SORGINEN EHIZA, HAN-HEMENKA


2003ko ekainaren 22an
2001eko irailaren 11ko zoritxarreko gertaeraren ondorioz, New Yorkeko Dorre Bikiekin batera eskuindarren mozorroa ere jausi zen.

Egun, Susan Sarandon, Tim Robbins, Sean Penn edo Martin Sheen bezalako aktoreek, "Bowling for Columbine" dokumental bikainaren egilea den Michael Moore edo Fidel Castrori buruzko dokumentala burutu duen Oliver Stone bezalako zuzendariek, "Dixie Chicks" bezalako musika taldeek edota Norman Mailer, Susan Sontag eta Gore Vidal bezalako idazleek jasan behar izan dituzten kritikek gogora ekarri didate XX. mendearen erdialdean ipar amerikarrek ezagutu zuten arorik beltzenetariko bat, "sorginen ehiza" deiturikoa.

Zoritxarrez, Euskal Herrian ere ehiza-debekaldiak ez du amaierarik ezagutu, ugari izan baitira azken bolada honetan botereak suntsitutako ehizakiak («Egunkaria», Batasuna, Udalbiltza, AuB eta herri plataformak, besteak beste).

Hala ere, hodei beltz hauek ez dira gaur gure zeruan agertu. Egun, 50 urte baino gehiago igaro badira ere, ez dira falta zinema pantailetara iristen diren "sorgin-ehiza" zelako giroan oinarritutako filmak, Karl Francis-en «Punto de mira» edo Frank Darabont-en «The Majestic», adibidez.

1953an Ameriketako Estatu Batuetan bizi zuten psikosi politikoa, macarthysmo izenez ezagutzen duguna, hain zuzen, dugu iturburu. Truman presidentearen garaiak ziren haiek (1945-1953), zeinetan errepublikazaleek gehiengoa lortua zuten Kongresuko bi ganbaretan. Ameriketako Estatu Batuen eta Errusiaren arteko "gerra hotzaren" garaia zen, 1948ko Berlingo krisiaren eta bi herrialde haiek armen alorrean eta alderdi nuklearrean zeramaten borrokaren ondorioz. Gertaera horiek guztiak zirela-eta, Ipar Ameriketako eskuindarrek ez zuten biztanleen artean inolako bereizkeriarik onartu nahi izan. Ipar Amerikarren kontrako Jardueren Batzordeak hainbat intelektual salatu zuen, AEBetako gobernuaren zenbait jardueraren kontra jendaurrean agertzeagatik, "Aberriaren zimendu moralak hondatzen baitzituzten".

Zalantzan jarri zen sektoreetako bat, dudarik gabe, zinemarena izan zen, Hollywoodeko industriaren gaineko kontrol politikoak betidanik izan baitu garrantzi handia; film haien mende zegoen boterearen interesen aldeko pentsamolde jakin baten osaera. 1947. urteko ekainean, J. Parnell Thomas-ek, New Jerseyko ordezkari eta aipatutako Batzordeko presidente zenak (1948an Thomas iruzurragatik salatua izateagatik, McCarthy izendatu zuten haren ordezkari) honela adierazi zuen: "Nahitaez atera behar zen argitara zinemaren industrian zegoen eragin komunista, aktore, idazle eta ekoizle komunistak salatu egin behar ziren testigantzen eta frogen bitartez, eta aztertu egin behar zen propaganda komunistako film aipagarrien produkzioan Gobernuko agentziek eta bulegoek zuten erantzukizuna" ("Congress and the nation", 1.961 orr.).

1947. urteko urriaren 20an hasi ziren zinemaren munduko zenbait kideren kontrako auziak. Saio haietan, 10 lagun (produktore bat, bi zuzendari eta zazpi gidoigile) Bosgarren Zuzenketaren babespean jarri ziren. Zuzenketa hark adierazpen eta elkartze askatasunak bermatzen zituen eta edozein erakunde politiko edo erlijiozkoren kide izateari buruzko galdeketa egitea eragozten zion Batzordeari. Baina handik aste batzuetara, Ordezkarien Ganbarak lagun haiek epaitzearen aldeko botoa eman zuen. Erabaki horren ondorioz, espetxera eraman eta Hollywoodeko produktoreen zerrenda beltzean sartu zituzten.

Epaiketek 1953. urte arte jarraitu zuten, harik eta Koreako armistizioaren sinadurak eta MacCarthyren gainbehera politikoak giroa hoztu zuten arte. Ehizaren balantzeak, ordea, agerian utzi zituen bizi izandako fartsa eta tragedia. Espetxeratutako eta erbesteratutako zinegile edo gidoigile askoren zintzotasuna eskertzekoa bazen ere, are tristeagoa izan zen hainbat jende ezagunen jarrera salataria. Prozesu hauetan oso kritika larriak jaso zituzten, beste askoren artean, Elia Kazan eta Edward Dmytrick zuzendariek, beren militantziaz arnegatzeaz gain zenbait lankide Alderdi Komunistako kide edo jarraitzailetzat salatzeagatik.

Garaiak aldatzen hasiak zirela zioen Bob Dylan kantariak, baina aurten, Oscar, Goya eta baita antzerki mailako Max sarien banaketan bizi izan den giroaren inguruan botereak erakutsitako erreakzioak ikusita, beldur naiz ez ote garen historia zikliko baten atzaparretan harrapatuak izan.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude