Argitalpenak


2004ko apirilaren 11n

Harri txintxolak
Jean-Louis Davant
Elkar
110 orrialde
11 euro



Davanten olerkigintza klasikoa


Bertso librean idatzitako poemarik ere baden arren -hala nola Bitoriano Gandiagari eskainia-, sonetoa da gehien agertzen dena Jean-Louis Davanten Harri txintxolak olerki sortan. Zuberoa du ama eta gainerako Euskal Herria emazte maite Davantek, eta urteko lau sasoiei eskainitako olerkiekin lana hasten badu ere, berehala da bere sorterria den Zuberoako lur eta jendeei zubereraz eta Euskal Herria osoari euskara batuan Herriminez kantatzen. Eta heriotza bakoitzaren ezin baztertuzko pasarte bortitza bada ere, haren aurrean itxaropena agertu nahi izan du Biziminez olerkariak, itxaropena beste guztien gainetik dagoen bertutea delako berarentzat. Eta azkeneko atalean, zendutako hamasei idazle eta euskaltzain lagun omendu ditu.


Zer da psikoanalisia?
Batzuen artean
Gaiak
151 orrialde
15 euro



Psikoanalisia eta beste psikoterapiak


Gaiak argitaletxeko aditu talde batek psikoanalisiaren teoria eta praktika aztertuz osatu duen liburu honen izenburu zehatza Zer da psikoanalisia? -Inkontzientea, Super-nia, Libidoa, Terapiak- da, eta gutako bakoitzaren barnean dagoen inkontzientea aztertzetik hasiz, super-ni kontzientearen eta inkontzientearen nondik norakoak agertu eta gizakiaren garapenean eta bizitza psikikoan psikoanalisiarentzat hain funtsezkoa den sexualitateari buruzko azalpenak eman eta gero, sendabide psikoanalitikoaren gaiari heltzen zaio bertan. Ondoren, XX. mendearen erdialdeaz geroztik Freuden lana berrikusi eta alditan bazterrera ere utzi zuten teoria eta ikuspegi psikoterapeutikoen berri ere ematen da liburuan.


Euskal Gaiak (H). Euskal Herriko Historia
Susana Truchuelo, Marta Truchuelo
Ibaizabal
142 orrialde
13 euro



Gure historian barrena


Historiaurretik hasi eta gaur arte Euskal Herriak bizi izan dituen historiako pasarterik gogoangarrienak jasotzen ahalegindu dira Susana eta Marta Truchuelo Ibaizabal argitaletxeak Euskal Gaiak bilduman plazaratutako liburu honetan. Hona landutako garai batzuk: Euskal lurretako giza presentziaren lehen lekukotasunak, euskaldunak erromatarrek lurraldea konkistatu zuten garaian, geroztik jasan zituzten inbasioak eta lurraldeen lehen zedarriak, Nafarroako erresumaren irmotzea eta gainbehera, bandoen arteko gerrak, erregimen foralen finkatzea eta sistema horren krisia, liberalismo politikoa, karlistaldiak, klase gizartearen ezartzea eta bilakaera, aldaketa demografikoak, Primo de Riveraren diktadura, 1936ko Gerra Zibila eta ondorengo diktadura, trantsizioa, sistema autonomikoa, Europan txertatzea...


Euskaltzaindia-ren arautegia. Euskaltzaindia-ren barne-erregelak
Batzuen artean
Euskaltzaindia
66 orrialde



Euskaltzaindiaren arautegia


1982an argitaratu zituen Euskaltzaindiak Arautegi eta Barne-Erregelak. Ordutik hona urte asko igaro dira, ordea, eta harrezkero arau multzo horren testuan aldaketa batzuk ere egin direnez, komenigarria iruditu zaie Euskaltzaindiakoei Arautegia eta Barne-Erregelak berriz argitaratzea, edizio eguneratu eta zuzendu batean, Euskaltzaindiaz interesaturik dauden guztiek bere jardueraren oinarriak zeintzuk eta nolakoak diren jakin dezaten. Aldaketa batzuk Espainiako Presidentziako Ministerioak 2000ko otsailaren 25ean onartutako Errege-Dekretuaren ondorio dira, hala nola, 1, 5, 15, 17, 18, 19, 20, 25, 27, 28, 36, 40 eta 41 artikuluei dagozkienak. Aldiz, beste batzuk formazko aldaketa txikiak baino ez dituzte.


DodecaSexual
Eseté batzuek
Amasté Comunicación
146 orrialde
5 euro



Sexu harremanen hamaika aurpegi


Bilboko Amasté Comunicación-ek plazaratzen duen Eseté aldizkariko azkeneko zenbakiak izenburu hauxe du: DodecaSexual eta, beti ere umore ukitua baztertu gabe, sexu harremanen gaineko hamaika jarrera eta iritzi azaltzen ditu bertan: Paperean irudika daitezkeen hainbat sexu-fantasia, larunbat gau batez porruak erre eta porno filmak ikustera elkartzen diren sei nesken arteko sexu grin eta gogoei buruzko elkarrizketa, koitoari uko egitera ausartzen den emakumezko baten aitormenak, sadomasokismoan murgildurik ibili den batek kontatutakoak, porno munduan makilatzaile gisa dabilen mutila, bere bikoteari nola negar egin arazi dakienaren jarrera likitsa eta abar luzea.


Ni ez naiz txerria
Pello Añorga, Jokin Mitxelena
Elkar
36 orrialde/ 5,70 euro



Gure buruarekin konfiantza izatearen onurak


Lagunekin haserre dabil Joannes, Pello Añorgak asmatu eta Jokin Mitxelenak marraztutako Ni ez naiz txerria kontakizuneko protagonista. Izan ere, mutiko horri "txerria" deika hasi zaizkio ordura arte adiskidetzat zituen guztiak, orri txuri batean irudikatu dituen hamaika gauza eta koloreen artean txerri hori bat marraztea bururatu zaiolako. Txerri maitagarria da, kurrin-kurrin egiten ari dela ematen duen horietakoa, baina Joannesek ez du inolaz ere nahi bera inork txerritzat hartzea. Zer egin horretarako, ordea?


Euskaldun
fededun
Belen Altuna
Alberdania
374 orrialde
21 euro



'Euskaldun ona' izateko modu baten historia


Integrismo katolikoaren garairik ilunena islatzen saiatu da Belen Altuna Euskaldun fededun. "Euskaldun ona" izateko modu baten historia saioan. Historialariak bat datoz Euskal Herrian katolizismoak eduki duen indarra eta garrantzia azpimarratzerakoan, beste inguruko herrietan baino eragin gehiago izan zuela esatean. "Euskaldun fededun"en ospea oso zabaldua izan dugu urte askotan eta estatistikoki ere frogatua omen dago inon baino apaiz gehiago egon direla gurean. Bada, horren guztiaren abiapuntura eramaten gaitu Altunak bere lanean, duela berrehun bat urte euskaldunen bizimodua arautzen zuen moraltasun erlijiosora hurbilduz. Eta oraindik ez asko, duela berrogeita hamar bat urte ere indarrean zirauen katolizismo estu bezain zorrotzak giza kontzientziak eta jokabideak nola itotzen zituen Euskal Herrian azaltzeko, garaiko testu erlijiosoetara jo du, euskaraz nahiz erdaraz orduan idatzi ziren sermoiak eta doktrinak arakatuz, kontuan izanik haien bidez iristen zitzaiola jendeari jaso beharreko mezua, Elizari eta botereari interesatzen zitzaiena, sermoilari haiek boterearen eta herri xehearen arteko bitartekariak zirelako.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude