Paskual Rekalde Irigoien: "'Deba ibarretik euskararen herrira' libur uaz"

Aitzinsolas
Koldo Zuazok eta Badihardugu Euskera Alkartiak "Deba ibarretik euskararen herrira" liburua plazaratu dute berriki. Erraten ahal da liburu horren oinarri direla Zuazoren bi liburu hauek: "Deba ibarreko euskeria" (1999) -bereziki, "Euskalkixak etorkizunian" izeneko III. atala- eta "Euskararen sendabelarrak" (2000).

Egileen hizkuntza egitasmoaren xederik behinena Deba ibarrean ezartzea bada ere, hangoa oinarritzat hartu eta "Euskararen Herri osoari" eskaini nahi izan diote.
Uste dut egitasmo hori gauzatzeko baitezpadakoak direla Badihardugu-koek beren taldea sortzeko aipatu hiru arrazoi hauek: "euskara suspertzea", "euskararen osasuna hobetzea" eta "euskaraz gustura eta eroso jardutea".

Zer eta non

Egileek hiru oinarri aipatu dituzte berek paratu xedera ailegatzeko. Lehena, "euskara batua"rena dugu. Inork ez du ukatuko euskara batuak azken 30 urte honetan egin duen bideak, malkartsua izanik ere, uzta joria eman duela. Euskal Herrian gaindi administrazioan, hezkuntzan eta komunikabideetan ezarri da (ezarpen mailak gorabehera). Nolanahi ere, maiz aski kexu agertu dira euskara batua egiteko aukeratu erdialdeko euskalkitik (zuzen aukeratu ere) urruntzen diren euskalki eta hizkeretako hiztunak, uste baitute arinegi utzi dela alde batera bazter hizkeretako mintzoen aberastasuna. Bigarrenik, "herriko hizkerak" aipatu behar ditugu. Egitasmo honen oinarri sendoa izanik, badut uste lan handia dugun egiteko (eta hala ari dira hainbat eskualdetan) aprobetxagarri den oro hartu eta euskara batuan txerta dezagun. Hankak lurrean ditugula egin beharko dugu lan, sentimentalismoak eta euskaldunok hain geurea dugun txokokeriarako joera bazter utzirik. Euskara batu osasuntsu eta bizia genuke xede ezinbertzean. Hirugarrenik, "hizkuntzarekin jostatu eta gozatzeko" erran digute. Ezin erran hemen euskara batua berez dela gozakaitz eta zakar, euskaraz mintzo garenon ardura baita euskara batu hori (eta euskararen gainerako hizkerak) gozo eta atsegin iturri egitea. Hala eginez gero, "hizkuntza sortzeko ahalmena" ere berreskuratuko genuke. Aski da horretarako gure herri eta hirietako hainbat euskaldun naturaltasun osoz mintzo denean gertatutakoari erreparatzea. Ez da harritzekoa, halakoetan, hizkuntzaren erregistro ezberdinak erabiltzeko duten trebetasuna, belaunaldi gazteagoetan galtzen ari dena, hain zuzen ere.

Orain arte erran guziari segida emateko, goian aipatu xede horiek betetzeko bideak beharko ditugu. Ezbairik ez dut Euskal Herriko hainbat herri euskaldunetako hiztunek aho-bihotzetan darabilten mintzaira berekin atxiki behar dutela eta, ahalkerik gabe, kalitatezko euskara hori bertze batzuekin, egunero-egunero erabili eta hobetu edo ikasi nahi dutenei eskaini. Dena dela, kontuan izan beharko dute beren herri eta eskualdetik atera, eta gainerako euskaldunekin elkar konprenitzeko euskara batua ere beharko dutela.
Bertzalde, eskualdeka lan egiteko proposamena egin digute egileek. Ez da aukera txarra baldin eta horretan buru-belarri aritzeko jenderik bada (Deba ibarreko hainbat herritan Nafarroako Baztanen edo Bortzerrietan adina jende bizi da) eta jende horrek esku artean dugun gai honen berri izateaz gain, zuzen eta egoki lantzeko bideak markatzen badira.
Iritzi artikulu hau ahitzeko, bi hitz: urterik urtera esku artetik joaki zaigun hizkuntzaren altxor menderen mende ondu hori berreskuratu eta geurekotu behar dugu, baina euskara kalitatezko eta moderno bati ateak hertsi gabe. Halabiz!


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude