"Abertzaleak ez dira gure aurkariak, ez gaude ados besterik ez" erran duzue. Zerk ezberdintzen zaituzte abertzaleengandik?
Hasteko, gu zer garen zehaztuz joan behar dugu, emeki-emeki. Anartean, guk badakigu nortzuk diren aurkariak: inmobilismoaren ordezkariak. Nahiz eta alderdi abertzaleen helburuekin eta bitartekoekin ez gatozen bat, gauza asko partekatzen dugu haiekin. Halaber, ez dugu euskal nazionalismoarekin guztiz bat egiten. Adibidez, ez dugu Euskal Herria Europaren barnean berdin ikusten. Helburuez gainera gure programaren eta baloreen defentsa aplikatzerakoan ezberdintzen gara.
Hegoaldeari begira nola ikusten duzu zuen mugimendua?
Bistan denez, guk ezin dugu Ipar Euskal Herria aintzat hartu Hegoaldeari so egin gabe. ABk hori egiten du, baita ontsa egin ere. Bertako alderdi abertzale bakarra da. Guk ere landu nahi dugu Hegoaldearekiko bidea, ez diogu bizkarra eman nahi. Baina, Euskal Herriaren eraikuntza Europaren testuinguruan egingo bada, Euroeskualdeen bidez izango da, bestela nekez. Zentzu honetan, gure ustez, Akitania edo Aragoi eta Errioxa bera aintzat hartu behar ditugu Europako beste eskualde edo erregioekin konkurrentzian sartzeko. Gauza bat da euskaldun gisa gure idealak, eta beste gauza bat da ekonomia.
Aldi berean, esate baterako, beste lurralde horietako biztanleei -hala nola frantsesei- eskua emateagatik ez diogu gure abertzaletasunari uko egiten. Abertzaletasunak norabide horretan eboluzionatu behar du, oraindik ez du bide hori nahiko urratu. Biharko Euskal Herria gure barnea irekiz egingo dugu, ez gure baitara bilduz.