Ez dakit zehazki noiz kaleratuko den artikulu hau baina, gauzak ez badira gehiegi aldatzen, seguru hortxe-hortxe izango dela Irak-eko gerra hasierarekin. Gaur bertan, diotenez, dena omen dago honezkero aurreikusita: noiz hasiko den eta nola, zenbat soldadurekin, nondik hasiko diren erasotzen eta abar... Lehen 48 orduetan 3.000 misil eta doitasun handiko bonba botako omen dituzte Irak suntsitzen hasteko eta aperitibo gisa. Duela hamabi urte baino hamar aldiz gehiago. Ba omen dakite, baita ere, zenbat arabiar suertatuko diren hilik gerra horretan: hamar mila edo hamabost mila inguru hasiera batean. Hori da kazetari aditu bati irakurri diodan zifra. Hildako asko direla? Gutxi direla? Ba, gogora dezagun une batez zenbat arabiar hil zituzten aurreko Golkoko gerran, duela hamabi urte: berrehun mila. Erraz esaten da. Eta orain berriro gauza bera. Berdin da egiaztatzea Irak-era bidali dituzten ikuskariek zerbait aurkitu duten ala ez, berdin da esatea ez dagoela arrazoi zehatzik gerra bat pizteko, berdin da jende ugari mundu guztian kontra azaltzea, kontua da Bush jaunak aspalditik daukala gerran hasteko gogo bizia eta hasi, hasi egingo dela, eta lehenbailehen gainera. Esaten dute politikagintzan demokrazia dela akats gutxien daukan sistema baina, egia izanik ere, badakigu sistema horrek zirrikitu ugari dituela non txapapotea bailitzan ihesi joaten uzten dituen hainbeste hanka sartze eta injustizia. Botoa ematen diozu tipo bati (partidu politiko batek aurpegi hori hor aurrean jarri duelako) eta hurrengo lau urteetan nahi duena egin dezake lehendik hitz egin gabe zeuden hainbat gai eta arazo grabeekin. Iruzur hutsa da. Seguru nago Espainiako estatuan gehiengo handi batek ez duela nahi inolaz ere Irak-en orain bertan gerra bat piztu dadin (zenbait egunkarik %76a aipatu dute), ez duela nahi Aznar-ek (jendeari ezer kontsultatu gabe) AEBen alde egin dezan apustu eta bitarteko, laguntza guztiak emanez derrepentean herri xumeak, jende arruntak ikus dezan bere burua gerra estupido baten barruan murgilduta. Beno ba, horixe da hain juxtu Aznar-ek egin duena eta inolako esplikaziorik eman gabe... oraindik behintzat (eta inoiz esplikaziorik ematen hasten bada izango da, seguru, gerraren alde egon beharra dagoela esateko, hots, gehiengoak nahi duen juxtu kontrakoa egingo duela adierazteko).
Duela hamabi urte Bush honen aitak ere gogo izugarria izan zuen gerrari ekiteko Irak-en bertan. Garai hartako egunkari-ebakinak irakurriz konturatzen gara oraingo honetan pelikula errepikatzera doala (garai hartako pertsona batzuek oraindik bertan jarraitzen dute) baina orduan baino arrazoi eta argudio gutxiagorekin ordea. Orduan AEBek esaten zuten Kuwaitek eskatutako laguntza ematera zihoazela hara; orain ordea denok dakigu ez dagoela benetako arrazoirik, ez baldin bada bertan muturra sartzea petrolioaz jabetzeko eta han geratzeko zonalde hartako jabetza bermatze aldera. Eta lehen Espainiako estatua aipatu dugularik, non daude oposizioko partiduek antolaturiko protesta ekimenak, manifestazioak eta bestelakoak? Non daude orain ia inoiz isiltzen ez diren eta ia egunero idazten duten intelektual famatu horiek? Egia esateko, orain arte behintzat, PSOE-k emandako erantzuna oso epela eta txepela izan da benetan. Ez da apika harritzekoa ikusirik zer nola jokatu izan zuen aurreko hartan. Ezin orain hasi gerra honen aurka oso ozenki oihukatzen duela hamabi urte, Felipe Gonzalez-ek agintzen zuenean, egin zutena ikusita. Denok dugu gogoan zenbat boto eskuratu zituzten sozialistek Gonzalezek "OTAN, de entrada no" famatu hura isildu gabe barreiatzen zuenean. Boterea eskuratu bezain agudo egin zuen agindutakoaren kontrakoa eta gero Irak-eko gerra hasi zenean laguntza guztia eskaini eta eman zion Bush hari. Zer egin dezakete orduan orain? Ba, egiten ari direna: ezer gutxi (orain arte behintzat). Badirudi aurka daudela, baina askotan irudipen hutsa besterik ez da.
Frantzia eta Alemania, aldiz, gogor atera dira gerra honen aurka, bai goi mailako agintariak nola kaleko jende xumea ere. Parisen egin zuten manifestaldi batean hauxe irakur zitekeen: "AEBetako Bush da munduarekiko Sadam Husein bere herriarekiko den gauza bera: diktadore hutsa". Eta egia da. Arrisku latz baten aurrean gaude gaur egun baina gero eta jende gehiago dago, neu tartean, uste duena Bush dela benetan arrisku handi hori