KONTSUMO GIZARTEAREN «BESTE» DROGAK

  • Adikzio hitza entzun eta alkohola, tabakoa eta bestelako drogak datozkigu gehienetan gogora. Baina badira substantzia kimikoen beharrik gabe sortzen diren menpekotasunak ere. Adikzio sozial edo psikologikoak esaten zaie eta kontsumo gizartearekin harreman estua dute. Orriotan, Internet, telebista, sexua, lana, jokoa eta erosketekiko jarrera konpultsiboetaz jardun dugu.
Drogaren erabilera gizakia bera bezain zaharra da. Droga horiek neurrigabe erabilita adikzioak sortzea bezain zaharra. Drogak hartzeko arrazoi nagusia efektu farmakologikoa lortzea da: euforia, lasaitasuna, lotsa galtzea... Efektu hau gure garuneko dopamina mailaren igoerarekin dago lotuta. Eta igoera hori ez da soilik substantzia kimikoen bidez lortzen. Erosketetan, kasinoan, Interneteko txat batean edo lanean ere dopaminaren gorakada senti daiteke. Hortaz, zilegi dirudi, adikzio kimikoetaz gain, adikzio psikologiko edo sozialetaz hitz egitea ere. Joku patologikoaz, sexu adikzioaz, erosketa adikzioaz, lan adikzioaz edo Internet adikzioaz ari gara.
Adikzio psikologikoek adikzio kimikoen prozesu bera jarraitzen dute. Hasieran subjektuaren jarrera indartzaile positiboek kontrolatzen dute, hots, dakarren plazerragatik erosten, jokatzen edo txateatzen du. Azkenean ordea, indartzaile negatiboek lortzen dute kontrola, hau da, subjektuak ondoeza gainditzearren bilatzen ditu sexu harremanak, telebista edo lana. Une horretan aktibitate horrek eragin larria du adiktoaren eguneroko bizitzan, kontrola galtzen du eta jarduarekiko menpekotasuna garatzen du.
Adikto sozialak denboraldi batez jarduera adiktiboa utziko balu, adikzio kimikoetan gertatzen den bezalaxe, abstinentzia sindromea izango luke.
Hala ere, desberdintasunak badira adikzio kimiko eta ez kimikoen artean. N. Madrid López doktoreak dio adikzio psikologikoek ez dutela adikzio kimikoek ekarri ohi dituzten ondorio fisiko larririk ekartzen. Horrek ez du esan nahi, dena den, gaixoak inolako ondorio fisikorik jasaten ez duenik. K.S. Young doktoreak dioen moduan, Internet adiktoak, esaterako, lo galera larria izan dezake, horrek osasunerako dakartzan ondorio guztiekin.
Ezberdintasun nagusiena tratamenduan dago, P. Cazau psikologoaren ustez. Adikzio kimikoetan gaixoak substantzia adiktiboa hartzeari uko egin behar dio. Adikto sozialak, ordea, ezin du beti bere jarduera adiktiboa erabat baztertu: sexu adiktoak sexua ahaztu behar al du betirako? Eta lan adiktoa ez al da gehiago lanera joango?
Enrique Echeburua EHUko psikologia katedradunak 1999an adikzio psikologikoen tratamendurako programa bat sortu zuen. Horren arabera tratamenduaren lehen pausua menpekotasuna sortzen duten estimuluak saihestea izango litzateke. Egoera hau ordea, ezin da luzatu, estimulu horiek eguneroko bizitzan baitaude. Horregatik, modu erregular eta progresiboan, gaixoak elementu arriskutsuetara hurbildu beharko du eta bere burua kontrolatu beharko du horien aurrean. Horrekin batera, Echeburuak arazo espezifikoei ere irtenbidea bilatu behar zaiela dio, abstinentziak ekarri ohi dituen depresioa, antsietatea... tratatu behar direla. Bizimodua aldatzea ere komenigarri da, beharren eta desioen arteko oreka bultzatzea garrantzizkoa baita. Azkenik, berriz erortzea ebitatzeko prebentzioak garrantzi handia du. Adikzioak sendatzea errazago baita erabateko abstinentzia lortzen denean.
Baina erabateko abstinentzia oso zaila eta askotan ezinezkoa da adikzio psikologikoen kasuan, jarduera adiktiboak kontsumo gizarte honetako eguneroko jarduerak direlako. Gaixoak egunen batean erosketak egin beharko ditu, lanera joan, sexua praktikatu... eta tabernara sartzean hor izango ditu telebistaren edo makina txanponjalearen kolore distiratsuak.
Adikzio hitza behin eta berriro erabili dugu erreportaje honetan, baina «ofizialki» ez omen da zuzena terminoa erabiltzea. Egia da ludopatia eta joko patologikoa, seguruenik orriotan aztertuko dugun adikziorik zaharrena, aspaldi onartu zuela OMEk (Osasunerako Munduko Erakundea) patologiatzat. Baina DSM-IVak (AEBetako Psikiatria Elkartearen buruko desordenak diagnostikatzeko irizpideak) substantzia kimikoen menpekotasunari ezartzen dio soilik adikzio terminoa. Adikzio psikologiko gisa izendatu ditugunak «kontrolaren desarekak» dira DSM-IVarentzat. Desoreka hauek berriak dira sarritan, berau eragiten duten jarduerak bezain berriak (Internet kasu). Horregatik gaiaren inguruko azterketak ugaltzen ari dira azken urteetan . Ikertzaile ugarik «adikzio» hitzaren aldeko hautua egin du eta denborarekin ofizial bihurtuko delakoan dago.
Hitzak hitz, egungo gizartean indar handiz hedatzen ari diren arazoak dira. Erosketa adikzioa, adibidez, Europako biztanlegoaren %2tik %5erako portzentajeak sufritzen omen du. Milioika pertsonei eragiten dieten gaixotasunez ari gara beraz


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude