argia.eus
INPRIMATU
Esteban Elizondo: Organoari eskainitako bizitza
2002ko maiatzaren 12a
Donostiako Santa Maria elizan dago organo erromantiko garrantzitsuenetariko bat. Esteban Elizondo harengandik gertu jaio zen, Donostiako alde zaharrean. Organo baten tekladu gainean hatzak lehen aldiz jarri aurretik, ordea, musika munduan beste urrats batzuk egin zituen. Piano ikasketak amaitzen ari zela animatu zuen Garbizu bere irakasleak, organoa jotzen hasteko. Harrezkero ordu asko sartu ditu eskuak tekla zuri-beltzen gainean eta oinak egurrezko pedaletan jarrita.

Vienan hiru urtez izan zen piano ikasketak egiten eta Donostiako Kontserbatorioko zuzendari ere izana da. Gipuzkoan dagoen organo irakasle bakarra da. Horrek, nolabaiteko ardura sentiarazten dio eta lan ugari ari da egiten, hemengo organoak ezagutzera emanez, konponketa behar dutenak konpontzeko bultza eginez...
Gainera, berak dioenez, tresnaz gain, euskal obra ugari dago organorako idatzita eta horietako asko erabat ezezagunak dira. Aurten esaterako, Jesus Guridi musikagilearen obra oso bat eskainiko omen du Alemanian. Berak dioenez, txundituta geratzen dira atzerrian horrelako lanarekin eta partiturak eskatzen omen dizkiote.
Halabeharrez hasi omen zen tesi hau egiten baina bost urteko ikerketaren ostean, lan mardula aurkeztu du.
Argitaratu aurretik, Alemania, Frantzia, Danimarka eta Belgikatik eskatu dizkiote jada kopia bana. Azkoitiko koruan aurkeztu zuen bere tesia iragan otsailean, Kataluniako unibertsitateko epaimahaia aurrean zuela. Bikaintzat jo zuten lana eta Cum Laude onespena ere eman zioten