Proiektu berria martxan jarri zutenek hasieratik garbi zuten egunkari berria otsailaren 19an «Egunkaria» egin zuen lan talde berdinak egingo zuela. 160 lagun inguru aritzen ziren orduan lan horretan. Eta otsailaren 20tik bertatik gehienek lanean jarraitu dute, batzuek «Egunero» egiten, besteak gainerako batzordeetan banatuta.
Materiala salduz-eta lortutako diruarekin elkartasun kutxa moduko bat egin eta ,«Egunero»ren inprenta eta banaketa gastuak ordaintzeaz gain, langileen artean banatu dute kopuru hori, azken hilabete hauetan bizi ahal izateko, bederen. Maiatzaren 10ean hasi ziren langile batzuk langabezia kobratzen eta beste batzuk hil honen 10ean hasiko dira.
Hasiera batean, «Egunkaria» 6 hilabeterako ixteko erabakia jakin baino lehen, langileek 3 hilabeterako enplegu-etendura eskatu zuten. Erabakia ezagutu eta itxierak luze joko zuela ikusita, eszisioa eskatu zuten, Egunkaria S.A.rekiko harremanak etenez eta beste edozein enpresatan lanean hasteko bidea zabalduz.
Hil honetan «Egunkaria»ko plantilla ohiaren zatirik handiena hasiko da lanean Euskarazko Komunikazio Taldea S.A. enpresa berrian, 135 bat lagun. Gainerakoak, beste 20 lagun inguru, urrian sartuko direla aurreikusten da.