ARGIA.eus

2022ko abuztuaren 19a

Mila eta bat errezeta etxeko sukaldean egiteko

  • Euskalduna zara? Sukaldean aritzen zara? Bada, hartu liburu hau. Sukaldean (mila eta bat errezeta etxean egiteko) liburua horrela saldu digu Hasier Etxeberriak, liburuaren egileetako batek. David de Jorgek eta berak argitaratu berri duten liburu mardularen filosofia horixe da, etxeko sukalderako errezetak prestatzea, gure betiko produktuekin. Sukaldeko lana batzuentzat zigor bihurtu da, baina egileek ez dituzte hauek gogoan, etxeko txokorik ederrenean plazera bilatzen dutenak baizik.
2004ko otsailaren 15a
Babak saltsan nola jarri asmatzeko euskarazko liburutara jotzeko arazoak ikusten zituen Hasier Etxeberriak. Simone Ortegaren liburua eta Paul Bocuse-rena izan ditu erreferentzia, biak gazteleraz. Euskaraz badira sukaldaritzari buruz idatzitako liburuak (bereak tartean), baina "partzialak" Etxeberriaren ustez. Bi urte eta erdiko lana aurreikusi arren, David de Jorge sukaldaria animatzea lortu zuen eta errezeten bidaiari hasiera eman zioten. Hasier Etxeberria liburuaren kontzeptua zehazteaz arduratu da, nolako sukaldaritza egin, nolako errezetak aukeratu... Sukaldarien joera »gauza zailak eta exotikoak egitea» bazter batean utzi asmoz fiskal lanak bete ditu Etxeberriak. Errezeten ardura De Jorgeren esku egon da hein handi batean. Harenak, Etxeberriarenak eta bien ingurukoen errezetak bildu dituzte liburu honetan.

Liburu zintzoa

Hala dio Etxeberriak, liburu zintzoa dela. Plater on bati ezaguna zitzaiguna gainditzea eskatzen diote eta aitortzea zintzotasuna, ekonomikoa izatea... Etxeko sukaldean egiteko errezetak dira, gehienak bi egileek urteetan zehar prestatutakoak eta dastatutakoak. Hitz anpulosoa dela uste duen arren "ondoriozko sukaldea" deitu diote bildutakoari. Hurbiletik ezagutu dituzte sukaldeak eta sukaldariak, asko ibili, ikusi eta irakurri dute eta egindako bide horren ondorioa da liburua. "Amek egin izan duten sukaldea da, gure garaietara egokituta, bidean ikusi ditugun gauza onenekin". Sukalde egokitua dela azpimarratu du Etxeberriak, mikrouhin labeari, eltze espresari muzinik egin gabe. Ezin esan daiteke sukaldaritza tradizionala denik.

Arretaz jan nahi duenarentzat egin dute liburua eta ez "komunera joango balitz bezala jaten duenarentzat". Plazera baita Etxeberriaren ustez zer jango duzun pentsatzea, erostea, egitea, zerbitzatzea eta jatea. Denetariko platerak dira, dena dela, gustuz egitekoak, baina baita ihes egitekoak ere, erraz-errazak.

Plutonetik etorritako errezetak

Satanbelarretan beratzen utzitako itsastrikuaren gibelaz betetako txinaurri marinatuen errezeta ez dago liburuan eta ez liburu lodikotean sartzen ez zelako, bi egileek modu horretako sukaldaritza urruti ikusi nahi dutelako baizik. Sukaldarien mundua ezagutzen dute bai Etxeberriak bai De Jorgek eta haien jarreraz kokoteraino daudela aitortu dute: "Beren burua pentsalari sakon moduan agertzen dute, Descartes moduan. Ezagutzen ditugu eta badakigu ez direla Descartes. Jarrera adanistikoa ere badute, haiek baino lehen inor egon ez balitz bezala eta hori ez da egia. Beti egon dira sukaldariak eta etxeetan zer esanik ez. Sukaldariaren pose magnifiko hori ez zaigu gustatzen, nahiz eta sukaldari denak ez diren horrelakoak". Jatetxeetan txorakeria asko ikusten dela dio Etxeberriak, gauza on askoren alboan, noski. Funtsezkoaren ondoan, ordea, alferrikakoa edo anekdota aurkitzen omen da. Sukaldaritza liburuetan ere gabeziak ikusten dizkie sukaldari hauei. Liburu partzialak argitaratzen dituzte edo "Nire sukaldea" modukoak. Azken honen moduko liburuetako errezetek etxean egiteko ez dutela balio dio Etxeberriak.

Labeari puntua hartzen

Liburua prestatzen igarotako bi urte eta erdiko jardunaren ondoren bikain atera zaien errezetaren berri kontatzeko eskatu diogu Etxeberriari. Ez digu bat bera ere bota. Errezeta bikainen artean bikainena baino, labea zuen gogoan. Sukaldeko lankideak labea erabiltzen erakutsi dio, tenperatura eta iraupena kontrolatzen, urari begiratzen... lehen ondo erretzen zuen arkumea orain askoz hobeto ateratzen omen zaio. De Jorgek erakutsi dion beste kontu bat ere aipatu digu, baita gure etxean probatzeko aholkatu ere; tenpura du izena. Ia beti erabiltzen den irinarrautzeztatzearen ordez erabil daiteke. De Jorgek goi mailako sukaldaritzatik ekarri du tenpura eta jakiak goxoagoak, arinagoak ateratzen dira. Milatik gora errezetetan perbertsioren bat ere sartu dute, eta ogitartekoen zerrendara zuzendu gaitu Etxeberriak. Liburu honen aurkibidean badago norbaitek probatu duenaren seinale: txokolatea oliba olioarekin. Labean edukitako ogiari eta txokolateari olio gordina isurtzeko diote egileek eta gatz pixka bat bota ondoren, ogitartekoa dastatu dezakegu.

Liburuan ez galtzeko modua

Aurkibidea prestatuta dagoen moduan pentsatu dituzte errezetak ere. Etxean erabiltzen diren ohiko produktuak zerrendan jarri dituzte, hala nola, arroza, pasta, arrainak, lekariak... eta produktu bakoitzeko errezeta sorta prestatu dute. Errezeta kopuruak produktuaren arabera zehaztu dituzte. Oilaskoa adibidez, asko jaten den produktua da eta beraz, haren errezeta dezente prestatzen saiatu dira.

Bi aurkibide ditu liburuak. Bata produktukakoa da. Aza, garbantzuak edo oilaskoa baduzu etxean, hitz horien bila abiatu eta bakoitzarekin egiteko moduko errezetak aurkituko dituzu. Bigarren aurkibidea multzokakoa da. Afari bat prestatu behar baduzu eta ez badakizu nondik hasi jo bigarren aurkibide honetara. Arrainen bat prestatzeko gogoa baduzu arrainen atalera abiatu eta hor arraina oinarri duten errezeta guztien zerrenda aurkituko duzu. Bi aurkibideez gain, hainbat gomendio ere badatoz tarteka liburuan: Arrautza nola egosi? Adreilua bezain gogorra gelditu den izozkia nola ekarri bere onera? Arrautza nola frijitu? "Gauza hauek galdetzeak ere lotsa ematen digu, baina ondo egitea inportantea da", dio Etxeberriak.

Mugurdiak, ziazerbak eta abokata

Liburua goitik behera euskaraz dago, baina makina bat aldiz etena egin behar izan dute terminoak euskaraz nola jarri asmatzeko. Batzuetan ez dute euskarazko ordezkorik aurkitu eta asmatu egin behar izan dute, adibidez ttotto beroa deitu diote hot dog-ari. Besteetan, egunero erabiltzen ez diren euskarazko izenekin aurkitu dira: mugurdia (franbuesa), alberginia, kuia... Nahiz eta termino ezezagunak izan, euskarazkoa dagoenean hala jartzea erabaki dute, azken finean, ikasi beste erremediorik ez dagoela-eta.

Egileak

David de Jorge: Sukaldari profesionala izandakoa da, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Michel Guérard eta Martin Berasategi izan ditu maisu, besteak beste.
La joven cocina vasca eta El mercado en el plato liburuak argitaratu ditu beste batzuekin batera.
Orain, Martin Berasategi eta Andoni Luis Adurizen jatetxeentzat kudeaketa lanak egiten ditu.

Hasier Etxeberria: Betidanik etxean sukaldean aritutakoa da. Gastronomia telebistara eraman du, baita sukaldari ospetsuak ere.
Gastronomiari buruzko hiru liburu argitaratu ditu bakarrik eta lagunduta: Sukaliztegi partikularra, Erabateko sukaldea eta Gipuzkoako gastronomia.

Mila eta bat errezeta ARGIAn
Datorren astetik aurrera Hasier Etxeberriak eta David de Jorgek egindako liburuaren edukiaz gozatzeko aukera izango dugu orriotan. Astero-astero liburuaren egileek "mila eta bat" errezeta horietatik aukeratutako plater bat eta sukalderako gomendio bat izango ditugu irakurgai. Irakurtzeaz gain, sua piztea gomendatzen dizuegu eta zein goxoa atera zaizuen adierazi nahi badiezue egileei, hona beraien helbide elektronikoa: sukaldeanfree.fr

«Sukaldean»

Lur argitaletxea
798 orrialde
1.087 errezeta
Prezioa: 30 euro
Erabiltzekoa
Ez dauka irudirik liburuak. Datu base bat da, sukaldean olioz zikintzekoa.
Itzulpenak
Gazteleraz argitaratuko da laster eta frantsesezkoa ere egingo dutelakoan dira.
Ingelesera itzultzeko ahalegina ere egingo dute, batik bat Estatu Batuetan saltzeko.


Azkenak
2022-08-19 | ARGIA
Poloniako fiskaltzak Pablo Gonzalezen espetxealdia luzatzeko eskatu du berriz

Otsailaren 28an atxilotu zutenetik daukate espetxean Pablo Gonzalez kazetaria. Ia erabat inkomunikatuta daukate Poloniako segurtasun goreneko espetxe batean.


Bermeora ur edangarria itsasontziz garraiatzen hasi dira

Santurtzitik itsasontziz eramaten dute ura eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunen arbera uraren kalitatea bermatuta dago. Behin-behineko neurria da eta epe luzerako irtenbidea Zadorrako ura Mungiatik Bermeora eramateko hodia egitea dela adierazi dute. Eguzki mugimendu... [+]


2022-08-19 | ARGIA
Irailaren 3an egingo dute Altsasuko Ospa! eguna

Beste urte batez antolatu dute Ospa! eguna Altsasun. Poliziaren "normalizazio garaian" indar polizial ororen beharra ukatuko dute irailaren 3an.


2022-08-19 | ARGIA
Zarauzko Putzuzulo gaztetxea eraisten hasi dira

Iragarrita zegoen uda honetan lehenago edo beranduago Zarauzko Putzuzulo gaztetxearen eraikina eraitsiko zutela. Aste honetan hasi dira hormak botatzen eta hezurdura baizik ez da geratzen ia. Gaztetxe berria atontzen ari dira dagoeneko beste kokaleku batean.


Irakurrienak
ASTEKARIA
2004ko otsailaren 15a
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude