Sonia Gonzalez: "Nobela gehienak gizonek idazten dituztenez, ohiz guri beti egokitzen zaigu lorontzi rola"

  • Labanaren ertzean bizi dira Sonia Gonzalezen "Ugerra eta kedarra" nobelako pertsonaia nagusiak, neska bi. Labanaren ertzean, batez ere droga kontuagatik. Behin baino gehiagotan Kat gazteak Bilboko Erriberan duen etxeko leihotik begiratzean La Naja azpiko yonkiak ikusten ditu, eta pentsatzen jartzen da Ebek eta biak nolako suertea daukaten haien moduan ez egoteagatik. Beraiek ere beti dabiltza gora eta behera, baina dirua daukate, etxea, ez daude hain galduta oraindik! Baina horren beldur dira. Urrats bat gehiago eman eta beste yonki horien moduan bukatzeko beldur dira. Drogak hartu ahal izateko, diru pila behar dute, eta diru hori ateratzeko -lanik egin gabe, jakina- zer edo zer egin behar, horrek dakarren arrisku guztiarekin. Hona, laburbildurik, Sonia Gonzalezen nobela bizkor bezain zirraragarri honen oinarrian dagoena.

2003ko azaroaren 02an
Nola azalduko zenuke zure pertsonaia nagusiak daraman bizimodua?
Bizimodua baino gain-bizimodua daramala esanaz. Behintzat liburua hasten den une horretan. Ze gero atzera jauziak daude, azaltzeko andre biak nola elkar ezagutu duten, eta horrek bestelako xarma dauka, baina ondorengo bide horren hasierako lilura da. Alaiki hasten dira, eta bide horretatik jarraitzen dute, eta gero eta gehiago korapilatzen da, eta gero eta zailago da, eta gero eta aspergarriago da dena, eta gain-bizi egiten dira. Hartu dute bide bat eta gero jada nahiko berandu da hortik irteteko eta bestelako bizimodua egiteko. Nolanahi ere, izan liteke bestelako bizimodua aukeratu eta bestelako modu batean gain-bizi behar izatea… Altxa goizeko 6etan, beharrera joan, bazkaldu, beharrera joan, etxera, telebista aurrean egon, lo egin. Hori ere gain-bizitzea izan liteke, ez? Nobelako pertsonaia nagusien bizimodua ez da hori, beraiek gain-bizi dira egoera latzago batean. Baina gazteago zirenean pentsatzen zuten bizitza ezberdina izango zela, bestelako gauzak tokatuko zitzaizkiela bizitzan, eta gero ohartzen dira eurek aukeratutako bide horretan ere ez dagoela ezer zoragarririk; hau da, ez dagoela ezer zoragarririk inoiz.

"Ugerra eta kedarra" jarri diozu titulutzat. Azken urteotan Bilbo dezente aldatu da. Oraindik badagokio izenburua?
Egon badago gaur ere Bilbon ugerrik eta kedarrik, gertatzen dena da apur bat estalita dagoela, Bilbo azpiegitura handien hiria bilakatzen ari direlako: tranbia, pasealeku luzeak, etxebizitza garestiak… Baina hori Bilboren parte bat baino ez da. Eta dena dela, nobela urte batzuk atzerako kokatzen da; laurogeiko hamarkadan eta apur bat beranduago ere, 90eko hamarkadaren hasiera ere ageri baita bertan.

Garai haietan Bilbon zebiltzan "tribu" gehienak irudikatzen dituzula esango nuke. Eta haiek ibiltzen ziren taberna eta lokalen deskribapena ere egiten duzu, batzuetan nahiko gogorra. Bilbo ez da hiri txikia, baina bertako Alde Zaharra bai. Inor haserretzeko beldurrik ez al duzu izan?
Ez! Beno, niri ez dit inork horrelakorik esan, eta baten bat haserretzen bada ere, berdin zait.

Euskaraz idazteak askatasun gehiago ematen al du horrelakoak egiteko?
Gutxiagok leituko dutelako, esan nahi duzu? Alde horretatik nahiago nuke jende askok irakurtzea. Zenbat eta gehiago izan euskaraz normalean leitzen dutenak, orduan eta hobeto. Gehiago izango direla haserretzen direnak? Bada, berdin-berdin zait.

Gaztetxera zihoazenak, adibidez. Marjinatu kopuru handia biltzen al zen han?
Ez! Nik ez dut pentsatzen nobelan hainbeste jende marjinal agertzen denik. Gainera, aipatzen direnetatik batzuk benetakoak dira. Ja, ja! Esate baterako, arratoia txupa barruan zuela ibiltzen zena. Nik morroi hori Gaztetxean ezagutu nuen. Nolanahi ere, "Ugerra eta kedarra" nobela bat da, ez memoria liburu bat edo saio bat, eta pertsonaia gehienak eta istorioak asmatutakoak dira, nahiz eta benetako lekuetan ibili.

Taberna batean dagoen neskari ezezagun batek diru mordo baten truk hilketa bat egiteko proposatzea ez da oso arrunta, ez? Eta berak onartzea ere…!
Tipoak ondo ezagutzen du neska! Bere erreferentziak dauzka, eta badaki nor den eta zelako gauzetan sartuta ibiltzen den. Neskaren erantzuna harrigarria dela? Beno, diru beharra du eta une horretan alkohol artean eta erdi atxurtuta… onartu egiten du. Gero pentsatzen du beharbada arinegi jokatu duela. Baina aurrera egiten du.

