San Kristobalen haginak

Iturrieta gainean (999 metro) ekin diogu ibilbideari. Autoa Iturrietako Partzuergoa dioen kartelaren ondoan utzi dugu. Zuzen-zuzen bidexka bat hasten da. Bidexkan sartu eta ibilbidearen nondik-norakoak aztertu ditugu: hego-ekialdean dago San Kristobal, gure ezkerretara. Ur depositoa baino lehenago ezkerrera hartu dugu. Kotxe inguruan ikusi dugun elorriarekin gogoratu gara. Hostorik ez bazuen ere, mihura izeneko landare erdi parasito batek hartua zuen. Mihura beste landareetaz elikatzen da, baina aldi berean fotosintesia egiten du.

Bidean aurrera goaz. Gora-beherako txiki bat egin dugu eta bidegurutze batera iritsi gara. Bidegurutzera heltzerako zabalune bat igaro dugula kontuan izan. Malda leunean goaz orain. Ondoren, harrizko horma aurrez aurre izango dugu eta bera erabiliko dugu erreferentzia bezala.

Hozkailuak dauden inguruetara iritsi garenean berauek elurrik gabe (guk elurtuta ikusi baikenituen) nolakoak diren gogoratu dugu: erreten sakon-sakonak. Ipar ingururantz begira paraleloki daude jarrita. Hozkailuek luzeran 100 metro baino gehiago dute, zabaleran 5-10 metro eta sakoneran 20 metro inguru duten bi arrakala.

Morfologia karstikoa du inguruak eta etendura hauetan, pagadiko itzaletan ez bezala, zuhaitz gehiago ikus daitezke: haginak, lizarrak, astigarrak...

San Kristobalen haginak ikusi eta gainaldera iristeko azken aldapak igo ondoren antena handi baten ondoan bailarari begira egin ditugu haginkadak, ogitartekoari, noski. Pagaditik zehar beherantz egin dugu gero. Orduerdi batean Uribarriko lepoa deitzen den lekuraino iritsi gara. Okilak iseka-edo egin digu bere dei bereziarekin. Mendixka honetatik, haranetik hurbil, hasierako bidexkara jaitsi eta Iturrietako etxaldeari begira itzuli gara

Taxus baccata: Heriotzaren zuhaitza

Nahiz eta 20 metrorainoko altuerara iritsi, askotan zuhaixkaren itxura izaten du. Bere itxurak, kolore berde ilunak eta enbor lodiak, nabarmentzen du zuhaitz eder hau. Hosto iraunkorrak eta azpialdetik berde horixkak ditu. Bere egurra berriz, oso gogorra eta trinkoa da. Altzarigintzan eta tornu lanetan oso erabilia eta preziatua da. Gereziaren tamainako fruitu gorrixka izaten du eta denborarekin haragitsua bihurtzeaz gain, toxikoa bilakatzen da. Bere egurrak erabilera mota asko izan ditu Neolitiko garaitik hona. Meatzeetatik kobrea ateratzeko erabiltzen ziren pala kirtenak egiten ziren egur honekin eta eraikuntzan itxiturak egiteko zerabilten. Arkurik onenak ere, hagin zurarekin egiten omen dira. Horregatik, ia desagertzeraino erabili izan du gizakiak haginaren egurra.

Mantso hazten den eta urte luzez bizi den zuhaitza da. Hagin batzuk mila urtez bizi izan direla esaten da eta beste batzuk, hiru mila urtez bizi daitezkeela ere badio zenbaitek.

Euskal Herriko mitologiari lotutako zuhaitza da hagina. Kondairak dioenez, erromatarren aurkako gerretan, euskal gudariek zuhaitz honetatik lortutako pozoiarekin bustitzen zituzten beren geziak. Preso hartzen zituztenean berriz, hil aurretik, fruituetatik lortutako narkotikoa hartzen omen zuten. Hagina sakratua izan da. Bakarra da bere esanahian eta sinbolismoan. Tristea, isila eta bakartia. Greziarrek eta erromatarrek "heriotzaren zuhaitza" deitu zioten haginari. "Hilerrietako zuhaitza" bezala da ezaguna toki askotan, gure arbasoen hileta zuhaitza izana baita.

Tradizio kultural edo espiritual bakoitzak bere munduaren ikuskerara egokitu ditu erritoak. Urtearen zikloan bi une egin dira berezi, zentzu honetan. Zelten egutegiari jarraiki, haritzaren eta haginaren tenoreak bereizi izan dira. Haritzei dagozkie eguerdiko hamabiak, ekaina eta ekainaren 24ko festa. Haginei dagokie, berriz, ilunpeko erreinua: gaueko hamabi kanpaien ordu beldurtia, urteko azken hilabetea, azaroaren 1a. Haritzak osotasuna irudikatzen du, egiazko distira, gailurra. Haginak, aitzitik, amildegiaren sakontasuna, erregearen erorialdia eta bizitzaren gurpilean, osterako hasieraren aurretik, geldialdiaren une sakratua.

Asturiasen bada Fontagin izeneko toki galdua. Asturiasen euskal toponimiak duen adibide bat besterik ez da. Leongo Boñarko herrian, berriz, hilerri batean aurkitutako idatzi batean "Fontis aginees" esaera agertzen da.

Haginak medikuntzan ere zenbait erabilpen baditu. Sendabelarra izateaz gain, suge hozkaren aurka erabiltzen da eta minbiziaren aurkako ikerketetan ere erabiltzen ari dira. Bere hostoak emenagogo gisa erabili ohi dira, haurra galtzeko edo emakumearen hilerokoa behartzeko, alegia. Haziak, berriz, narkotiko bezala erabiltzen dira, bai lokartzeko eta baita inkontzientzia egoeran egoteko.

Haginaren erabilerak eta esanahiak aipatu ditugu. Armarriek ere bereganatu dute hagina. Gipuzkoako armarriko zuhaitzak adibidez, haginak dira.

Ibilbidea
Iturrietako gaina (999 metro). «Iturrietako partzuergoa» kartela. Ezkerrean pago bat.
Metro gutxira bidegurutze bat. Ezkerreko bidexka hartu pagoen norabidean.
Basoaren ertzeraino heldu. Aurrera, bidexkarekin eta bidexkarik gabe.
Sasiak dauden alde argitsua. Seinaleak. Pago-sail bat gurutzatu.
Bidegurutzean zuzen jarraitu bide nagusitik.
Harrizko horma (0:40). Bidea utzi eta aurrera eta gora segi hormaren parean.
Hozkailuak. Malda erdian gora ebakitik hurbil, zati harritsuak alde batera utzita.
San Kristobal gaina (1:15). Eskuinera jo pagadian barrena.
Uribarriko atexka (1:45).
Eskuinera hartuta ibilbide hasierara.(2:10)

Sorginkeriak
Arabako elezaharretan sorginen aipamen asko agertzen da. Arrizalan, Agurain inguruko herri txiki batean, bada Sorgiñetxe izeneko trikuharri bat eta, jendeak dioenez, hango harriak Entziako haitzetatik jaitsiak omen dira.
Beste zenbaitek dioenez, sorginak, Lezaon, Entzia mendikatean dagoen haitzuloan, bizi omen ziren eta orraztera joaten omen ziren trikuharrira. Denek badakite, ordea, trikuharritik hogei metrora urrez betetako zezen larrua dagoela, baina baliteke sorginak hura lekuz aldatzen ibiltzea beraien jolasetan, oraindik ez baitu inork aurkitu!


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude