argia.eus
INPRIMATU
Karmelo C. Iribarren
" Aspalditik neukan amets txiki bat bete zaitĀ»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 28a
Esanahi handia al du zuretzat antologia honen argitalpenak?
Neurri batean, aspalditik neukan amets txiki bat bete zait, eta oso-oso garrantzitsua izan da. Izan ere, orain dela hamar urte ni Donostiako Bilintx edo Lagun liburudendetara joaten nintzenean, eta apaletatik Miguel D’ors bezalako poeten liburuak hartzen nituenean, beti pentsatzen nuen nire idazlanik ez zela sekula haietan izango. Baina begira, ez da horrela izan!

Zer da poesia, Karmelo C. Iribarrenentzat?
Beno, era ulergarri batean azaltzeko, niretzat poesia -poesia izatekotan-, irakurlearen zentzumenak atzeman eta bere barnean gelditzen den zirrara hori litzateke.

Zer-nolako poesia mota idazten duzu zuk?
Oso poesia errealista dela esango nuke. Hiritar zentzu nabarmena duen poesia zuzena eta hizkera arruntakoa da nirea, noizbehinka ustegabeko zorroztasuna edo ironia erabiltzen baditut ere. Irakurlea hunkitzea nahi nuke nire poemekin. Are gehiago, harri eta zur uztea lortzen badut, hobe.

Eta zein dira zu gehien hunkitu zaituzten poetak?
Orohar, emozioak helarazteko gai direnak, bere barnera sartu ahal izateko ateak irekiak uzten dituztenak. Adibide batzuk emateko, Jaime Gil de Biedma, Angel Gonzalez, Luis Alberto de Cuenca, Abelardo Linares, Roger Wolfe, Michel Gaztambide… Baina akaso nigan eraginik handiena izan duten idazleak iparramerikarren artean bilatu beharko genituzke: Raymond Chandler, Hammett, James M. Cain, Ross Macdonald, Bukowski edo Sam Shepard bezalakoetan, prosa idazterakoan ere poetak izaten dakiten horietan. Handietan handi den Pio Baroja ahaztu gabe, jakina.