BIDEAK ETA JOMUGAK


2003ko ekainaren 15an
Paradoxa bitxi horietako bat da: beste garai batzuetako kontuek egungoek baino gaurkotasun handiagoa izan dezakete (eta, bide batez, eskaintzen diguten perspektiba historikoa argigarri gerta dakiguke). Noan harira: 1980ko hamarraldi hasieran irrati ofizial bakarra zegoen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa osoan: Baionan zentrotxoa zeukan frantses irrati nazionala, hain justu. Haatik, frantses estatuaren-luze-zabalean ernatzen hasiak ziren ordurako beste irrati txiki batzuk ere; euren asmoa argia zen: irrati estatalaren monopolioaren amaiera iritsiko zen egunerako (Mitterranden garaipenaren ostean ailegatu zen memento hori) de factoko egoera bat sortua izatea. Kinka horretan jaio zen, berbarako, Lapurdiko Radio Adour Navarre irratia 1978an, Loiolako Herri Irratiaren arrimuan sortu ere. Ipar Euskal Herrian irrati abertzale/euskaltzale bat sendotzea zen Radio Adour Navarrekoen apustua, eta apustu hori gauzatzeko frantsesaren aldeko elebitasun diglosikoa hobetsi zuten. Gisa honetan arrazoitu zuten euren apustu elebidunaren zergatia «Herria»ren orrietan 1982ko martxoan: "Zertako elebitasuna? (...) Radio Adour-ek bere maneran nahi ukan du kantton batean bederen huts hori bete. (...) Mintzaira aldetik egin ahala egiten du euskarari leku dexente baten emaiteko (...)".

Kantton hori, leku dexente hori, murritz samarra zen, egia esan, baina haiek zenbait oztopo aipatu zituzten artikulu horretan bertan: "Arazo asko badaude euskal emankizunen emendatzeko eta ontzeko. Lehenik, mikrofonoa ez da euskal tresna bat eta irratiaren inguruan badabil miztika azkar bat emeki emeki, jender buruz lan eginez hautsi behar dena. Bestalde, euskararen eremua, nahiz aberatsa den, ez da aski zabala mundu moderno hunen gaietaz solastatzeko."

Hara garai hartan Iparraldeko euskaltzaleen artean ere erroturik zegoen aurreiritzia, Radio Adourekoek eurek arrazoitua, gutxiagotu-konplexu nabarmenaren adierazgarri: euskararen eremua, nahiz aberatsa den, ez da aski zabala mundu moderno hunen gaietaz solastatzeko (irrati horretako sustatzaile De la Cerda jaunak idatzi zuenez, behin, "désirant interviewer un vieux pilotari sur ses souvenirs, ce dernier hésitait, et finissait par nous répondre que le micro n'était pas un instrument basque"). Irrati horrentzat, beraz, euskara gehiago zen altxor ohoragarri tresna erabilgarri baino, lehentasuna irrati abertzalea gotortzea baitzen.

Bazen ordea garai hartan horrela pentsatzen ez zuenik, eta, euskaraz solastatzea eta mundu moderno hunen gaiez berba egitea uztartzeko moduko kontuak zirela iritzita, irrati berria sortzea deliberatu zuen lagun talde batek: Gure Irratia, euskarari erdararen magalean toki duina emateko baino (hots, inoren unibertsoko azpikategoria izateko baino), euskarazko unibertsoa (berr)eraikitzeko pentsaturiko irratia; euskarari, duin biziko bada behintzat, ezinbesteko dituen zentraltasuna eta joan-etorri librea bermatu zizkion irratia. Haatik, sorrera garaian erotzat jo zituzten askok (abertzale dezentek barne), Iparraldean euskara hutsez jarduterik ez zegoela argudiatuta; hala ere, irrati horren adibidea jarraituz sortu ziren Irulegiko Irratia Nafarroa Beherean eta Xiberoko Botza Zuberoan.

Apurka-apurka abertzaletasuna hedatzea zen Radio Adouren lehentasuna, behin hori lortutakoan, geroko gerotan, euskara bera ere sendotuko zelakoan; hiru euskal irratiek, aldiz, fosiltze-arriskua usainduta eta hizkuntzarentzako ekosistema egokia bermatu guran, hemen eta oraina hobetsi zuten, bihar eta auskalo nonaren kaltetan. Gaur egun, hedatze betean murgilduta daude: hutsetik sortuta, egoitza berri eta modernoak dituzte, emisio komunak, web gunea, soldatapeko 26 langile inguru, 80 laguntzaile, 54.000 entzule (Siadecoren arabera)... Radio Adour, aldiz, frantses irrati batek irentsi zuen 1986an.

Bi ikuspegiak ez dira kontrajarriak (ez dute zertan izan, behinik behin), baina, gauden egoeran gaudelako, ez genuke ahaztu behar zertzuk ondorio izan ditzakeen edukiaz erdi-ahaztu eta edukiontziarekin tematuta ibiltzeak (ez alferrik, «La ere», gaelikoz diharduen egunkari bakarra, sei konderrietan sortu dute, eta ez Errepublika -ustez- subiranoan).


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude