Eta Araba zer?

Analisi franko egin dira martxoaren 14ko hauteskundeen gainean, bai Estatuari buruz eta baita Hego Euskal Herriaz ere. Horrenbeste landu ez den eremua Arabakoa da, baina lurralde horretako emaitzek ere ematen dute zer pentsatu. Horregatik, datu horietatik abiatuta euskal gizartean Arabari buruz susmatzen dudan joera kezkagarri bat izango dut hizpide lerro hauetan; kezka bera beste nonbait azaldu dudan arren, gaiak duen garrantziagatik egoki deritzot hona ere ekartzeari.

Hauteskundeek Araban eman dutena, labur-labur, hauxe da: PSE-EEk botoen %31 eta Kongresuan bi hautagai atera ditu, PPk (%27) eta EAJk (%26) eserleku bana lortu duten bitartean. Askoz gutxiago izan dira EB, EA, Aralar-Zutik eta «baliorik gabeko boto» aukerek lorturiko botoak.

Eta Nafarroan egin bezala, «Araba Bai» edo antzeko hautesle-zerrenda bat osatu izan balitz, zer gertatuko zen Araban? Emaitza errealak aintzakotzat hartuz, EAJ, EA eta Aralar-Zutik-ek, hiruok elkarrekin baleko botoen %32 lortu dute. Hau da, ozta-ozta bada ere, balizko zerrenda bateratu hori lehenbiziko indarra izango zen. Eta boto horiei Bergarako proposamena bultzatu zutenen botoak ere gehituz gero, balizko hautagai-zerrenda bateratua botatuena izango zen, dudarik gabe. Horren ondorioz, euskal nazionalismoak Arabatik bi eserleku izango zituen Madrilgo Kongresuan eta beste hiru Senatuan. Oraingo emaitzekin, aldiz, lehenengoan bat atera du eta bigarrenean bakar bat ere ez. Galdutako aukera agerian utzita, zer dela-eta da akordio bat Nafarroan izatea eta Araban ez?

Susmo bat dut: beste euskal lurralde guztiek bezala, Arabak ere badu izaera propioa, baina euskal politikan eta kulturan zein euskalgintzan dihardutenek ez dute halakorik kontuan hartzen.

Eta hauteskundeetako emaitza errealez jabetuta, beste galdera bat egingo dut: zergatik sozialistek eta nazionalistek ez diete popularrei boterea kentzen Arabako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalean? Horretarako legitimotasun nahikoa dutelakoan nago, batetik, PP orain galtzaile gertatu delako eta, bestetik, 2003ko Biltzar Nagusietan EAJ-EAren zerrenda botatuena eta eserleku gehien atera zuena izan zelako. Zergatik, ordea, ez zaie popularrei boterea oraintxe bertan kentzen? Izango da sozialistei eta jeltzaleei, EAEko politikak dituen lehentasunen arabera, interesatzen ez zaielako?

Trebiñokoa ildo bereko beste adibide bat izan daiteke: enklabe hori Gipuzkoa edo Bizkaiko bihotzean kokatuta egonez gero, ez litzateke euskal auzi politikoen artean lehenengo lekuetan agertuko? Baiezkoan nago, baina orain soilik Araban eta noizbehinka hartzen da aintzakotzat.

Hel diezaiogun hizkuntzari ere. Arabako erakunde publiko nagusiek (Foru Aldundia eta Gasteizko Udala) euskararen normalkuntzan hutsaren hurrengoa egitetik gertu daude, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian horien pareko erakundeek egiten dituzten ahaleginekin alderatuz gero. Baina, hala ere, Araban dagoen hutsune hori estaltzeko Euskal Herriko eragileek ez dute ezer berezirik egiten.

Hona hemen beste kasu bat: Arabako irakaskuntzan B eredua nagusitzen da, baina zientifikoki probatuta dagoenez, B ereduak ez du euskarazko eta erdarazko gaitasun orekaturik bermatzen. Halere, D eredurantz joan litezkeen matrikulen kopurua areagotzen ez da ia inor behar beste saiatu; ez behintzat auzi horrek duen garrantziaren tamainan. Zergatik?

Gertakizun horiek ikusita, arestian susmo gisa azaldu dudana, orain hipotesi mailara daramat: Euskal politikan, euskal kulturan eta euskal sena duen guztian Arabari ez zaio garrantziarik ematen; ez du berezko lekurik. Araba euskal gizartearen interesguneetatik kanpo gelditzen da, neurri batean. Eta baliteke uste hori nirea soilik ez izatea, ezta egungoa ere; baliteke aurrekari historikoak izatea eta Arabako gizartean ondo errotuta egotea »Unidad Alavesa, besteak beste, hortik elikatuko zen».

Botatako hipotesian urrats bat gehiago emanez, esango nuke Arabako planteamenduak »hala politikoak nola linguistikoak edo kulturalak» EAErako edo Euskal Herrirako erabiltzen diren estrategien menpe daudela, guk ditugun berezko premiei eta berezitasunei jaramon handirik egin gabe. Eta hori erakunde publikoen zein herri ekimenetik sortutako taldetan gertatzen da.

Nafarroa, aldiz, kontuan hartzen hasia da. Lurralde horretan euskal nazionalismoak jasan duen porrota eta euskal kulturak pairatu duen zapalketa direla eta, nafarren neurrietara sortutako saioak hasi dira aplikatzen.

EAEko politikaren aterki pean kokatze hutsarekin Arabarako nahikoa dela uste dute gure buruzagiek; euren jardunak hori adierazten du, behintzat. Alegia, EAErako edo Euskal Herri osorako diseinatzen diren estrategiak eta ekimenak Araban ere mimetikoki ezartzen dira, euren egokitasun edota nahikotasunari erreparatu gabe. Eta hori arriskutsua da, Araba izan baitaiteke kate-begietatik ahulenetariko bat Euskal Herri baten egitasmorako. Horregatik ere Araba zaindu beharra dago.

Azaldutako susmoa, hipotesi mailan uzten dugu, oraingoz. Ea geroak ez duen berresten!


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude