Ortografia akatsena amaiarik gabeko mehatza duk, hoskide, etengabe sortzen ari garen gure hizkuntza honetan. Ordenagailua bera zaiguk sormen-iturri, askotan. Inoiz gertatuko zitzaian. Hitz bat behar bezala idatzi euskaraz eta bere burua zuzentzeko duen automatismo batez, ordenagailuak hitza desitxuratzea. Nirearen pantailan, konpontzen ikasi arte, "ariketa" idaztearekin, automatikoki "hariketa" azaltzen huen.
Haseran ernegatu egiten nintzen. Harik eta gure herriari buruzko metafora polita izan zitekeela jabetu nintzen arte. Hariketa-lana bait da gure herriak ezinbestean eta lehenbailehen egin beharreko ariketa. Hari-muturrak aurkitu, eta tentuz eta pazientziaz elkarri lotzen ahalegindu. Herri hau ehundu egin behar dugu, ez erdibitu eta ez biderkatu. Hori ahariketan aritzea litzateke.
Markoaren bila gabiltzan honetan, kuadroa bera zait kezkagai. Macramé-lan ederra egin genezake. Baina horretarako hariz hari eta korapiloz korapilo joan beharko dugu. Eta horretan hutsegiten ari gara. Hoskide, hire artikuluskari begira auzokoarenari eman zioat zeharkako begiradatxoa. Euskadi Buru Batzarreko kidea duk. Munta handiko esaldiak zekartzak. "Defentsiba hutsean marrazturiko estrategiak proposamen politikoa behar du eraginkor izateko...". " ...Kontua da iniziatiba guzti horiei zentzu bakar eta nazionala eskeini behar zaiela eta horretarako ezinbestekoa dela abertzaleon hitzarmena. Galdera da gutariko bakoitza zer eskeintzeko prest dagoen eszenategi horretara iristeko."
Nire ustez galdera bestelakoa litzateke, zinez egin eta zinez erantzun beharrekoa. Abertzaletasunaren jarrera hori mozorro hutsa da edo benetan sentitzen dugu nortasunaren auzia gure mundu ikuskeraren zatirik garrantzitsuena dela? Galdera horri erantzun ondoren hariak errezago lotuko genituzke eta korapilo zaharrak askatu eta berriak aurkitzen hastea lortuko genuke. Txarrena da, erantzuna bata izan edo bestea izan ni neu kezkaturik geratuko nintzatekeela.
"Etsia" eta "hertsia" ere hoskide dira ordea. Batak bestea dakarren susmoa dut gainera. Eta bata zein bestea amildegirako bide genituzke. Itxaropentsu izan nahi nuke, baina ezin dut. Ez da erreza azaltzen. Gure ikastetxeetako neska-mutikoek, nahi gabe, ederki asmatu dute modua. Nahastu egiten dituzte, askok eta askotan , " ni naiz" eta "ni nahiz". Horratx gure izatearen muina muino muinoko adierazpide batez emana! Kontraesanaren seme-alaba gara; zalantzaren kume; konzesibaren morroi. Epelen upel da gure hau.
Ez da "habiatzea " eta " abiatzea"ren arteko gatazkan katigatzen ez den pertsonarik. Hoskide, niri ez didak ziririk sartuko ordea. Ezker abertzalearen eta jelkideen aitzakian heure buruaz ere ari hintzen neurri handi batean. Abiatzea eta habiatzearen arteko barne-borroka heu ari haiz nozitzen gorrienean. Erabaki egin beharko duk... Zer izan nahi duk datozen urteetan, ehiztari edo nekazari? Plaza-gizon edo pasa-gizon? Erauntsia edo irentsia? Dirau(e)na edo zirauna?