argia.eus
INPRIMATU
Orkatza noiz agertuko
2021eko uztailaren 28a
Hara-hara! Orkatza! hor sartu da basoan. Korrika baino gehiago saltoka, ipar eta hego ipuruen artean, ler gorri eta artetxoak saihetsiz. Han-han! bere ipurdi zuria erakutsi eta… ezkutatu da.

Sentipen mistikoa eskaintzen digu beronek. Oinatz eta gorotz txikiek Capreolus capreolus hemen zebilela esaten ziguten. Hala ere, sumatzetik bizitzera alde ederra dago. Basoetako zerbido txiki hau, negu gogorra igarotzen ari da Gaubeako basoetan. Elurrak dauden belar apurrak estali ditu eta udazkenean azal azpian metatutako erreserbak desagertu dira jada. Saihetsak marrazten dute sabela eta gosea eguneroko belar bihurtu da. Iritsiko ote da udaberriko berpiztera?
Martxoan haziko zaizkie adarrak arrei, 30 cm-koak, eta bi edo hiru punta izango dituzte, maiatzean adarrak estaltzen dituen azal belusa zuhaitzetan igurtziz kendu ondoren. Garai honetan galtzen dute neguko ile ilun eta luzea, eta udaberriko ile motz marroi-gorrizta janzten dute. Kimu berriak irensten hasiko dira belar eta graminioei muzin egin gabe. Luzeran, burutik isatsera, 1,30 m izan ohi dute, pare bat zentimetrotako isatsarekin. Altuera txikikoak dira beste zerbidoekin alderatuz: 80 cm lepora eta ar gizenenek 30 kilo pisatzen dituzte.
Ugalketa uztaila amaieran eta abuztu hasieran izaten da. Araldiak arren arteko borrokak dakartza. Liskarrak liskar, ar bakoitzak eme bat estaltzen du. Urtebeteko arrak ugaltzeko gai dira, emeek aldiz, urte eta erdi behar dute. Bederatzi hilabeteren ostean, maiatzean, kume bat edo bi dituzte. Orkatz txikiak jaiotzerako emeek habia prestatzen dute eta kumaldia zaindu beharko dute. Hamabi egun ondoren, amarekin batera mugituko dira batera eta bestera. Orkatz amak belarra jango du eta kumeek lau hilabetez esnea hartuko diote. Orkatz amek mustelido eta azerien erasoetatik babesten dituzte. Entzumen eta usaimen zorrotzak erabiliz, berehala nabaritzen dituzte etsaiak, eta nola ez, gizakia. Ikusi aldiz, ez omen dute horrenbeste ikusten, horregatik haizearen norabidea aurkakoa denean errazago topatuko gara orkatzen batekin. Edozein basa pizti gertu sumatzen badu, ihes egingo du bere hanka lirain eta azkarrei esker.
Basope aberatsa duten guneetan ugaltzen dira. Azpi baso hau garatzen laguntzen duten zuhaitz handienen suntsiketak, ekaitz eta haizeteek, mesede egiten dietela ikusi da. Udazkeneko fruituak, sastrakenak batez ere, ugaldu egiten dira eta bazka garrantzitsua da hori orkatzentzat. Negurako ondo elikatzeaz gain, urrian ile luze eta grisa hasiko zaio.
Isil-isilik ibilita, ahalguztidunaren eta haizearen laguntzarekin ikusi ahalko dugu orkatzen bat edo beste. Horretarako, Rasoko mendia zeharkatzen duen su ebakia edo soil gunea, sua geldiarazteko egiten dutena, oso aproposa da. Goizean goiz, bazkatzeko mugitzen denean ikus dezakegu orkatz ama bere kumearekin. Eta gorputz guztian zehar sentituko duzuen zirrara ikaragarria izango da