Orden erlijiosoek 1.200 urteko historia dute. Insitutu hauek IX. mendean hasi ziren sortzen Euskal Herrian. Nafarroan agertu ziren lehenengoz monastegiak. Hasiera batean hori besterik ez ziren, monastegiak. Baina gerora, San Benitoren erregela harturik, monastegien mundua beneditarra izango da. Euskal Herrian, Iratxen agertu zen beneditarren lehen aztarna.
XIII. mendean berriz, eskeko ordenak sortu ziren. Hauen ezaugarri nagusia zera da: esketik bizi direla eta ez dutela ondasun higiezinik. Horien artean, frantziskotarrak dira nabarmenenak. Eskekoak dira baita ere domingotarrak, agustinoak eta karmeldarrak. Gainera, frantziskotarren barnean adar berri bat sortu zen XVI. mendean: kaputxinoak.
Eskeko ordenetako etxeei komentu deitzen zaie eta kideei fraile. Eta San Benitoren erregela jarraitzen dutenei moje esaten zaie eta etxeei monastegi. Bi sistema ekonomiko eta sozial ezberdin dira beraz.
Orden erlijiosoen historian, hirugarren fase bat irekiko du Jesusen Lagundiak XVI. mendean jaio zenean. Jesusen Lagundian, Antzinako Jesusen Lagundia eta Jesusen Lagundi Berria bereizi behar dira. Lehenengoa 1773an Aita Santuak jesuiten desagerpen osoa ezartzean amaitu zen. Eta bigarrena 1814n hasi zen, Pio VII.ak berrezartzean. Azken hau indar izugarriarekin jaio zen Euskal Herrian eta Nafarroan, eta Gerra Karlistetan, karlisten lurraldeetan babesa aurkitu zuten.
1833tik 1840ra gertatu zen Esklaustrazioak zenbait ordenen desagerpena ekarri zuen. Eta horrez gain, elizaren ondasunak Estatuaren esku geratu ziren. Garai hartako geldiunearen ondoren, 1960-65ean ezagutu zuten orden erlijiosoek loraldirik handiena