Zer azaldu nahi izan duzu bereziki nobelan?
Normalean jendeak "marjinalitatea"-edo deitzen duen horren barruan dabiltzanen bizimodua eta sentimenduak azaltzeko gogoa neukan, baina ez kanpotik, barrutik baizik. Ezagututa. Ze askotan agertu izan dira oso ondo bizi den jendeak horren gainean dituen irudi eta aurreiritziak, baina zuk bertatik bertara ezagutzen baduzu, bestelako irudia eman behar duzu. Eta erakutsi nahi nuen ez direla pertsonaia lauak. Izan ere, normalean horrelako munduak adierazteko modu laua erabiltzen da: pertsonaiak oso galdurik daude, oso gaiztoak dira, ez dute ganorazko ezer egiten, ez daukate sentimendurik edo baldin badituzte ere ez dituzte adierazten. Eta nik horri guztiari alderdi humanoa eman nahi nion. Azken batean, pertsonak dira, ez azpipertsonak edo behe mailakoak. Ez. Mundu guztia bezalakoak dira.

Zerk bultzatzen dituen hau eta bestea egitera azaldu nahi al zenuen?
Batez ere zer sentitzen duten, nola bizi diren egunez egun, eta nolako gauzak dauzkaten buruan. Eta hau inportantea da niretzat behintzat: pertsonaia nagusia andre bat da, eta horren inguruan garrantzi handia dauka beste andre batek ere.

Kat-en laguna den Ebek? Nobelako pertsonaiarik samurrena iruditu zait.
Eta hala da, diferentziaz gainera! Eta bi andre horien inguruan eratzen da istorioa. Nobela gehienak gizonek idazten dituztenez, ohiz guri beti egokitzen zaigu lorontzi rola; hau da, gizon batek eratzen du istorioa eta horren inguruan eta horrekin batera garatzen gara gu, ez daukagu garapen pertsonalik.

Zure pertsonaia nagusiak duen bikotekidea ere ez da oso ohikoa. ETAko kidea izanik hain proselitismo gutxi egitea maite duen neskari…
Mundu bi dira. Nolanahi ere, nik ez nuen ezker abertzaleko kontuarekin etengabe aritu nahi liburuan, pentsatzen dut horretarako beste eremu batzuk ere badaudela eta hemengo literaturak ez duela beti ibili behar gauza berdinaren inguruan. Egia da ETAko kidea agertzen dela nik mundu bi horiek batzeko gogoa eduki nuelako. Bale, hori ere beharbada ez da oso sinesgarria, ez dakit ze punturaino. Baina nik elkartzeko gogoa eduki nuen, eta fikzioa denez, mundu biak uztartu nituen. Dena den, Eñauten figurak hainbesteko inportantziarik ez du.

Woll Damm garagardoari propaganda pixka bat egin nahi izan al diozu?
Eh, Heineken ere agertzen da! Horrek sinbolismoa ere badauka. Heineken errubixagoa da eta Woll Damm, berriz, ilunagoa eta zapore fuerteagoa dauka. Horregatik andreak Woll Damm edaten du beti, eta besteak Heineken. Ja, ja!

Asko kosta al zitzaizun nobelan agertzen diren armen berezitasunak-eta jakitea?
Batere ez! Internet asmakizun zoragarria da. Ipintzen duzu "armas" eta denetarik agertzen zaizu.

Nork bere buruaz beste ondo egiteko aholkuak ere Interneten jaso al dituzu?
Ez! Oso aholku onak dira, baina horiek herri jakituriatik hartu ditut.

Loa ez omen da inuzentea. Hala dio zure pertsonaietako batek…
Ez da, ez. Normalean baten bat lo ikusten dugunean, beti pentsatzen dugu oso gustura dagoela. Baina hori ez da beti hala izaten. Ametsaren arabera! Normalean ametsak ez dira batere inuzenteak izaten, nire kasuan behintzat. Amesgaiztoak badira, beharbada aurpegian ez da igarriko baina txarto pasatzen ari zara. Eta okerrena da hurrengo egunean, gogoratzen duzunean… Batzuetan amets batzuk buruan markatuta gelditzen zaizkizu hainbat urtetan, ez? Eta normalean horiek amesgaiztoak izaten dira.

«Ugerra eta kedarra»ren egilea
Barakaldon sortua dugu Sonia Gonzalez. Euskal Filologia ikasia, Deustuko Unibertsitatean, eta bertako irakasle izana pare bat urtez. Gaur egun, LAB sindikatuan lan egiten du. Idazle gisa, "Sagarroiak" poema liburuarekin eman zen ezagutzera, lan horrekin Euskaltzaindiaren Felipe Arrese Beitia saria irabazi ondoren. "Ugerra eta kedarra" nobela ere garai bertsuan idatzi omen zuen, alegia 1999-2000 urteetan, eta kaxoi batean gorde, harlik eta Txalaparta argitaletxearen deia jaso zuen arte. Orduan kaxoitik atera eta "Ugerra eta kedarra" errepasatzeari ekin zion. Eginkizun horretan urte oso bat pasatu zuen.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude