Asko ez bada ere, badugu Julio Cortazarren zerbait euskaraturik. Oktaedroa izeneko ipuin liburua, zehatz esateko, 1992. urtean hor nonbait Gerardo Markuletak euskaraturikoa. Liburua Literatura Unibertsala bilduman agertu zen, eta sail hartako hogeita laugarrena izan zen. Markuletak berak liburuaren hasieran azaltzen duenez, ez zen erronka makala izan Cortazar euskaratzea, "itzali gabe itzuli", berak hitzaurrean idatzi zuen bezala. Lan txukuna baino gehiago egin zuen Markuletak, areago garaiko baldintzak eta eskarmentua kontuan hartuz gero. Oktaedroa 1974. urtean agertu zen, idazleak 60 urte zituenean, eta zortzi ipuin biltzen ditu. Konpromiso politikoaren garaiak ziren, urte hartan hartu baitzuen parte Cortazarrek Russell epaitegian, Hego Amerikako giza eskubideen urraketak aztertzeko propio sortu zen epaitegian, hain zuzen ere. Probaleku ederra, gure hizkuntzarako, Cortazarren prosa oparo, konplexu eta jostaria. Jatorrizkoan irakurri nahiago omen duten aurreiritzia gailendu omen da, ordea: harrez gero ez dugu Cortazarrenik euskaraz ikusi.