argia.eus
INPRIMATU
GAUR EGUNGO PRODUKZIO MILITARRA: MUGATUAGOA BAINA SOFISTIKATUAGOA
Daniel Udalaitz Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 27a
Esan dezagun, aurrera baino lehen, armamentua, munizioak, hegazkin militarrak, tankeak, kanoiak eta obusak fabrikatzeari deritzogula produkzio militarra. Espainiako Defentsako Ministerioaren enpresen 2001eko katalogoan, dozena bat euskal enpresa ageri ziren. Zerrendan, hauexek ziren nagusiak: ITP, Gamesa, Sener, Expal, Sapa, CAF eta Fabrinor. Horrez gainera, ehunen bat euskal enpresa txikik ere kolaboratu dute bi programa militarretan, aldian-aldian edo noizean behin. Hala nola, Erisarri eta Suberbiolak, Novaltik, Grupo de Ingeniería Reconstrucción Y Recambios, S.A. enpresak, Larrañaga y Elorzak eta Siegelek. Jakina, enpresa horiek guztiak ez dira produkzio militarrean bakarrik aritzen, baizik eta ekoizpenaren parte bat egiten dute sektore horretarako.

Zaila da produkzio militarrean aritzen diren enpresen datu ofizialen berri izatea. Enpresa bakar batek ere ez ditu datuak azaldu nahi. Batzuek ukatu egiten dute produkzio-mota hori, nahiz eta egia izan horretan zerbait aritzen direla. Beste batzuk nahasten saiatzen dira: aitortzen dute behin-behineko kontraturen bat izan dutela, baina, diotenez, ez dira produkzio militarreko sektoreko enpresak. Nolanahi ere, badira talde antimilitaristak, Gasteizkoak taldea kasu, joan deneko aspalditxoan urtero-urtero Euskal Herriko produkzio militarraren gaineko datuak ematen dituztenak. Dakigula inork ez ditu inoiz ukatu talde horren datuak, eta, horrenbestez, produkzio militarreko euskal enpresen gaineko datu zenbaitek talde horren informazioa dute iturri.


ITP ETA GAMESA.

Espainiako Defentsako Ministerioak 25 euskal enpresari esleitu zizkien 569 kontratu,1990 eta 2001 bitartean. Enpresa horien artean, aeronautikako sektorekoak ziren nagusi: ITPk, Dassaultek eta Turbomecak 336,5 milioi eurotik gora jaso zuten kontratuetan. Gaur gaurkoz, aeronautikako sektorea da industria militarraren zerbitzari handiena. Euskal Herrian ere sektore horixe da negozio handiena duena. Testuinguru horretan kokatu behar da, beraz, ITP eta Gamesa bi euskal enpresa handiek gauzatu duten fusioa. Arduradunek adierazi zutenez, taldea sektoreko nazioarteko liderra izan daiteke, lauzpabost urteren buruan. Enpresa horiek, egia da, produkzio zibilean ere aritzen dira, baina, dena dela, fusioaren helburuetako bat fabrikazio aeroespazialean enpresa bien sinergiak aprobetxatzea zen. Jakina denez, arlo horretan badira programa militar batzuk, eta enpresa biak horietan lanean ari dira dagoeneko.
Euskal talde aeronautiko berriak, zeinek Bilbon jarri baitu egoitza soziala, negozioaren %20 kalkulatu du produkzio militarreko jardueretan eta %80 produkzio zibilekoetan. Gogoan izan behar da, azken urte hauetan behera egin duela jarduera aeronautiko zibilak, eta, aitzitik, gora egin duela helburu militarreko jarduera aeroespazialak, batik bat munduko gobernu guztien defentsako planei esker, baina, bereziki, Ipar Amerikako gobernuaren defentsako egitasmoengatik.

Erakunde eskudunek baieztatzen dutenaren arabera, etorkizun ezin hobea ikusten dute Hego Euskal Herriko eta Espainiako sektore aeroespazialean, hurrengo hamarkadetarako. Industria hori garraio militarreko eta eskualdeko garraioko -C295- hegazkinetan nagusitu da orain artekoan. Hurrena, ordea, garraio militarreko A400M proiektuan gailendu nahi du. Duela hiru hilabete osatu zen Sociedad Española de Misiles elkartea, zeinean, oraingoz, EADS-CASA, Indra e Izar (talde horren barrukoa da Sestaoko Navala) eta Europako MBDA enpresek hartzen baitute parte. Euskal talde aeronautiko berria aurreko enpresa horien pare-parekoa da edozein arlotan.
Jada garatzen ari diren egitasmo horiez gainera, badira axolakoak diren beste hainbat plan, eta horietan ere nabarmena izan daiteke Hego Euskal Herriko eta Espainiako enpresen parte-hartzea. Proiektu berriei gagozkiela, honako hauexek dira aipatzekoak: bonbardatzeko ehiza-hegazkinetako pilotu berria, zein oraingo hamarkadan garatu behar baita; helikopteroen arloan oraingoz existitzen ez den segmentu industriala sortzea eta Europako tripulazio gabeko lehen hegazkinetan parte-hartzea, zeinen garapenean urteetako aurrerapena baitarama Ipar Amerikak.
Egoitza soziala Negurin daukan ingeniaritzako SENER elkartea da aspalditxo honetan jardueraren parte bat produkzio militarrean gauzatzen ari den beste enpresa bat. Antzina ez dela, Compañía Española de Misiles (CEM) taldea sortu du, CASA eta New Matra-BAE Dynamics enpresekin batera. Elkarte berri horrek Meteor irrati-frekuentziak gidatutako aireko misilarekin du ikuskizun.
Gipuzkoako beste enpresa batek ere badihardu Defentsako Ministerioarentzat lanean, Sociedad Placencia de las Armas, S.A. (SAPA) izenekoak hain zuzen. Enpresa hori gremioen euskal industria zaharraren oinordea da, eta kanoi-fabrika gisa ezagutzen du herriak. Gaur egun, Defentsako Ministerioaren 235 tanke fabrikatzeko egitasmoan ari da lanean. Azken belaunaldikoak dira Leopards izenez ezagutzen diren gerrako gurdi horiek, eta Espainiako lurreko armada hornituko dute.
Defentsako Ministerioak 1.900 milioi euroko aurrekontua izendatu du proiektu horretarako. Aurten entregatzekoak dira lehen 20 tankeak. Gainerakoak, berriz, 2007a bitartean, urteko 40 kontatuta. SAPA enpresa tankeen trakzio-sistemaz arduratzen da.
Gasteizkoak talde antimilitaristak aurreko asteetan eman dituen datuen arabera, beste enpresa batzuk ere ari dira lanean Espainiako Defentsako Ministerioarentzat. Zamudioko Erisarri y Suberbiola, esate baterako. Enpresa horrek, antza denez, Europako Eurofighter gerra-hegazkinaren egitasmoan hartu du parte: hegazkinaren atakeko ertzaren errail titaniozkoak diseinatu omen ditu. Talde berak adierazi duenez, Barakaldoko Novalti enpresa ere Europako gerra-hegazkin horren piezak fabrikatzen ari da, baina Novalti izenaren ordez Interspace izena baliatuta. Bizkaiko Siegel enpresak, halaber, bereganatu omen ditu kontratu batzuk, Europako gerra-hegazkin horren motorreko pieza zenbait egiteko. Mallabiako Grupo de Ingeniería Reconstrucción y Recambios, S.A. enpresa, berriz, honako lan hauetan ari omen da: batetik, ordezko piezak ekoizten; bestetik, motor eta ibilgailu gurpildunak gidatzeko, konpontzeko eta berriro osatzeko elementuak garatzeko, fabrikatzeko, zerbitzatzeko eta mantentzeko probako bankuen instalazioei etekina ateratzen. Eibarko Larrañaga y Elorza enpresarekin amaitzen da zerrenda. Itxura denez, nazioartean debekaturik dagoen girgilu-mota bat ekoizten dute bereziki, eta litekeena da horrelako burdinkiak Ruandara eta Pakistanera esportatu izana.


EXPAL-EN KASU BEREZIA.

EXPAL da Explosivos Alaveses, S.A. enpresaren izen komertziala. Bestalde, Defensa de Unión Explosivos (UEE) taldearen burua ere bada beroi. Bistan denez, itxi edo jarduera zibilera pasatu zaizkio arloko edo inguruko hainbat enpresa. Bera, bien bitartean, produkzio militarreko zaharrenetakoa bihurtu da. Guztiz isil eta mutu jokatu du beti bere produkzio militarraz, eta inoiz ez dio erantzun nahi izan datu eske joan zaion prentsari. Ni neu, hainbat urtetan saiatu naiz, baina behin ere ez dut lortu erantzunik. Nolanahi ere, ongi frogaturik dago EXPALen produkzio militarra. Aski izan bedi beste askoren arteko adibide hau. Kurdistango Atzerriko Kontseiluak 1999an bisitatu zuen Eusko Legebiltzarra. Bada, orduan jakin genuen Turkiako gobernuak eskatuak zizkiola EXPALi MK tipoko aireko 13.000 bonba.
Defentsako Ministerioaren Espainiako enpresen direktorioko datuen arabera, EXPAL taldeak, abiazioko bonbak ez ezik, artilleriako eta ontzigintzako munizioa eta beste produktu batzuk ere fabrikatzen ditu, baita «barreiatzeko bonbak» deritzenak ere, zein hainbat herrialdetara esportatzen baititu, Espainiako gobernuaren oniritziarekin. NBE erakundeak gaitzetsi berri du Estatu Batuek Afganistanen horrelako bonbak erabili izana. Izan ere, arma horiek lehergailu txikiak zabaltzen dituzte han eta hemen, eta arriskuan jartzen dute populazio zibila.
EXPAL enpresak 400 bat langileko plantilla dauka, han-hemengo faktoria hauetan banatuta: Arabako Olabarrin, Madrilen, Burgosko Páramo de Masasen, Caceresko Navalmoral de la Matan eta El Godónen eta Bizkaiko Markinan, bere garaian morterogintzan munduko liderra izan eta gero duela urte batzuk desegin zen ECIA enpresaren instalazioetan. Pertsonen kontrako minak ere fabrikatzen zituen EXPAL enpresak, harik eta Espainiako estatuan arma horien fabrikazioa eta komertzializazioa debekatu zuen Legea indarrean jarri zen arte. Horrela, enpresa horrek fabrikatuak ziren Espainiako armadaren biltegiko pertsonen kontrako mina gehienak. Bestalde, mina horien hondakinak desaktibatu gabe daude oraindik, gerra bizi izan duten edo gerran dabiltzan munduko hainbat herrialdetan.
Zaila da garai bakoitzean EXPALek zer material saldu duen jakitea. Nolanahi ere, Gasteizkoak talde antimilitaristakoek diotenez, azken hogei urte hauetan herrialde hauei guztiei saldu omen diote munizioa (ez dute azaldu zehazki zer): Saudi Arabiari, Arabiako Emirerri Batuei, Indiari, Libiari, Kenyari, Iraki, Aljeriari, Irani, Peruri eta Mexikori.
Bistan denez, ezinezkoa da EXPALen produkzio militarra enpresako arduradunen bidez kontrastatzea, zeren printzipioz ukatzen baitituzte datuak. Era berean, oso zaila da taldearen fakturazioko eta negozioko datu benetakoen berri izatea. Euskadiko Industriaren eta Enpresa Esportatzaileen Katalogoa argitalpenean ageri da datu ofizial bat (ez dakigu erreala den ala ez). Hona hemen zein den: EXPAL taldeko Arabako faktoriak bakarrik 300 milioi euro fakturatu omen zituen 2000. urtean. Beste iturri batzuen arabera, 500 milioi euro fakturatu zituen.
2.000 milIoiko arma esportazioa. Kontu iluna izan da eta da Espainiako estatuak beste herrialdeei egindako arma-salmenta, hain arrea, non «estatuko sekretua» izan baita duela urte gutxi arte. Nahiz eta oraindik informazio gutxi argitaratu eta zenbaitetan aski nahasia gainera, ezagutzen den pixka erakunde bakezaleei eta gobernuz kanpokoei esker ezagutzen da: azken batean, erakunde horien bidez, herritarrek lortu dute poliki-poliki informazio gehiago izatea. Gisa horretako erakundeen artean, Cátedra de la Unesco de Barcelona Kataluniakoa ahalegindu da gehien botere publikoek argiago joka dezaten, baita herrialde jakin batzuetarako arma-esportazioa ongi begiratzen ere.
Horrela dira kontuak, eta oraingoz 2001eko datu ofizialak argitaratu gabe daudenez gero, 2000koez jardungo dugu. Komertzioko Estatuko Idazkaritzaren datuen arabera, Hego Euskal Herriko eta Espainiako enpresek 1.300 milioi euroren balioko material militarra esportatu zuten urte horretan. Datu hori jaso dute Espainiako gobernuak argitaratzen duen «Estadísticas españolas de exportación de material de defensa y de doble uso 2000» izeneko liburuxkan. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Cátedra de la Unesco sobre la Paz erakundearen iritziz, ordea, Espainiako gobernuak ofizialki aitortu duen kantitate horren bikoitza esportatu zuten benetan material militarrean.
Zer izendatzen den defentsako material moduan, horretan dago Espainiako gobernuaren eta Cátedra de la Unesco erakundearen datuen arteko diferentzia. Espainiako gobernuaren aburuz, garraioko hegazkinak eta hegaldien simuladoreak ez dira gerrako materiala, ezta zenbait arma eta munizio ere.
Espainiako gobernua, bestalde, etengabe ari da jokalegezko araudi hau hausten: «Debeku da giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeei armak saltzea». Alde horretatik, Europako Batasuneko Kontseiluak 1998an onartu zuen armen transferentziaren gaineko jokalegezko araudi bat. Kodean ezarritakoaren arabera, debeku da honelako herrialdeei armak saltzea: zigortuei, egonkortasun gutxikoei, borroka armatuaren gorabehera dutenei, giza eskubideak urratzen dituztenei, terrorismoa gaitzesten ez dutenei eta ongizateko egoera eskasean bizi direnei. Espainiako gobernuak, ordea, iazko urtean bertan, hala Espainiako, nola Hego Euskal Herriko enpresei, ondoko herrialdeetara armak esportatzeko baimena eman zien: Saudi Arabiara, Arabiako Emirerri Batuetara, Indiara, Indonesiara, Israela, Jordaniara, Pakistana, Sri Lankara eta Turkiara. Guztira, 400 milioi eurotik gorako salmenta baimendu zien.

Munduko gastu militarraren eztanda
Arma merkatuarentzat ere, Gerra Hotzaren amaiera urrun dago. SESBren amaieraren hurrengo urteetan behera egin ondoren, munduko defentsa gastuak hirugarren urtez jarraian eta %2an egin zuen gora 2001ean, munduko BPGaren %2,6ra iritsiz. Munduko biztanle bakoitzeko 144 euro gastatu zela esan nahi du horrek. Horrela dio Estokolmoko Bakearen Aldeko Nazioarteko Ikerketa Institutuak (SIPRI, www.sipri.se) urtero burutzen duen txostenak. Institutu honen arabera, azken datuek I-11ren ondoren munduko arma produkzioak nabarmen egingo du gora datozen urteotan.
Iaz, mundu guztiko gobernuek 839.000 milioi dolar bideratu zituzten guztira defentsara eta horrek aurreko urtearekiko %2ko igoera esan nahi du. 2001ean Errusiak AEBei arma esportatzaileen lehen tokia kendu zien eta, inportatzaileei dagokienez, Txinak hartu zuen aurretik Taiwanek zuen lehen postua. Urte horretatik aurrera, kopuruak are gehiago egingo dute gora, SIPRIren arabera I-11k segurtasun gastu eta politikan joera aldaketa handia emango baita.
Munduko aurrekontu militar handienak AEB, Errusia, Frantzia, Japonia eta Erresuma Batuarenak dira. Soilik bost herrialde hauek mundu gastu militarraren %50 gainditzen dute (AEB bakarrik %36an da). Lehen 15 herrialdeak batuz gero (Espainiako Estatua 15.a da), portzentajeak %75 gainditzen du.
Iazko arma esportatzailerik garrantzitsuenak honakoak izan ziren: Errusia (4.979 milioi dolar), AEB (4.562 milioi euro), Frantzia (1.288 milioi dolar), Erresuma Batua (1.125 milioi dolar), Alemania (675 milioi dolar) eta Ukraina (430 milioi dolar). Inportatzaile nagusiak, aldiz, hauexek: Txina (3.100 milioi dolar), India (1.064 milioi dolar), Grezia (897 milioi dolar), Pakistan (759 milioi dolar), Turkia (442 milioi dolar) eta Hego Korea (401 milioi dolar).