"Nik umetan bizitakoa oso gogorra da, horregatik diot umeari errespetu izugarria"

  • Sehaskatik hartu du Imanolek musikarako zaletasuna, eta geroztik milaka haur lokarrarazi ditu bere sehaska kantuekin. Ikastolakumeon txikitako soinu banda osoa ere Imanol Urbietak jarri du. “Aitonaren batela”, “Bubu mesie!”, “Kote kote”, “Si re si re”... Abesti haiek gure neurrira eginda zeuden. “Kalera kalera, borrokalari kalera” kantua ere denok ezagutu arren, oso gutxik daki doinua Imanolena denik. Beti hor egon da Urbieta, baina sekula nabarmendu gabe. Anjel Lertxundik esaten duenez, “beti gogoratuko dizu zuk eman zeniona, sekula ez berak eman zizuna”. Hurrengo astean, bere ikasle eta lagunek omenaldi berezi bat eskaini nahi diote.

Argazkia: Alberto Elosegi.
Argazkia: Alberto Elosegi.

Zure bizitzako esperientzia aplikatu omen duzu umeekin. Zer esperientzia eduki zenuen umetan zuk musikarekin?

Bi urte neuzkan gerra etorri zenean. Garai hartan ez zegoen irratirik ere. Plazan bizi nintzen, eta nire musika iturri plazako kioskoa nuen. Nahiz eta gerra etorri, Zarauzko bandak jarraitu egin zuen. Zatiketa gogorrak izan ziren banda barruan, nazionalistak kanpora joan ziren, eta bertakoek Nafarroatik etorritakoekin osatu zuten banda. Baina gerran ere musikak jarraitu egin zuen, beraz. Besterik ez bada, Madrildik zetozenek martxa militarrak eta pasodobleak jotzen zituzten.

10 senideetan hirugarrena nintzen. Etxean tradizio handia zegoen sehaska eraginaz kantatzeko. Mutil koskorretan ez neukan kalera joaterik, sehaskako umea lokarrarazi gabe. Sehaska kantuak izugarri gustatzen zitzaizkidan, eta konturatu nintzen erritmoa ondo zaindu behar dela, alegia, alferrik zela kalera joateko irrikagatik sehaska azkar eragitea. Modu horretan umeak ez baitzuen lorik hartzen. Amari begira ikasi nuen hark nola kantatzen zuen, goxo, geldiro, sehaskaren erritmoa kantatzerakoan eramanez. Horrela lortu nuen, gerorako esperientzia.

Hamalau urterekin seminarioan hasi zinen. Bokazioz baino, zeure lekua bilatzera joan omen zinen.

Bi anaia zaharrenak fraide joan ziren, osaba ere bai, izeba moja genuen... Etxeko giroa oso erlijiosoa zen. Etxean errudun sentitzen nintzen, beti aurpegiratzen baitzidaten nire anaiak eta osaba lau pareta artean bizi zirela, eta ni berriz, egun osoan kalean.

Gainera ume berezia nintzen. Afektibitate gutxi ezagutu nuen, eta txikitatik goiztiarregia nintzen. Jende zaharragoarekin ibiltzen nintzen, eta ume batentzat ez zen giro aproposa. Gerra osteko kaleko bizitza bizioz betea zegoen.

Nire barruan sekulako kontraesanak nituen. Guri inork ez zigun heziketa sexualik eman. Masturbatzea ere bekatua zen...
Eskolan ere sekulako presioa neukan. Eskerrak mutil azkarra nintzen, bizia, ernea. Irakasleek ezin ninduten mendean hartu, baina gaitasun ikaragarriak neuzkan marrazketarako, idazteko, musikarako... Ez nintzen gaiztoa, nire enkantuak neuzkan.
Hitz bakarrean esateko, garai hartako hezkuntzaren fruitua nintzen. Ni berez nintzen iraultzailea. Hamalau urterekin seminariora joan nintzen nire kontzientzia baretzera.

Arantzazura joan nintzenean gure aitak negar egin omen zuen. Baina hori osabak kontatu zidan. Gure gurasoek ez zekiten euren sentimenduak adierazten. Izan ere, berandu hartu nuen seminariora joateko erabakia, eta gurasoentzat ustekabe handia izan zen. Ez zuten espero, niri zer karrera eman pentsatzen hasiak ziren ordurako.

