Fantasia izeneko hiri bat

  • Inoiz existitu ez den hiria: Fantasiazko arkitekturak mendebaldeko artean izeneko erakusketa aurkeztu zuen joan den otsailean Bilboko Arte Eder Museoak, Bartzelonako CCCB-rekin (Arte eta Kultura Garaikideko Zentroa) elkarlanean. Arte historian zehar sortu izan diren irudimenezko hiriak, errealitatean ezinezkoak, biltzen dira bertan eta K. o. I. mendeko Ponpeiako freskoekin hasi eta XXI. mendeko lehen urteetan sortutako lanen arteko ibilbidea osatzen du. Maiatzaren 30a arte ikusgai izango den erakusketak arreta berezia eskaintzen die XVI. eta XVIII. mendeen artean Europako pinturan ohiko bilakatu ziren kapritxo arkitektonikoei.

2004ko apirilaren 11n

Natura mendean hartzea izan da betidanik gizakiaren helburu nagusienetako bat. Natura eta Kultura »arrazoia eta zibilizazioari lotuta» elkarren aurkari bezala ulertu izan dira, zuria eta beltza edo gaua eta eguna bezain beste. Naturak eskaintzen zuen nahasmen, basakeria eta kaosari, gizakiak arrazoi bidezko orden arautuaz egin nahi izan zion aurre, besteak beste, hiriak sortuaz. Beraz, hiriaren kontzeptua bera, eta baita arkitektura ere, borroka horren ondorio gisa ikus ditzakegu, gizaki arrazionalaren garaipen gisa, alegia.

Erakusketak hiria eta arkitekturari itxura batean urrun xamarretik begiratzen dien beste kontzeptu bat ere aipatzen du: fantasia. Kontraesana dirudi, agian. Arkitekturaren izaera sendo eta erreala, batetik, eta ametsen eta irudimenaren munduko fantasia, bestetik. Baina ez du zertan kontraesana izan, arte historiari erreparatzen badiogu, ohartuko gara ez direla hain kontzeptu bateraezinak. Artista eta idazleen artean ohikoa izan da irudimenezko hiriak sortzea, errealitatean ezinezkoak liratekeenak. Sormenak aukera eman izan du arrazoiaren arauei gaina hartu eta irudimenezko bideetan zehar mundu berriak eraikitzeko, ametsetako nahiz amesgaiztoetako munduak.

Kapritxoak erakusketaren oinarri

XVI. mende inguruan, genero edo estilo berri bat zabaldu zen Europako pinturan, Italian eta Herbehereetan, batik bat. Aurrez koadroetan erabateko protagonista zen giza irudia nagusitasuna galduz joan zen pixkanaka eta lehenago hondo soila ziren eraikuntzak lehen planora hurbildu ziren. Edozein gai irudikatzea aitzakia egokia zen koadroan hiri berri bat sortzeko, arkitekturak margolariari eskaintzen zizkion baliabideekin esperimentatzeko. Pixkanaka hiri eta eraikuntza ezezagunak ugarituz joan ziren pinturan, horietako asko eraiki ezinezkoak, fantasiazkoak zirelarik. Kapritxo arkitektonikoak izena hartu zuten irudimenezko hiri eta eraikinen ikuspegi hauek eta, nahiz eta bigarren mailako pintura bezala ikusi, ohikoak izan ziren XVIII. mendera arte.

Gehientsuenetan, kapritxoak beste gai baten osagarri gisa ageri zaizkigu. Eraikuntza erraldoien artean, giza irudi nanoak ikusiko ditugu eta eurak izango dira koadroari izena emango dion gaia osatuko dutenak. Luzaroan, gai erlijiosoak izan ziren nagusi, baina pixkanaka, bestelako gaiak ere azaldu ziren, hiriko bizimoduaren berri ematen zutenak, esate baterako. Margolan hauetako askoren egileak ez dira ezagunak. Koadro asko talde lanean, tailerrean egindakoak baitira eta bigarren mailakoak zirenez, ez zitzaien aparteko garrantzirik ematen. Margolari garrantzitsu batzuen izenak, ordea, ezagutzen ditugu; Bilbon ikusgai daude, besteak beste, Vredeman de Vries, Monsú Desiderio, Francisco Gutiérrez, Marieschi, Belloto, Ricci edo Guardiren lanak.

Aipatu kapritxo hauek dira Arte Eder Museoak aurkeztutako erakusketaren oinarria. Arkitektura irudikatzen zuten zenbait margolariren lana abiapuntu bezala hartuta, bai lehenago eta bai ondoren, artean sortu izan diren hiri mitiko eta ezezagunen gainean gogoeta egitea izan da Pedro Azara erakusketako komisarioaren nahia. «Erakusketak, mendeetan zehar arkitektura, espazioa eta bere irudikapen artistikoaren arteko harremanaz irakurketa zabal bat egitea du helburu», komisarioaren hitzetan.

