Argazki Pressek, Euskal Herrian sortutako lehen argazki agentziak, 2002ko urtarrilaren 1ean hasi zuen bere martxa. Bere helburua, Euskal Herrian zehar dagoen prentsa idatzi guztiari zerbitzuak eskaintzea da. Hamairu argazkilari dauzkate kontrataturik Hegoaldean, eta denborarekin Iparraldean ere gauza bera egiteko asmoa dute. "Baina gutxienez urtebete beharko dugu enpresa bezala nola asentatzen garen jakiteko", dio Juan Karlos Elorzak, agentzia berri honen zuzendariak.
Dagoeneko lana badute, "Euskaldunon Egunkaria" eta "Gara" dauzkatelako eguneroko bezeroen artean. Hortik aurrera poliki-poliki ari omen dira harremanak sortzen instituzioekin, ikastolekin, herrietako aldizkariekin… Horrez gain artxibo zabal bat ere ba omen dute, argazki solteak behar dituenarentzat. Agentzia honen zerbitzuak kontratatzeak baditu nahiko onura, bere zuzendariak dioenaren arabera: Argazki Pressek zerbitzu integrala eskaintzen duenez, bezero dituzten komunikabideek ez omen dute jada argazkilari propioen beharrik. Beraiekin lanean ari diren argazkilariek kontratua, gizarte segurantza eta Argazki Pressek bakoitzari jarritako ekipo osoa ei dute.
Agentziak banatzen dituen argazki guztiek fitxa bat daramate, azalduz, besteak beste, nork egin dituen. "Eskubide guztiak Argazki Pressenak dira -argitzen du zuzendariak-, baina argazkiek beren egileen izena ere badaramate. Gero komunikabide bakoitzaren esku dago nola sinatzen duen, jakina. Nik ezagutzen ditudan guztietan, bakarrik agentziaren izenarekin sinatzea da ohikoena»