Augusto Monterroso hil izanaren penetako bat -txikienetakoa, hala ere-, idazleak berak bere omenez idatzitakoak irakurtzean egingo zituen komentarioak ezin entzutea da. Ironikoak eta irrigarriak izango ziren, ez dudarik egin.
Prentsa guztia izenburu bihurtzen duen monstruo ahaltsua da, errealitate nahasi eta zabalenak ere ideia bakarrean estutzen dituen konpresorea. Eta hala, Augusto Monterroso "Dinosaurioa, munduan idatzi den ipuinik laburrenaren egile" famatu dute: "Cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba allí" (itzuliezina niretzat, saiatu ere ez naiz egingo). Literatura ez da profanoentzako jolasa, baina nik nahiko nuke gaurko artikuluan ipuin horren irakurketa posible bat profanoei eskaini, nire ahalmenen arabera, noski; ni ere, neurri batean, profano bainaiz, literaturaren gauza sakratuetan eskurik sartzen ez duen morroia, beraz.
Irudika dezagun literatura sokatira saio amaitezin bat dela, eta soka horren mutur batean luze idatzi behar dutela uste duten eta idazten duten idazleak daudela; eta beste muturrean, labur idatzi behar dela uste duten eta idazten duten idazleak. Dikotomia hau, luze idatzi-labur idatzi hau, alegia, literaturaren historian beti agertzen dena da; eta ez da kasualitatea, pertsonak garai eta kultura guztietan sentitu duen berezko dikotomiazaletasunaren isla baizik ez baita (ongia-gaizkia, hasiera-bukaera, argia-iluna; gehiegikeria filosofikoa barkatzen bazait, gizakiaren hilkortasunaren eta denbora atzemateko maneraren ondorioa baizik ez datekeena), literaturaren eremura eramanda. Luze ala labur idaztearen sokatira honetan, nolabait esan, luze idaztearen aldekoak irabazten ari ziren, txapeldun indartsu batzuk zituztelako, Balzac bezalako bat, esaterako, edo, zer esanik ez, Proust handia, txapeldunen txapelduna, "Denbora galduaren bila" lanaren bidez literatura infinito baten bidea seinalatu zuena, oztopo materialek baizik ezin geldiaraziko zuten literatura infinito bat: hau da, Proustek demostratu zuen lehenago bukatuko zirela munduko oihan eta basoetako zuhaitzak oro, eta hortaz, lehenago bukatuko zela papera, batzuen idazteko gogoa eta etorria baino.
Labur idaztearen aldekoek ere txapeldun onak zituzten, baina inor ez zen iristen sokaren beste muturreko Proust baten mailara. Alegia, inork ez zuen lortu, papera zuri utzi ezean, literatura bere adierazpenik minimoan biltzea. Inork ez… Monterroso agertu zen arte. Ez da kasualitatea Monterrosok berak esana izatea "Proust irakurtzen ikasi zuela labur idazten". Umore fin eta sakonaren adierazlea da, irrigarria da, noski, baina, aldi berean, boutade umoretsua baino askoz gehiago ere bada, Prousten antitesia zen idazleak esana denez. Horrek adierazten baitu zentzu oso bat ematen ziola bere literatur jardunari, koherentea den obra -labur- baten barruan. Horregatik, batzuek, Dinosaurioa irakurrita, "hori nire alaba txikiak ere egingo zuen" esaten dutenean, erantzuten ahal zaie baietz, hori edozeinek idazten duela. Baina edozeinek ez lukeela jakingo ipuin horri esanahi literario bat ematen, eta literatur jardun baten barruan txertatzen. Dinosaurioak, nolabait, ziklo bat osatzen du, simetria bat ezartzen du, koju zegoen mahaiko hanka berdintzen du, Tesia (Proust)-Antitesia (Monterroso)-Sintesia joku dialektikoak aurrera egin dezan egiten du posible. Eta hori idazle batek baizik ezin zuen egin. Prousten mailako idazlea, Prousten ifrentzua. Sokatiran, laburraren aldekoek badute behar zuten txapeldun handia, bere aldera besteak berera adina indar egiteko gauza dena.
Ez gaitezen jar, hala ere, Monterroso baino solemneago. Izan ere, egokitu zaion paperaren nolakoaz oharturik, edo kutsaturik, Monterrosoren ezaugarri eskertzekoenetakoa gauza guztien oinarrietan bere umore fin eta sotilez arakatzen ibiltzea baita. Besteak beste, irrigarri utziz Dinosaurioko zazpi hitzek sortu duten komentario-uholdearen egile guztiak, kritikari eta teoriko guztiak. Lerro hauek idatzi dituena ere barne.
Literaturaren itsasoko ur askotan zakarretan prestige asko hondoratuko da, baina Monterroso beti izango da, literaturak berak dirauen artean, azalean flotatzen den kortxoa.