Argazkia: Alberto Elosegi.

Lagunartean zer moduz moldatzen zinen?

Koadrilarako oso elementu ona nintzen. Futbolerako, lehiarako, giroa jartzeko... Bandako kantuak pianorako moldatu, eta kafetegi batean jotzen nuen arratsaldeetan, gazteentzat. Erromantiko hutsa nintzen, beti maiteminduta bizi nintzen!

Bihurria eta onbera zinen, beraz.

Amak kontatzen zuen, nola behin kristorena egin nuen. Ama errezelotan zebilen, “orain ere Manolito zertan ari ote da!”. Ohera joan aurretik begiratu omen zuen nire gelako atearen morroilotik, eta ni belauniko aurkitu ninduen, beso zabalik errezatzen. Ama zur eta lur geratu zen.

Arantzazun zer aurkitu zenuen?

Goizetan esnatzean, sentitzen nuen beldurrik ez neukala. Ordura arte barruan gordeta neukan indarkeria askatu nuen.
Han baretasuna aurkitu nuen, baina kontrol handia ere bai. Eskolan ere, irakasle batzuek oso nire alde nituen, eta besteak oso nire kontra.

Denborarekin konturatu naiz nire arazoa hezkuntza sistematik zetorrela. Hezkuntza sistema umea mendean hartzea da. Nik bizi izandakoa oso gogorra da. Horregatik diot umeari errespetu ikaragarria.

Nolako hezkuntza ematen saiatzen zara?

Guk umearen osotasunari bakarrik begiratzen diogu. Heziketa integrala bilatzen dugu. Horretan erabat Oteiza zalea naiz. Arantzazu eraikitzen ari zen garaian, ezagutu nuen, ni ikasle nintzela. Gerora nire irakasle lanen berri izan zuen eta behin hala definitu ninduen: “Imanol, umeak sutsuki eraikitzen dituena”.

Nik eskolan beti defenditu dut gaitasun denak landu behar direla. Ez txikitatik, ume bat piano jole izatera bakarrik bideratu, gurasoen ametsa hala delako.

Ni eskolan zigortu egiten ninduten marrazkiak egiteagatik. Oso ona nintzen horretan. Arantzazura joan nintzenean ere karikaturagile petoa nintzen, eta debekatu egin zidaten marraztea. Hori pertsona bat elbarritzea da.

Pertsona libreak sortzea da nire helburua. Baina nahiz eta oso askatasun zaleak izan, diktadore txiki batzuk gara. Denok. Norberak egin behar dio aurre bere buruari. Autokritika eta terapia gogor bat behar dugu. Irakasleak umeak maitatu behar ditu. Eta irakasle batzuk badira maite dutenak bere jakinduria, bere esperientzia, eta ahaztu egiten zaie umeari libre izaten utzi behar zaiola. Eskolari interesatzen zaiona umeen sumisioa da. Oso zaila da umeen iritzia errespetatzea. Erreformismo asko dago, eta benetako iraultzak egin dira, baina gaizki atera dira. Hala ere, bide honetatik jarraitu behar dugu.

Argazkia: Alberto Elosegi.

Mugimendu politiko eta kulturalean ere ibili zinen...

1957an Arantzazutik itzultzean hasi nintzen umeekin antzerkiak egiten, kantaldiak, lehiaketak... Euskararen egun bat izaten zen, eta hori zabaldu beharra sentitzen nuen. Giroa oso politizatua zen, Franco oraindik bizirik, eta hogei urte inguruko gazteak mugitzen hasi ginen. Inguruan koadrila aproposa suertatu zitzaidan, zorionez, eta erraza egin zitzaidan giro hura indartzea. “Irrintzi” taldean aritu nintzen, politika, kultura, eta euskaltzaletasuna berpiztu nahian.

Musikaren bidea bizi nuen orduan, konposatu egiten nuen. Baina nire helburua ez zen goi mailako musikari izatea. Gizarteari begira egiten nuen musika. 60ko hamarkada zortzikoteen garaia zen. Lagunek eskatu zidaten ea zortzikotea zuzenduko nuen. Tradizioa kantatzeko ondo zegoen, baina guk beste musika batekin hartu genituen eszenategiak. Polifonia egiten genuen, baina mezu bat, eta baloreak transmitituz. Alderdi politikoa hor zeukan. Oraindik ez zen “Ez dok Amairu” sortu.

Eskolan beranduago sartu nintzen, 70ean. Baina garai honetan konturatu ginen zein garrantzitsua zen euskarazko kantuak, dantzak irakastea eskolan. Euskaldun izateko euskal kulturaren oinarri bat ematea ezinbesteko estrategia da. Irakurtzen eta idazten irakastea ez da nahikoa.

Kontatu Zarauzko ikastolan irakasle izan zineneko esperientzia.

Euskadiko Kutxako zuzendaria nintzen, eta dena utzita Erromara joan nintzen irakasle titulua ateratzera, ikastolan irakasle hasteko. Nire semeei beste heziketa bat emateko hartu nuen irakasle hasteko erabakia.

Konturatu nintzen umeak gustura edukitzeko kantua oso garrantzitsua zela. Geografia, eta bestelako irakasgaiak ere kantuen bidez ematen nituen. Nire irakasteko modua ez zen konbentzionala, eta aztoratu egiten nuen ikastolako sistema.

Irakaslearentzat errazagoa da diziplina baten barruan beti orden berean irakastea. Nirea beste kontu bat zen, garai batean modan egon zen bizipenetan oinarritutako heziketa. Haurrak zerbait ikasi nahi badu, lehenengo bizi eta esperimentatu egin behar du, eta gero azalpena bilatu. Nik intuizioz erabiltzen nuen neure pedagogia propioa, ongi edo gaizki ari nintzen jakin gabe. Geroago etorri ziren teoriak.

Uste dut, ikastolak gaizki interpretatu zuela nire metodoa. Enbarazu bat nintzen eskola hartan, bakarti bat, eta hala ere beti jendez inguratuta nengoen.  

Arrazoi politikoak ere izan ziren tartean. Eta azkenean, bidali egin ninduten ikastolatik. Nire bizitzako unerik latzena izan zen, osasun osoa galdu nuen. Zarautzen neukan lagunartea, koroa, dena galdu nuen. Eta neure herrian bizitza berregituratzeko, kontserbatorioa sortu nuen.

Lehengo eta oraingo umeak ezberdinak dira?

Ez ditut ezberdin ikusten. Orain ere umeekin oso ondo moldatzen naiz, oso estimatua sentitzen naiz. Gaurko umeekin orduan egiten nituen gauza berberak egiten ditut. Ni aldatu naiz, noski, zahartu egin naiz.

Nik ez dut sekula umea nigana ekarri. Ni sartu naiz, zentzu guztiak horretara jarrita, euren munduan. Trukean jaso dudan sentsaziorik gogorrena izan da umeek emandako maitasuna.

Adibide bat jarriko dizut. Astebete ibili naiz Orreagan hango ume eta irakasleekin. Ez nituen umeak lehendik ezagutzen. Iritsi nintzenean, hiru urteko ume bat beti gainean neukan. Bere amak esaten zidan, “bai, sorgin hutsa da, oso mimosa...”. Garrantzia kendu nahian umearen onarpenari. Umeak amari esaten zion “ama, begiak itxi eta Imanol ikusten dut”. Maitemintze erromantiko hori zuen. Amak azaldu zidan: “ez harritu. Nire etxean ume horrek jaioz gero ez du zurea ez den beste musikarik entzun.” Umeak barruan ideia bat egina zeukan, kantatzen zuen Imanol horrena, eta nire ahotsa entzun zuenean ez zuen erreparatu nire adinean. Horrelako beste hamaika kasuk erakusten dute umearentzat garrantzitsuena musikarekin bere alde afektiboa lantzea dela.

Argazkia: Alberto Elosegi.

Umeengandik eman adina jasotzea ere ez da beti erraza izango.

Hiru urteko umeengandik ezin dugu espero hitza entzutea, eurek kantatzea. Gizartearen betebeharra da umeari musika ematea. Eta ez, askotan egiten den bezala, “umeak ez du kantatzen” esan eta gutxiestea. Ez du kantatzen, ezin duelako kantatu. Urte horietan umeak barneratu eta barneratu egiten du. Ausardia handia behar du ume batek kantatzen hasteko. Bere ahotsa gizarteratzea esan nahi baitu horrek, eta oso zaila egiten zaio.

Gogoan daukat “Lotan nago begiak itxita” kantuarekin gertatutakoa. Hiru urtekoekin landu genuen kantu hori. Hurrengo urterako, beste kantu bat asmatu nuen “Lotan nago lotan, ametsetan ta lotan...”. Umeetako bat erdalduna zen, euskal munduan integratua. Haserre etorri zitzaidan, eta erdaraz esan zidan: “Imanol, kantu hori ez da horrela! Lotan nago, begiak itxita da!” eta kantu osoa bota zidan. Ordura arte ez zuen sekula kantatu, baina ez du esan nahi kantua ez zekienik. Oso ume bizia zen, eta lau urterekin esan zidan: “Imanol, maite zaitudala esan baino lehen, banekien zuk maite ninduzula”. Gurea ematea da, eta erantzun txar baten aurrean, pazientziaz, nola buelta eman pentsatzea.

Gorroto dut “eman Imanoli muxu” esatea. Ez dut nahi umeak gerora pentsatzerik “zenbat muxu eman behar izan nizkion maisu zahar hari”. Pentsatu dezala, nahi badu, “zenbat muxu eman zizkidan gizon hark”. Ez dakiola maitasunik falta. Hori da nire lehen legea.

Nola sortzen dituzu kantuak?

Kantuak umeekin batera sortzen ditut, euren artean nagoela sortzen zaizkit, bat-batean. Donostiako Martutene auzoan klaseak ematen nituenekoa kontatuko dut. Oroimenean banituen trenari buruzko kantuak, “Pasa-pasa por la puerta de Alcala”, geuk txikitan asko kantatzen genituenak. 3-4 urteko haurrekin nengoen, eta “Triki-traka-trika-tra Martuteneko trena” sortu nuen.
“Ranroberra”rena da bestea. Umeetako batek ez zekien “r” ahoskatzen, eta beti isilik egoten zen, hitzik egin gabe. Autista zela ere pentsatu nuen. Beti itxita zegoen, baina bere begiak beti nirekin zituen.

Gabonak pasatu berri ziren egun batean, umeengana itzuli, eta denak hasi zitzaizkidan Erregeek zer ekarri zieten kontatzen. Gure ume hori, Aitor, etorri zitzaidan, eta ezinean, barruan zuena askatu zuen: “egegeak ekagi dit traktoga, motoga eta gangobega”. Erantzun nion “Aitor, dena martxan, e!”. Hurrengo klasean sortu nuen “Ranroberran, po-po-po-po-po-po-po-po!” kantua. Hitz egiteko beldur hori gainditu zuen. Hazitakoan, ama eta biak etorri zitzaizkidan eskerrak ematera.

Musika eta hizkuntza nola uztartzen dituzu?

Eskolan beti eman dut musika hitzari lotuta, sekula ez bere abstraktutasunean. Musika bide ikaragarria baita melodia eta erritmoaren bidez, pentsamenduak transmititzeko. Txikitatik umeak erritmoa bizi du gehiena, melodiak berotasuna ematen dio. Eta ez uste izan umeak musika bihurria edo mugimendu askokoa nahiago duenik. Hiru soinu nahiko dira umea gustura edukitzeko.

Umeari, hasieran, bost axola zaio hitzaren esanahia. Hitzaren erritmoa jasotzen du. Begira, bestela, “Aita gaiztoa tabernan dago, pikaro pekataria” seahaska kantua. Zentzu txarra du, baina hori kantatzen dion amarentzat. Umeak fonemen goxotasuna jasotzen du. Zentzu literarioa ez zaio interesatzen.

Zer da musikaren balio terapeutikoa?

Beti erreparatu diogu musikak lasaitzeko, lokartuarazteko duen balioari. Terapia askotarako behar dugu mugimendua koordinatzea. Nola entzuten dugun ezagutzea garrantzitsua da, gure tonalitatearen erreferentziak edukitzea ere bai...
Zenbat ume daude traumaz, ez dutelako ahotsaren indarrik. Lotsaren presioa sentitzen dute, eta esan nahi dutena eztarrian korapilatzen zaie. Pentsa, ahotsa zer arma garrantzitsua den komunikaziorako!

Zuen eskolatik ateratzen al da goi mailako musikaririk?

Ez diogu goi eta behe mailari erreparatzen. Guk beti hartu dugu musika bizitzarako lagungarri, ez helburu. Zaletasuna sortuz gero, ondoren nahi duenak egingo du musika karrera. Eta bai, nahi duenak landu du eta musikari onak atera dira.

Kezkagarriagoa da beste kasua. Ume asko gelditu dira bizi osoan frustratuta, bere etxean denak musikariak zirelako eta bera etxeko tuntuna bezala hartzen zutelako. Nirekin musika ikasi du jende horrek, kantatu eta flauta jo ere bai.

Kongoko Kansenia herrian egon zineten.

Esperientzia zoragarria izan zen. Musika irakatsi genuen bertan, eta disko bat grabatu ere bai. Beti harritu nau afrikarrek erritmorako duten dohain bereziak. Bai musikarako eta dantzarako. Konturatu nintzen umea beti amaren bizkarrean daramatela. Agian hori izango da, arrazoia. Hemengo umeak sehaskan egoten dira. Hangoek, berriz, amarekin lo egiten dute, kalera irtetean amaren ibilera sumatzen dute, bere mugimendua... Balio erritmikoa gehiago landu behar dugu eskolan.

Zer proiektu dituzue esku artean?

Musikaren historia irakasteko bideoak grabatzen ari gara. Urtero hiru tokitara mugitzen gara, bertako musika azaltzeko. Esaterako, iaz Italiara joan ginen, operari buruzko bideoa grabatzeko.

Horrez gain, ume txikienentzat, bi urtekoentzat orain arte ez dut ezer askorik egin, eta gai horri ere heldu nahi nioke l

- Jaio: Zarautzen, 1934an.
- Musikari eta irakaslea.
- Ikasketak: 14 urterekin seminarioan sartu zen, eta 10 urte pasa zituen bertan. Ondoren, Erroman atera zuen irakasle titulua.
- Musika: 7 urterekin hasi zen Zarauzko bandan klarinetea jotzen. Pianoa, txistua eta gitarrari ere musika ateratzen badaki.
+1962an Oleskariak zortzikotean hasi zen.
+1963an «Naya» diskoteka sortu zuen.
+1970ean Zarauzko Musika eskola sortu zuen, eta 1978an Hernanikoa.
+Eusko Jaurlaritzaren lehen urteetan, musika heziketarako arautegia egiten jardun zuen.
+1984an Xirula-Mirula Musika Hezkuntzarako Saiatokia sortu zuen, eta geroztik bertan ari da lanean.
+Irakasleak musikarako prestatzeko ikastaroak ematen ditu. Dagoeneko, 5.000 irakasle baino gehiagori eman die ikastaroa.
- Beste lan batzuk: Euskadiko Kutxako zuzendari izan zen, baita Zarauzko ikastolako irakasle ere.
- Argitalpenak: Elkar eta Santillana argitaletxeentzat musika ikasmateriala sortzen du. Haurrentzat argitaratu dituen diskoak, berriz, ehunka dira.

Eskolako azken urtean musika klasea nik ematen nuen, oso ume bihurria banintzen ere. Nire adineko Felipin laguna gaizki ibiltzen zen musikan, eta nik horrelaxe eman nizkion azalpenak: musikan melodia baino askoz garrantzitsuagoa da erritmoa. Hartu bizikletako txirrina, eta kantu baten erritmoa markatu nion. Hamabi urterekin pedagogia egiten nuen!

Doinua: Aita izena
Etxe ondoko kioskopeko
doinu haien ondorena,
geroztik haurren mundutik gertu,
oso gertu dabilena.
Oteizak haurren eraikitzaile
definitu zintuena,
izatez obra berezia da
egiten ari zarena,
beti eraiki eta eraiki
eta bukatzen ez dena.

1991n, orain bezala, beti umez inguratuta.


ASTEKARIA
2002ko abenduaren 08a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude