argia.eus
INPRIMATU
TXAPEL BETE BERTSO
2007ko otsailaren 21
Nor bere arazoak norberak konpontzea legezkoa dirudi. Elkartasunerako ateak itxi gabe, baina erantzukizunaren gurditik tiratzeko asmoz. Baliabideen urritasuna ez da oztopo, gaitz materialak era sortzailean konpondu izan dira beti, edo gehienetan. Gure bizimodua ez ei dago gure eskutan, erabakiak hartzeko gaitasuna antolatzaileen esku uzten dugu. Antolatzaileak gure bizitzaren esparru guztietan daude: ekonomia, politika, kultura... Baita bertsolaritzan ere. Egiten duten lana ezinbestekoa da gainera. Baina askotan jokoaren arauak ez dira guztiontzako egokiak izaten. Irtenbidea: norbera antolatzaile bihurtu, horretarako esparru berri bat sortuz, noski.

Era honetan definituko nuke nik "Txapel bete bertso" ekimenaren atzean dagoen lan filosofia. Urtarrilaren 10ean Algortan hasiera izan zuen bertso zirkuitoak Bizkaiko bertsolaritzaren errealitatean ikusi ditugun zenbait gaitzi irtenbidea eman gura dio.
Ekimen hau ez da une zehatz baten bertsolari talde batek izan duen beroaldia . 80ko hamarkadan aurki genitzake egitasmo honen lehenengo arrastoak. Kultur etxeen bitartez zirkuitu bat eratu gura izan zuenean Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Ez zuen aurrera egin, baina lehenengo erreferentea da.
AIPAGARRIA da Altsasuko bertsolari gazteen topaketetan egituraketa eredu bera Euskal Herri mailan aurrera ateratzeko baldintzak bazeudela (beste zeregin batzuetarako izango bazen ere). Batez ere bertsolari gazteok koordinazio bat martxan jartzeko prest geundela ikusita. Baina egituratzeko era eztabaidatzean eskualdetan eta bertso eskoletan oinarrituta zegoen antolakuntza ereduaren proposamena baztertua izan zen. Talde txiki erreferentzial baten bidezko lanaren alde. Ziurrenik, garai hartan, Bizkaian batez ere, bertso eskolek bertsolari gazteekin bizi zuten harreman ahula, erabakigarria izan zen. Baina egituraketa ereduaren lehen formulaketa egina zegoen. Garai hartan bezala, gaur egun ere, egokiena dela pentsatzen jarraitzen dugu zenbaitek.
2000. urtean Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza batzordean, gazteen sustapenaren inguruan zenbait gogoeta izan ziren. Jon Lopategiren jubilazioaren eraginez. Orduan formulatu zen ekimen hau. Gaur eguneko definizio mailarik gabe, baina arroin guztiak zehaztuta. Lehenengo kontaktu batzuk egon ziren, baina ez zuen ematen eskualde guztietan aurrera egiteko eran geundenik. Bertsolarien eskualde barruko harremanek lan taldeak sortzeko potentzialitatea zuten arren (Mungian esperientzia piloto garrantzitsua eratu zuten "Kos Taska"n). Azkenik, Gorka Lazkanok zuzendaritza batzordean sartu denetik eman dion bultzadarekin, 2002ko udazkenean nahiko argi geneukan 2003ko urtarrilerako martxan egon zitekeela. Eta horrela izan da.
Gazteek, eta ez hain gazteek, bizi duten plaza urritasunak Bizkaiko bertsolaritzaren garapena eta aberastasuna baldintzatzen dute. Bertsotan, askotan eman lezake elitea baino ez dela existitzen. Jende berbera beti Hitzetik Hortzeran, izen beretsuak saio gehienetan, egunkari, irratietan... Baina bertsolaritzaren esparrua askoz zabalagoa da. Eta errealitate biek existitu behar dute. Bertsogintzaren garapenerako, batez ere. Batak besteari lekurik jan gabe. Beraz, irtenbide bakarra, plaza gehiago sortzea.
BERTSOLARIAK gura duenean abesteko eskubidea izan beharko luke. Gogo handirik ez duen askotan abestera "behartuta" dagoelako. Ba al dago tentsio minimoan eta lagunarte goxoan saio bat egiteko taberna baino leku hoberik? Har ditzagun tabernak bada (beste edozein lokal mota ere erabilgarria izan liteke) eta abestu dezagun guk data jarrita. Inor gutaz gogora dadin itxaron gabe.
Dirua? Gazteak ez daki hori zer den ere. Beraz, tititero xamarrak garenez, txapela pasatuko dugu. Bertsoa borondate truke.
Bertsolariak antolatzaile eta antolatzaileak bertsolari. Lagundu gura duen orori ateak zabalik. Gehiago jakin gura duena, betor "Txapel bete bertso"ko saoietara. Hilabetero 14 aukera dituzue