Erabaki larriak maiz lerro-artean ezkutatzen dira. Baina lerro luzea marrazten dute herrien Historian. Horietako bat 1945. urtean atzerriko euskal gobernuaren lehendakaria zen Jose Antonio Agirrek hartu zuena, Estatu Batuetako gobernuaren alde jokatzea, honek Franco boteretik kenduko zuen itxaropenean; Agirreren konfiantza osokoa zen Anton Irala bidali zuen New Yorkera ordezkaritza ofizialean, eta 1946an Jesus Galindez gehitu; ordezkari biek FBIrekin eta seguruenik CIArekin ere lan egin zuten zintzoki, harik eta Truman presidente iparramerikarrak gerra hotzaren dotrina besarkatu eta Franco laguntzea erabaki zuen arte; CIAko agenteen laguntzaz desagerrarazi zuten Jesus Galindez New Yorkeko kaleetan 1956. urtean, Trujillo diktadore dominikarraren esku kriminaletan utziaz. Haren alderdikideen artean, nork gogoratzen du gaur Galindez; idatzi zituen liburuak aspaldi agorturik daude, ez zaio berrargitalpenik egin.
Urte ilun horietan eta New Yorken bertan jaio zen Xabier Irala, Antonen semea, 1947an, Trumanen erabaki latzaren urte berean; baina honek kontrako bidea egin du: Estatu Batuetan ikasi, multinazional indartsuen buru izan da luzaro; PPren Gobernuak Iberiaren pribatizazioa enkargatu dio; guzti horren ondoren, Ibarretxeren Jaurlaritzak Euskal Kutxen zuzendaritzan jarri nahi du. Intrahistoria.