziren lan gehigarriak... Sebastian Erdoiza bizkaitarra behin baino gehiagotan izan zen zigortua, euskaraz hitz egiteagatik, edota herriko neska bati agur esateagatik. Batailoietan, gainera, bazegoen talde berezi bat zigor pelotoia deiturikoa, eta bertakoek askotan lanean aritu behar izaten zuten harriz beteriko motxila bat lepoan zutela; modu horretan ibili behar izaten zuten egun osoan, baita lo egiten zuten bitartean ere. Manuel Soriano granadarrak horrelako zigorra jaso zuen egun batzuetan, eta ez zaio ahaztu orduko sufrimendua.

Bizia galdu zutenak

Oraindik ez dago argi zenbat ziren Zaraitzun eta Erronkarin bizia galdu zuten prisioneroak. Herrietako erregistro zibiletan batzuen berri topatu dugu, baina jakin badakigu hilketa horiek ez zirela beti erregistratzen. Gainera, heriotza batzuk beste herri batzuetan gertatu ziren: esaterako, Iruñerako bueltan 6. BDSTak izan zuen kamioi istripuan, edota nekeak eta gaixotasunak jota Iruñeko Erietxe Diziplinarioan jazo zirenak.

Felix Padinek honela gogoratzen du bizkaitar meatzari bati gertatutakoa: "Dena eskuz egiten zen, hiru metrotaraino zulatzen zelarik. Lankidea tuberkulosiak jota gelditu zen. Gaixorik egonda ere, lan egitera behartzen zuten. Handik atera zenean ospitalera joan zen hiltzera. Kausaren alde eta bere Caudilloaren alde hil zen?". Domingo Martinez galerarrak ere bere herriko baten heriotzaren berri eman zigun: "Nekeak jota, jateari uko egin zion, eta horrela eraman zuten ospitalera, hil zen arte". Ospitalera jaistea, askotan, azken bidaia izan zitekeen, Andrés Millanek laburbiltzen duen bezala: «Ospitalera zihoana ez zen itzultzen. Joaten zena akabaturik zihoan, hori ez zen jadanik itzultzen, hilak joaten ziren eta!».

Bestaldetik, muga aldera ihes egitea beste aukera bat zen horrelako infernutik libratzeko. Erraztasunik, ordea, ez zegoen. Muga ez zegoen oso urrun, baina mendi ezezagun horien artean ibiltzea ez zen kontu erraza, are gutxiago elurraren zailtasunarekin eta gorputzeko ahuleziarekin. Askok izan zuten alde egiteko tentazioa eta gutxi batzuk saiatu eta lortu zuten. Beste batzuek, berriz, heriotzarekin ordaindu zuten ahalegina.

Hori gertatu zitzaion Erronkaritik ihes egiten saiatu zen Cecilio Gallego, Badajozeko Don Benitoko prisioneroari, eta tiroz jo zuten zaindariek 1939ko urriaren 23an. Bidankozen ere saioak egon ziren, eta horren ondorioz 1941eko martxoaren 9an tiroz hil zuten Benjamín Llacera Monclús bartzelonarra, 25 urterekin. Bidankozeko erregistro zibilean BDST 38ko kide hau baino ez da hilda agertzen, Felix Padin prisionero bilbotarrak, berriz, bi izan zirela zehazten du: "Gure bi kide alde egiten saiatu ziren. Mendian aterpea bilatu zuten borda batean, baina artzain kabroi batek laguntza eman zien eskoltei haien bila joateko, eta topatu zituztenean, bordan bertan hil zituzten. Gero herrira ekarri zituzten gorpuak. Eliza eta hilerriaren artean formaturik jarri gintuzten, lurperatzen zituztela ongi ikusteko".

Hauexek, dena den, ez ziren izan Bidankozen hildako bakarrak. Aurreko batailoiko José Martín Ramón gandiar gaztea 17 urte zituela hil zuten, gauean txiza egitera atera zenean. Prisioneroen gordelekua zen Aizagar etxearen ondo-ondoan hil zuten, eta barruan zeuden besteak ikaraturik gelditu ziren hurrengo egunotan. Aurrerantzean, horietako batzuk janariaren katiluan eginten zuten txiza gauean, etxetik atera ezinean.

Garaipenaren eta porrotaren erakustaldia

Batailoien presentziak herrietako bizitza aldatu zuen. Herri urrun horietara militar irabazleak heldu ziren, eta azkar erakutsi zuten haiek zirela agintari berriak. Nahi zuten etxeetan sartu ziren, eta bertan hartzen zuten ostatu. Basoen ustiakuntza ere goitik behera aldarazi zuten, eta laster haritzondo ederrak desagertu ziren. Irabazleak ziren, eta hori erakutsi zuten aldioro. Bestalde, prisioneroak ere erakutsiak izan ziren, lanerako bidean formatzen, Bidankozeko plazan janaria hartzen, elizan igandetan... Militarrek gerra trofeo bezala erakutsi zituzten prisioneroak, eskarmentu moduan, jende guztiak ikusteko zein zen Francoren erregimenaren aurka zerbait egingo zuenaren patua.

Dena den, erakustaldi honek ez zituen bere helburu guztiak lortu. Izan ere, prisioneroen presentziak garaituen »gorrien» benetako aurpegia ikusteko ere balio izan zuen. Prisionero batzuek gogoratzen dute herrietako sarreretan umeek amari galdetzen ziotela ea horiek gorriak ote ziren, eta bateren batek amari esan omen zion: "Orduan, non dauzkate adarrak eta buztana?". Buztan eta adarrik ezean, jendeak ikusi ahal izan zuen prisioneroek jasaten zuten tratu krudel etengabea, eta horrek errukiari bidea ireki zion. Zaraitzun eta Erronkarin prisionero askok jaso zuten laguntza ez zen nagusiki, beste tokietan bezala, arrazoi ideologikoengatik izan, sufrimenduak sortutako errukiarengatik baizik.

Herritar eta prisioneroen arteko hartu-emanak eta laguntza eskaintzak ez ziren, alabaina, errazak, eta askotan gauean izan behar ziren, ezkutuan. Gainera, prisioneroen arteko aldeak ere nabariak ziren, egoera soziala, jatorria edota ideologiaren arabera. Egoera oso ezberdinak topatzen ditugu, eta kasu gutxi batzuetan maitasunerako aukerak ere zabaldu ziren. Hurrengo urteetan ezkontza gutxi batzuk izan ziren prisioneroen eta herrietako nesken artean, eta honen adibidea dira Antonio Martínez eta Jesús Bilbao bizkaitarrak, Bidankozeko Nati eta Iruñeko Josefina Ferrerrekin ezkondu zirenak, edota Gabina Ansoren kasua, Bartzelonako prisionero batekin ezkondu zen erronkariarrarena.

"Zuek kontatu, eh!, idatzi eta kontatu!"

Igari eta Bidankoze arteko errepidea soldadu arruntek bukatu zuten prisioneroek alde egin ostean, eta Bidankoze Erronkarirekin lotzen zuen zatia amaitu gabe gelditu zen hurrengo urteotan. Prisioneroek alde egin ondoren, haien arrastoa desagertu egin zen, eta herrietan gazte askok ez daki, errepide horretatik pasatzen badira ere, nola izan zen eraikia. Kasu hau, baina, ez da arraroa. Gure geografian presoen lanekin egindako azpiegitura ugari daude, eta inon ez dago horren inguruko informazioa bertatik pasatzen direnentzat.

Ia duela 30 urte bukatu zen diktadura, eta derrigorrezko lanen inguruko informazioa familietan emandakoa izan da soilik. Batzuetan, Txomin Uriarte bakioarraren kasuan bezala, familiak ederki ongi daki aititak pasatutakoa, eta alabek buruz dakizkite aitaren prisionero garaiko abestiak. José García Faya asturiarrak eta Sebastian Erdoiza bizkaitarrak ere haien familiarekin etorri ziren Erronkarira, gatibu garaiak gogoratzeko, ez ahazteko.

Beste askotan, baina, oroitzapenak isiltasunean gorde izan dira. Batzuek ez dute orain horrelakorik gogoratu nahi, eta, behin baino gehiagotan gure elkarrizketei esker jabetu dira seme-alabak aitak bizitakoaz. "Zertarako kontatu behar nizun?", erantzun zion Cadizeko Vicente Celisek bere alaba harrituari. Ez da arraroa, erakundeetatik deus gutxi egin delako askatasunaren aldeko borrokalari hauek sufritutakoa jakinarazteko, haien balioa sozialki onartua izateko. Rufino Orozko galdakaoarra kexu da: "Denbora asko izan dute ezkertiarrek eta abertzaleek gobernuan egonda honi guztiari buruz hitz egiteko eta zerbait egiteko, baina ez dute ezer egin". Prisionero askok isiltasunean sufritu izan dute garai hartako oroimenekin, eta horregatik ere garrantzitsua da Sebastianek elkarrizketaren bukaeran eman zigun agindu zehatza: "Zuek kontatu, eh!, idatzi eta kontatu!".

Felix Padin: «Gure uste sendoei eutsi genien eta borrokan jarraitzen dugu»
Felix Padin bizkaitarrak aski ongi ezagutu zituen Miranda-Ebroko kontzentrazio eremuan gertatu ziren miseria eta irainak, bertan hiru aldiz izan ondoren. Ez ziren han bukatu ordea. "1940ko uztailaren 17an Mirandatik atera ginen, uniforme militarrak jantzita, ogia eta sardina lata bat hartu eta berriro ganaduentzako bagoietara joan ginen. Iruñera eraman gintuzten eta handik Burgi eta Erronkarira. Gogoratzen dut Gayarre famatuaren etxeko hesiak ikusi izana...". Horrela hasi zuen Padinek, 38. Soldadu Langile Batailoi Diziplinarioan sartuta, bere bigarren ibilaldia derrigorrezko lanetan; lehenago, 1937tik 1940a arte ere horretan ibili baitzen penintsulako hainbat tokitan. Oraingoan Euskal Herriko zenbait tokitan aritzea egokitu zitzaion: Erronkari, Bidankoze, Igari, Oiartzun, Gaintxurizketa, Lezo eta Pasai Donibanen.
Esperientzia berbera izan zuten beste batzuengan bezala, bere oroimenean ongi grabaturik daude jasandako gosea eta tratu txarrak, eta horiekin osatu du bere prisionero garaiko autobiografia. "Bidankozen egun asko ematen genuen jan gabe eta beste batzuetan birentzako platanoa eta ogi puska bana ematen ziguten. Pentsa ze nolako marrazkiak egin behar ziren zati berdinak lortzeko, askotan ostikadaka bukatzen genuen...". Gosea zigor erantsia bihurtu zitzaien, behin eta berriro beren buruak astintzen zituena: "Gosea zure buruan errepikatzen zen musika bat bezalakoa zen".
Padinek bestelako jazarpenak ere gogoratzen ditu, egoera arintzen laguntzen ez zutenak hain zuzen ere: "Lana gogorra zen, baina are gehiago derrigorturik eta tratu txarrak jasanda, erran behar dut gerra garaian baino gose gehiago eta okerrago pasatu genuela, dena eskuz egiten zen (...), leher eginda bukatzen genuen eta jaten genuenak ez zuen hori konpentsatzen". Bizi baldintza kaskarrak jasanda, ahulezia eta gaixotasunak laster agertu ziren, batzuetan muturreko egoerak agertzen zirelarik: "gogoratzen dut lankide euskalduna genuela, ia bi metro neurtzen zituena, beti oinak zaku oihalez bilduta ibiltzen zena berarentzako zapatarik ez zegoelako, guri ere pena ematen zigun. Medikuak gizonari janari bikoitza emateko erran zuen eta hala eta guztiz ere giza hondarra zen!"
Bidankozetik alde egin eta Oiartzun aldean zegoenean, baina, ez zen dena miseria eta sufrimendua izan: "Igandetan Oiartzungo neska asko igotzen ziren eta hesietatik haiekin mintzatzen ginen, oso atseginak ziren!", eta beste batzuetan, "Pasaian ohitura genuen errepidean kantatzen joateko, eta horrek amorrua ematen zien, gu ezin gintuzten makurtu eta!»
Felix Padinek gaur 87 urte ditu, CNTeko egoitzara astero joaten da eta, beharrezkoa denean, kartelak jartzera ere bai. Berak oso argi du, "gorriak akatu nahi zituzten, baina asko gelditzen gara, beren irainak jasan bagenituen ere eta gure buruak doilortu nahi izan bazituzten ere, ezin izan gintuzten konbentzitu eta are gutxiago makurtu, gure uste sendoei eutsi genien eta borrokan jarraitzen dugu".

Andrés Millán: «Txolarreek bezala hartzen genuen arnasa»
Andrés Millán Domínguez, Granadako Huéscar herriko 87 urteko prisionero ohia dugu. 1938an prisionero egin zuten eta Langile Batailoietara bidali zuten. 1939an lizentziatu zuten, baina 1940ko udaberrian berriz mobilizatu eta «desafekto» izendatu zuten, CNTeko partaidea baitzen. Rotako kontzentrazio esparrura bidali zuten eta han 6. Langile Soldadu Batailoi Diziplinarioan sartu zuten. Handik Nafarroara eraman zuten, Igarira (Zaraitzu) lehendabizi eta gero Berara. Andaluziara bueltatu eta han ere derrigorrezko lanak egiten aritu zen, 1942an batailoiak desegin zituzten artio.

Andrés, lehen esaten zenuen Igarin barrakoietan sartu zintuztela, nolakoak ziren?
Barrakoiak egur oholekin eginak ziren, bi pisu lo egiteko eta goian txapa jarri zuten. Baina elurra egiten zuenean, haizeak elurra sartzen zigun manten artean, eta horrela eusten zenion, burua estalirik, txolarreek bezala arnasa hartzen, berotzeko.
Zer egiten zenuten lanegun arrunt batean?
Errepidea pikatu. Batzuek harria pikatu, besteek palaz lurra atera eta beste batzuek lurra eraman eskorga batean, eta lana bukatzen ez zuenak gauez joan behar zuen lana bukatzera, zentinela batekin, arma berari begira zuela.

Pairatu zenuten gosea behin eta berriro aipatzen du herriko jendeak, nola egiten zenioten aurre?
Kanpamendura patatak ailegatzen ziren, zuritu eta azalak txerrientzat gordetzen zituzten. Orduan guk haiek lapurtzen genituen, gorde eta lanean ari ginenean esaten genuen: "Zentinela, sabela hustutzera noa», eta orduan sua piztu eta azaltxoa erretzen genuen, indar pixka bat izateko.

Animoz nola zeundeten horrelako egoeran?
Animoak... galduta genituen. Busti den ganadua bezalakoa da, artzainak jo duelarik. Animorik batere ez, ez defentsarik, hain beldurturik zaude ezen berdin zaizun edozer egitea. Ez zegoen esperantzarik, ez askatasunik, ezta lagundu edo animorik emango zizunik ere. Heriotzaren kalezuloan dagoenarena bezalakoa da... heriotzaren zain dagoelarik.

Zerekin egiten zenuen amets?
Oheratzen nintzenean okindegiarekin egiten nuen amets, gure gurasoen etxean laborariak ginelako eta etxean oratzen zen; eta lanera gindoazela amets egiten genuen, eta egiten genituen meriendekin. Gosea duenak... ogia du gogoan!, eta horrekin egiten nuen amets... tontakeria horiekin.

Zer iruditzen zaizu zuen esperientzia jasotzen duen liburua egitea?
Hori irakurtzen duten askorentzat pasadizoa baino ez da izango, guk pairatu genuenaz ezin baitira jabetu, ezta kontatuz ere!, ezta kontatuz ere!

Derrigorrezko lanen geografia zabala
Nafarroan ere asko izan ziren prisioneroen lana ezagutu zuten herriak. Izan ere, nahiz eta gure ikerketa errepide konkretu baten inguruan izan, saiatu izan gara Nafarroako derrigorrezko lanen ikuspegi orokor bat ematen, eta horren fruitua da ondoan doan mapa. Edozein modutan, argi gelditu behar da hori ez dela mapa itxia, eta lan esparru zein batailoi gehiago agertzen ahal direla ikerketa aurrera joan ahala. Prisioneroen kopuruari dagokionez ere, oraindik ezin da behin betiko daturik eman. Daukagun informazioaren arabera, 7.000 eta 10.000 arteko prisionero kopurua topatu ahal izan dugu, baina ikerketa aurrera joan ahala kopuru hori handitu ahal da.
Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan ere asko izan ziren derrigorrezko langileekin egindako azpiegiturak, nahiz eta oraindik horiei buruzko ikerketa buruturik ez egon. BDSTei dagokienean, Avilako Artxibo Militarrean topatutako 1942ko agirietan Sondikan (aireportuaren eraikuntzan), Errenterian, Getxon eta Lezon agertzen dira. Lehenago ere, 1937tik aurrera, Langile Batailoiak aritu izan ziren Bizkaiko burdin meatzetan. Bestalde, Iñaki Egaña eta Isaías Lafuenteren liburuetan lan hauei buruzko erreferentzia gehiago agertzen dira. Euskal enpresen artean hauexek izan ziren doako langileak erabili zituztenetako batzuk: Sestaon, La Naval, Babcock Wilcox, eta General Eléctrica; Bilbon, Compañía Nacional de Oxígeno; Galdakaon, Compañía Española de Explosivos; Lamiakon Fundiciones Earle; Mutrikun, Industrias Egaña; eta Balmasedan, Talleres Murga. Hiri suntsituen berreraikuntzan ere aritu ziren Gernika, Zornotza eta Eibarren, eta, gainera, beste azpiegitura batzuetan ere (Gernika-Sukarrieta trenbidea, Bermeoko portua, Ondarroako zubi bat) lanean aritu ziren. Zerrenda, beraz, luzea da, eta luzeago egingo da ziuraski ikerketek aurrera egin ahala.

Miranda-Ebroko kontzentrazio esparrua (José Angel Fernández López, "Historia del Campo de Concentración de Miranda de Ebro (1937-1947)" liburuaren egilea)
Iparreko Frontearen ofentsibaren aldian zer preso-andana hartu zuten jabetuta, Bilbo erori eta egun batzuetara, Burgosko Gobernuko Gerrako Idazkaritzak, 1937ko uztailaren 5eko 258. Aginduaren bidez, kontzentrazio esparruak sortzea erabaki zuen.
Estatuko Junta Teknikoak, Bizkaiko hiriburutik gertuko Gasteiz, Iruñea, Logroño, Haro, Lizarra, Murgia, Urduña, Burgos, Aranda-Duero eta beste herri batzuekin batera, Miranda-Ebro hautatu zuen inguruan kontzentrazio esparru handi bat instalatzeko eta gerrako presoak hara biltzeko. Alemanen ereduari jarraituz jarri zuten abian, eta, funtzionamendua ikuskatzeko, Paul Winzer Gestapoko eta SSetako kide gailena izendatu zuten, hain zuzen ere, handik urte batzuetara polizia horren Espainiako arduradun nagusia izango zena.
Milaka preso eraman zituzten Mirandara, asko eta asko gudu-fronte berekoak. Guztiak abaildurik eta goseak, batzuk gerrako zauriz eta traumatismoz josiak... denek agertu behar izan zuten Mirandako eremuan ezarri zuten Sailkatzeko Batzordearen aurrera, armada errepublikanoan izandako ardura depuratzera. Sailkatzaileek honela izendatu zituzten espedienteetan: "afektoak", "desafektoak" eta "dudakoak", eta espedienteko izendapenak markatu zuen presoen era bateko edo besteko patua. "Desafektoek" eta "dudakoek" kontzentrazioko eremu horretan osatu zituzten langile-batailoietan jardun behar izan zuten. Han-hemengo fronteetara bidali zituzten trintxerak eta gotorlekuak eraikitzera eta zubiak, errepideak, burdinbideak eta gerran eraitsitako etxeak konpontzera edo altxatzera. Jose Anjel Delgado Iribarren jesuitak bere liburuan dioen moduan, han edo hemen egokitu, preso guztiek segitu behar izan zuten kontzentrazio esparrura heldu zirenean ezarri zieten lanarekin, hau da, desinfekzio politiko eta erlijiosoarekin. Egile horrek azaltzen duenez, "zaintzako eta hezierako erregimena ezarri zieten, egunen batean bizimodu sozialerako moldatuak izango zituzten itxaropenaz". Goian adierazitako lanetan ez ezik, obra faraonikoak egiten ere enplegatu zituzten: Molaren monumentua (Alcocero, Burgos) eta Erorien Harana (Cuelgamuros).
Francok hamar urtez eduki zuen zabalik esparru militar hori. Hain zuzen ere, 1937ko uztailetik 1947ko urtarrila bitartean. Diotenez, 80.000 preso hartu zituen Mirandako eremuak. Tartean, borrokalari errepublikanoak (gudariak, milizianoak, brigadista internazionalak) zeuden, eta atzerriko errefuxiatuak (hainbat eta hainbat juduak), Bigarren Mundu Gerran, nazien ankerkeriatik ihesi Pirinioak gurutzatu ondoren atxilotuak eta Ebroren ertzean barrenduak izan zirenak. Azkenean, ordea, borreroak berak »naziak eta kolaborazionistak» egon ziren esparru hartako txarrantxen artean.

Memoriaren Bideak elkarteak omenaldia martxan
Memoriaren Bideak Zaraitzu eta Erronkari aldeko jendeak sortutako elkartea dugu. Ibar hauetan 1939-1940 bitarte derrigorrezko lanak egiten aritu ziren milaka prisioneroen memoria historikoa berreskuratzeko beharra zegoelakoan sortu zen elkartea. Izan ere, milaka prisionero hauen memoria isilpean egon da bai diktadurak iraun zuen bitartean baita Trantsizio garaian ere. Beraz, hainbeste pertsonarentzat Zaraitzu eta Erronkari ibarrak "kartzela" bihurtzea ahanztura zulotik atera nahi dute, askatasuna defendatzeagatik etxetik urrun, oso baldintza kaskarrak pairatuz eta askatasunik gabe aritu baitziren pertsona hauek. Helburu horrekin, zenbait hitzaldi antolatu dira orain arte eta han aritu ziren prisionero horiei omenaldi bat egitea pentsatua dute.
Omenaldia ekainaren 19an egingo da, Bidankoze herrian (Erronkari), eta jadanik zenbait pertsona eta erakunderen sostengua jaso dute, bertzeak bertze, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Garaikidearen Arloarena, Geronimo de Ustaritz historia Institutuarena, Nafarroako Fusilatu eta Desagertuen Senideen Elkartearena eta Recuperando la Memoria de la Historia Social de Andalucía taldearena, »azken hau Andaluziako Guadalquivirreko Ubidea eraikitzeko erabilitako derrigorrezko lanen inguruan diharduen CGTeko jendeak sortua». Aldi berean, Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica delakoarekin harremanetan daude eta Eguzki Bideoak taldearekin elkarlanean ari dira derrigorrezko lan hauen historia jasotzen duen bideoa egitekotan. Omenaldiari begira, besteak beste, eskultura bat jartzeko asmoa dute, zeinak gogora dezan nortzuek egin zuten eta nola hasi ziren egiten Bidankoze eta Igari herriak lotzen dituen errepidea. Honek sortuko dituen gastuei aurre egiteko, zonaldeko udalei eta prisioneroen jaioterrietako udalei laguntza eskatu zaie, baita bonoak salgai jarri ere, nahi duenak borondatez parte har dezan.
Horregatik, elkarte honetatik kolaboratzeko gonbidapena luzatzen da, bai omenaldi egunean parte hartzeko, bai gastuei aurre egiteko bonoak erosteko, bai omenaldiaren egunean irakurriko den manifestuari atxikimendua emateko. Interesaturik dagoenarentzat hauxe da elkartearen helbidea eta kolaboratzeko kontu korrontearen zenbakia, denon artean faxismoaren kontra borrokatu zuten prisionero hauen memoria berreskura dezagun.
Memoriaren Bideak:
memoriarenbideakhotmail.com
Kontu zenbakia:
3035 0200 80 2001020690


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude