Joan den asteko ostegun goizaldetik, Bush, Blair eta Aznarren Iraken kontrako gerra krudel, ez legitimo, legez kanpoko eta injustua abian da. Ez dute gehiegi inporta izango eskuratuko dituzten irabazietan pentsatzen duten bitartean eskuak igurtzitzen dituzten multinazional handien armek masakratuko dituzten milaka pertsona, haur, gazte, agure, emakume eta gizonezkoak. Hemendik aurrera, gerrako harrapakina nola banatuko duten da inporta duena. Bushek zinismoz adierazi zien irakiarrei: ez erre petrolio putzuak, Irakeko herriari dagokion aberastasun iturri baitira! Jakina, harrapakin horren zati handi bat da gerraren herrialde lagun eta aliatuek banatu nahi dutena. Gerraren berehalakotasunaren iragarpenak merkatuak lasaitu zituen, burtsek aparra bezala egin zuten gora eta petrolioaren balioa jaitsi egin zen. Gerra honen izaeraren beste adierazgarri bat da. Baina gehiago dago. Irak suntsitzeko agintzen dutenak, hain "solidario" eta hain "humanitario" diren haiek, Irak berreraikitzeko negozioa banatzeko prestatzen ari dira. Eta horregatik hitz egiten da jada PPren alboko Espainiako bi enpresei buruz, horretaz guztiaz onura aterako baitute. Bush osabak bere morroi txiki eta konplizeari egiten dizkion ordainak dira!