argia.eus
INPRIMATU
Javier Etxebeste: "Ordaindutako zerbitzuak Interneten"
2003ko maiatzaren 23a
Arras bizkor garatu da Internet, abiatu zenetik aurrera. Gogora dezagun gutako bakoitzak lehenbiziko aldiz sarea aurrez aurre izan genueneko unea. Memento hartan bertan zabaldu zitzaizkigun komunikatzeko bestelako aukerak, lehen ez genituenak. Internetek munduko zeinahi lekutatik informatzeko, komunikatzeko eta transakzioak egiteko milaka aukera eman dizkigu iragan hurbilean eta orainean, eta halaxe egingo du etorkizunean ere.

Berezko bokazio unibertsala tarteko, Internet urte gutxitan iritsi da igorlearen eta hartzailearen arteko mezuen interaktibotasuna ziurtatzen duen baliabide izatera, dela komunikabide gisa, dela sarean transakzioak egiteko tresna gisa. Kategoria horietako edozeinetan eskain dakizkioke erabiltzaileari balio erantsia duten zerbitzuak, garrantzizko gerta dakizkiokeenak eta zerbitzu osagarri moduan ordainduko lituzkeenak.

Interneten helduaroan jada, ordaindutako zerbitzuen negozio ereduak eztabaida eta interesa sortu ditu merkatuan. Interneten ezarpenari eta baliabidearen heldutasunari erreparatzen badiegu, desberdintasun nabarmena dago herri batetik bestera, eta, ezbairik gabe, leku bakoitzeko errealitatea erabakigarria da ordaindutako zerbitzuak inplementatzeko garaian. Espainian, adibidez, zazpiren bat milioi internauta ditugu; Ameriketako merkatuan, aldiz, 122 milioi erabiltzaile inguru ditu Internetek (Iturria: Nielsen/Netrating. 2003ko martxoa).

Oso alderdi axolakoa da ezarpena, baina, horrez gain, kontuan hartu behar dira, halaber, erabiltzaileen profila eta baliabidearen aurrean merkatu desberdinetan erakusten duten heldutasuna. Ipar Ameriketako erabiltzaileak denbora gehiago darama Internet baliatzen. Hortaz, erabiltzaile aurreratua da Interneten zerbitzuetan, eta aiseago ematen du amore sareko zerbitzu apartekoak ordaintzeko garaian: posta elektronikoan hostingeko espazio apartekoa izateko, on line elkargune pertsonalen zerbitzuengatik kuota bat ordaintzeko garaian eta abar.

Espainiako kasuan, eta betiere ezarpenaren tasari gagozkiola, pozgarriagoak dira "Estudio General de Medios"ek eman dituen datuak: %25,5eko ezarpen tasa 2003ko otsaila/martxoa aldian. Tasa hori igo ahala, Europakoetara hurbildu ahala, Espainiako erabiltzaileek ere errazago onartuko dute Interneten balio erantsia duten zerbitzuak ordaintzea.

Zerbitzu mugikorretan ikusten da argi erabiltzaileen ordaintzeko joera. Horiek onarpen handiko ordaindutako zerbitzuak dira. Logotipoak edo melodiak jaisteko aukerak agerian utzi du arrakasta handikoak direla Interneteko ordaindutako zerbitzuak. Bi dira arrakastaren giltzarriak: telefonia mugikorraren ezarpena da bata; bestea, berriz, batez besteko erabiltzaileak teknologia hori erabiltzen duen heldutasun maila.

Ziur aski, bi eratako zerbitzuek izango dute arrakasta. Batetik, erabiltzaileak komunikazioaren arloan garrantzizko jotzen dituenak gailenduko dira, hala nola, zerbitzu mugikorrak edo posta elektronikoarekin zerikusirik dutenak. Bestetik, komunitatea sortzen laguntzen duten zerbitzuak, hots, on line lana aurkitzeko, bikotea topatzeko... balio dutenak. Horrez gain, berariaz enpresentzako diseinatutako zerbitzuak hartu behar dira kontuan. Estatu Batuetan, esate baterako, onarpen izugarria daukate Listing zerbitzuek, zeren, horrelako tresnen bidez, enpresek posizio ona lortzen baitute bilatzaileetan. Espainiako merkatura ere iritsiko dira era horretako zerbitzuak, lehenago edo geroago.

Etorkizun hurbilean, hibridoa izango da Interneteko negozio eredua. Batetik, erabiltzaile arruntarentzako doako zerbitzuak izango ditugu. Bestetik, ordea, ordaindutako zerbitzuen eskaintza iritsiko zaigu. Ordaindu beharreko zerbitzuek balio erantsia izango dute erabiltzaileentzat nahiz enpresentzat, informazioaren komunikazioaren eta transakzioen arloetan. Interneteko negozio eredu hori benetan inguru-inguruan dugu, ate joka.

*Javier Etxebeste Yahoo! Iberiako presidentea eta Yahoo! Europako zuzendari nagusia da