Egia poliedrikoa


2004ko apirilaren 11n
«Truth is the daughter of time, not of authority». (Francis Bacon)
Kontrakorik onartzen ez duen egiarentzat euskaldunek "egia borobila" esapidea erabiltzen dute, geometria eta filosofia uztartuz, geometriaren formarik perfektuena eta filosofiaren muina bera elkarren ondoan jarriz. Baina ez dago egia borobilik kazetaritzan. Egia poliedrikoa izaten da beti, eta askotan »gehiegitan» gezurraren eta egiaren arteko mugak bereiztea lan nekeza izaten da.

Martxoaren 11ko atentatuek gordin-gordinean jarri dituzte agerian gezurraren eta egiaren arteko muga difuminatu, zail eta iheskorrak. Eta gutxitan bezala jabetu da gizarte oso bat »Espainiako gizartea kasu honetan, euskal gizartearena beste mekanismo psikologiko batzuek esplikatzen baitute» muga horiek benetan zein difuminatuak izan daitezkeen. Eta zein zaila den mugaz alde batera edo bestera gauden jakitea.

Nik arrazoia eman niezaioke Espainiako Gobernuari, esaten duenean gezurrik ez duela esan. Le Mondek "Estatu gezurra" erabili du Aznarren kabinetearen jokaera definitzeko, baina bereizi egin beharko genuke gezur hutsa eta "Estatu gezurra" gauza bera ote diren. Dudarik ez daukat, Espainiako klase politikoak oro har »eta Euskal Herrikoak ere bai» gezurra arma politiko gisa erabiltzeko eskrupulo moralik ez daukala. Baina, bai, ordea, gezurretan aritu dela lotsarik gabe aitortzeko. Espainiako Gobernuari lotsa ematen dio gezurretan aritu dela aitortzeak, onar dezagun hori. Eta dialektikoki besterik ez bada ere, sinets diezaiogun behingoz, eta eman dezagun ontzat benetan, gezurrik ez zuela esan.

Baina hori onartuta ere, ez dut inolaz ere onartuko Aznarrek "Estatu gezurra" erabili ez zuenik. Politikaren jarrera zinikoenetik abiatuta »Espainian agian kultura demokratikoa erabat eskasa delako, eta zer esanik ez Euskal Herrian, zinismoa politikaren osagai oinarrizkoa da», eta behar bada gezur bakar bat ere esan gabe, "Estatu gezur" ikaragarria sortu zuten, sinetsaraziz atentatuen egilea ETA zela »baina egia da M-11 hartako iluntzean bertan eman zutela jakitera ofizialki Alcalako furgonetaren berri, Koranaren zinta eta guzti». Eta ia larunbat gauera arte, bertsio horri eusteko gauza izan ziren »nahiz eta bestelako aztarna guztiak ere aipatu». Gizarteak jokabide normaltzat daukan zinismo lotsagabe horri esker, batez ere; baina baita Espainian inolako kontra-botere sendorik ez dagoelako, eta bereziki azpimarratu beharko genuke hor komunikabideen papera.

Nolabaiteko kontra-botere izan omen den Prisa taldeak krisi honetan zein paper jokatu duen zehaztea ikertzaileen lana izango da. Baina Prisaren estandarteak, El Pais egunkariak, hanka sartze historikoa egin zuen, edizio berezi batean atentatua ETAri leporatuz. Jesús Ceberiok barkamena eskatu die bere irakurleei, baina kazetaritzaren oinarrizko arauak alde batera uzten dituenari horrelakoak gertatzea normala da. Iturri bakar bati itsu-itsuan sinesten diona ez da kazetaritza ona egiten ari, berdin dio iturria Aznar edo Espiritu Santua bera izan. Baina komunikabideen paper eskasaz haratago, bestelako kontra-botererik ere ez zen agertu ordu haietan. PSOEk dio orain, berak bazekizkiela hainbat gauza, baina "arduraz jokatzeagatik" ez zituela argitara eman. Pentsatzekoa da PSOEk baldin bazekizkien, beste batzuk ere jakingo zituztela, baina horiek ere ziurrenik "ardura politikoaren" atzean ezkutatuko dira. Jakinaren gainean egonda, «Estatu gezurra» salatu ez eta bere jarrera ardura politikoaren argumentuarekin justifikatzen duena bi gauza argi erakusten ari da: bera ere gauza dela, gaur edo bihar, «Estatu gezurra» erabiltzeko, nahiz eta inoiz gezur bakar bat ez esan; eta bigarrenez, despotismo ilustratutik oso gertu dagoela: "Dena herriarentzat, baina herria baztertuz".

Gaiak askoz ere gehiagorako eman dezake, baina Espainiakoari dagokionez hontan utziko dut, errepikatuz, zorionez, Espainiako gizarteak debate hau zabalik daukala dagoeneko eta, asko gutxi, debatearen osagai ugari ari direla mahai gainean azaltzen.

Bestelako kontua da Euskal Herrikoa. Mekanismo psikologikoak aipatu ditut gorago, eta nahiz eta honako hau generalizazio merkea izan, hemen jendeak arnasa hartzea bezala behar zuen martxoaren 11 hartan, egilea ETA ez zela izan jakitea. Eta jakin zuen arte, ez zuen arnasarik hartu »ETAri ze pentsa eman beharko liokeen datua, zalantzarik gabe». Eta »kezkagarriena» jakin zuenean erabat hartu zuen arnasa, handik aurrera gertatutakoa guri ez balegokigu bezala. Iruditzen zait kultura demokratikoaz, botere banaketaz, komunikabideen paperaz eta beste hainbat konturen inguruan badagoela zer eztabaidaturik Euskal Herrian ere. Eta beldur naiz, aukera hau alferrik galtzen ez ote dugun utziko, gurea Arcadia zoriontsu eta eder bat dela pentsatuz, eta arazoak espainiarrek dituztela.

Bacon-ek zioen denboraren poderioz ezagutuko dugula egia, baina Descartesekin batera, hobe izango dugu egiaren bila gabiltzan bitartean, aurkitzen ditugun datu guztiak zalantzan jarri, eta bakar bat ere ez sinestea. Bat ere ez. Egiak aurpegi asko dituelako, eta matematika salbu, egia filosofiko, metafisiko, moral, judizial edo periodistikoek ez dutelako zertan bat etorri. Poliedrikoa delako, eta ez borobila. Egia.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude