IRAILA, HORTXE BERTAN
Unean unekoari jaramonik egin gabe, uda partean termometro politikoak gorako joera ohi du Euskal Herrian, eta aurtengoan ere hala izango bide da, autogobernuari buruz Eusko Legebiltzarrak hartu duen erabakiak piztu duen ekaitza kontuan hartuta. Ikusi beharko da trenen talka hori nola ematen den, aurrez aurreko talka gogor batean ahulenak galtzen du eta. Madrilek Gernikako Estatutua bete nahi ez duela adieraz dezan molde bat hautatu da, eta ez da erraza asmatzea nola bilakatuko den molde hori; baina, agian, ez da oso gaitza pentsatzea sortuko den egoera kontsulta ospetsuarekin lotu beharko dela, era batera ala bestera. Iraila gainean da.
FROGA PILAKETA
ORAINDIK ikusteko dago nola bukatuko den Batasunaren aurkako ondasun bahiketaren auzia, eta batez ere zein neurritan eragingo dion Batasunaren jarduerari, baina pentsatzekoa da, ez dela ezker abertzaleko alderdiari gertatuko zaion okerrena. Jose Maria Michavila justizia ministro berriak iragarri du jada Alderdi Politikoen Legea indarrean jartzeko «froga pilaketak» aurrera darraiela, Espainiako Gobernua une aproposaren zain dagoela. Ez da zalantzarik, halaber, balizko ilegalizazioa joko politiko zuzenean ere erabiliko dela, eta ez Batasunaren aurka bakarrik. Zeharka bada ere, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdien aurka ere gero eta salaketa gehiago entzuten da PPko buruzagien ahotan: «terroristen lagunak» eta, beraz, legez kanpo jarri beharrekoak eta «terroristen lagunekin aritzen direnak».
BAKEAREN ALDEKO KOORDINADORA EZBAIAN
AJURIA Eneko Itunaren garaian ETAren aurkako sinboloetakoa izan zenak -Bakearen Aldeko Koordinadorak- aspaldi galdu zuen Estatuko zenbait guneren bedeinkazioa. Azken urteetan, bedeinkazioaren ordez, eraso dialektikoa ere egokitu zaio, gero eta gogorragoa gainera. Borreroak eta biktimak berdin tratatzen dituela leporatzen zaio gero eta gehiago, eta askatasunaren alde eta honen aurka egiten dutenen artean ekidistantzia mantendu nahia. Aurelio Arteta unibertsitateko irakaslearen luma izan da oraingoan BAK astindu duenetakoa, eta Jose Luis Zubizarreta -Ardanza lehendakariaren aholkularia zena- taldearen defentsan atera denetakoa.
EZKER BATUAREN EGOERA ZAILA
AUTOGOBERNUAREN ponentziaren onarpenak egoera gaitzean jarri du Ezker Batua, batez ere Estatuan oso zaila delako defendatzea ez dela erronka subiranista bat, Espainiako komunikabide denak horrela saltzen dutenean. Euskal Herrikoak eragina du Espainiako politika osoan, eta Izquierda Unida beldur da Ezker Batuaren jokaerak estatu mailan egin diezaiokeen kaltearekin.
ARZALLUZ, PP ETA ARABA
XABIER Arzalluzek ez dio beldurrik Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo gobernuaren arteko soka tenkatzeari. Bere ustez, horrek kalte egingo dio Alderdi Popularrari eta Ibarretxe lehendakariari mesede. Bere esanetan, Araban PPkoak artega daude tentsionatze berri honekin, eta Arabako PPko buruzagiek jadanik adierazi omen dute Madrilen ez jarraitzeko bide horretatik, horrek Araban galtzea ekar dezakeelako. «Deia» egunkarian uztailaren 14an argitaratutako elkarrizketan egindako hausnarketak dira aipatutakoak.
UDALBILTZAREN ESKUBIDEEN AGIRIAREN PRESTATZE LANAK
EZKER Abertzaleko Udalbiltza lantzen ari den Eskubideen Agiria datorren abenduaren 6, 7 eta 8an aurkeztuko da, Kursaalen egingo den Estaturik Gabeko Nazioen Nazioarteko Kongresuan. Irailetik aurrera, orain arte Udalbiltzaren lan talde desberdinek egin dituzten lanak osatuko dituzte herritarren partehartzea ahalbideratzeko eratu diten taldeak.