Ponpeiatik abangoardiatara

Arte historiako edozein arotan topa ditzakegu hiri mitiko ezinezkoak. Erakusketak ordea, ez du ibilbide kronologiko bat osatzen. Garai ezberdinetako lanak elkarrekin aurkezten zaizkigu, gaien araberako zazpi ataletan banatuta: Beste mundu batzuetako arkitekturak, Legendako arkitekturak, Espazio anbiguoak. Barrualdea edo kanpoaldea?, Hiri madarikatuak, Bizigaitasunaren mugetan, Gehiegikeriaren arkitekturak eta (Ez)igarotzeko arkitektura ibilgaitzak.

Margolanik antzinakoenak K.o. I. mendeko fresko batzuk dira, Napoliko Museo Arkeologiko Nazionalak erakusketarako utziak, hain zuzen. Zehaztasunik gabeko hiri eta eraikinak ageri dira bertan, baita ur azpian eraikitako hirien ikuspegiak ere. Margolan interesgarriak eta oso ederrak dira, are gehiago, kontuan hartzen badugu ez dugula maiz izaten horrelakoak ikusteko aukerarik.

Erakusketa, historian salto handi bat emanez, Ponpeiako freskoetatik lehen aipatutako kapritxoetaraino joaten da. Hortik aurrera, salto txikiagoen bidez, pixkanaka gaur egungo artelanetaraino iritsiko gara. Nahiz eta XVIII. mende bukaeran kapritxoen bolada amaitu, artisten irudimena ez zen hor bukatu, ez zioten utzi fantasiazko hiri edo lurraldeak sortzeari. XIX. mendean, Erdi Aroarekiko eta, orokorrean, misteriotsua zen guztiarekiko izugarrizko miresmena sortu zen eta mendi labarretan eraikitako gazteluak, eliza gotiko erdi eroriak, ekialdeko eragina zuten hiri koloretsuak... ohiko bihurtu ziren erromantizismo garaiko margolanetan. Honen guztiaren adierazle bezala, Eugène Deshayes, Victor Hugo, Karl-Friedrich Schinkel edo Genaro Pérez Villaamilen paisaiak eskaintzen dizkigu erakusketak.

XX. mendean ere, abangoardia historikoetako zenbait artistek liluratuta jarraitu zuten irudimenean soilik eraiki zitezkeen hiriekin. Zentzu honetan, De Chirico, Ernst, Spilliaert eta Delvauxren margoek badute loturarik aurrez aipatutako fantasiazko hiri ezezagunekin.

Galduta, lanbro artean

Kontaezinak dira azken mende honetan hiriaren inguruan egin izan diren gogoeta, esperimentazio eta artelanak eta ezinezkoa litzateke guztiak erakusketa honetan biltzea. Beraz, gutxi batzuk baino ez ditugu ikusiko. Cristina Iglesias, Miquel Navarro, Olivo Barbieri edo Catherine Yass bezalako artista garaikideek hiria hartu dute gaitzat beraien serigrafia, instalazio, argazki, margolan eta bideoak sortzeko orduan. Baina bat aipatzearren, beharbada Ann Veronica Janssensen instalazioa da artelan garaikideen artean interesgarrienetako bat. Ke zuriz betetako gela bat sortu du artista britainiarrak. Bertara sartzen denak horixe baino ez du ikusiko, ke zuria. Gela barruan ez dago norabiderik, ez dago mugarik, ez dago inolako erreferentziarik... norberaren presentzia baino ez. Fantasiazko eraikin bat irudikatu arren, egungo hiri handien metafora bat izan daiteke, non gizakia lanbro arten bezala dabilen, noraezean galduta. Erakusketako azken lana da aipatutako hau eta horrek ere ematen dio indarra, itsutasun zuri horretatik errealitatera itzultzea esperientzia bitxia baita.

Abiapuntua hobea, emaitza baino

Erakusketaren ideia bera, irudimenean baino eraiki ezin diren hiriak gaitzat hartzea, izugarri interesgarria da. Batik bat, fantasia eta errealitatearen arteko mugak gero eta lausoagoak diren garaiotan, irudimenean ere ia pentsaezinak ziruditen hiriak gaur egunean errealitate direlako. Bizi dugun ikuskizunaren gizarteak fikzioa eta errealitatea banatzen dituen lerro estua gero eta maizago gurutzatzen du eta ia ez dakigu non bizi garen ere.

Itxura batean, abiapuntu egokia zirudien honek erakusketa baterako, arte historian zehar, ikusi dugun bezala, etengabeak izan baitira arkitektura eta hiri "ezinezkoak" sortzeko saiakerak. Tamalez, erakusketa motz xamar geratzen da eta ez du gaia behar besteko sakontasunarekin lantzen. Artelanak, orokorrean, interesgarriak eta kalitatezkoak dira, baina erakusketaren mami nagusia osatzen duten kapritxoen eta gainontzeko lanen arteko lotura modu behartu xamarrean egina dago. Ondorioz, zail suertatzen da erakusketa osotasun bat bezala ikusten. Dena den, irudimenari ateak zabaldu eta mundu hobeak irudikatzeko aukera emango badigu, ez dago gaizki bisitatxo bat egitea.


ASTEKARIA
2004ko apirilaren 11
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude