argia.eus
INPRIMATU
Trenez edo txalupaz
2002ko apirilaren 14a
Usurbildik Oriora bazoaz trenez, eta batik bat irail-urrian egokitzen bazara, orduan ulertuko duzu bere osotasunean Lizardiren "Oi Lur" zaharra. Txokoalde eta Aginagako erriberak beste ikuspegi batetik erreparatuz, hortik Orioraino dauden soro oparoez harrituko zara. Eta harrituko zara nola dauden oraindik espekulazioen hatzaparretan ito gabe. Borroka gogor batek -herritar urri batzuk eta herri politikari argi batek egindako lanari esker- erdietsi zen. Txanponaren beste aurpegia? Oriora iritsi aurreko erribera, bi sosetan Gipuzkoako Diputazioan informazio pribilejiatua zuen notable batek erosi eta izorratua, hondatzen segitzen dutena.

Baina badugu paraje hauek ezagutzeko garraiobide are eta hobe bat: txalupa. Alan eta polainean egitea luzeegi eta neketsuegia litzateke. Baina Orion galdetuz, Goenkalek eman dion famari esker pentsatzekoa da aurkituko duzula -ez dakit zenbat kobratuko duen- bere motorrean paseatuko zaituen norbait. Horrela, edo zure kasara, ibiltzea lortu baduzu, abiatu zaitez Orioko barratik. Behetik gora abiatuta, eskuinetara duzu Uribezar edo Torretxoko hondartza. Eta ezkerrean, erriberak erriotik babesten dituen lur muntoa: zanpiura deitzen zioten zaharrek. Oriok -bere fisonomia hondatzeko egin dituzten astakerien gainetik- eta ibaiaren beste aldean den Santio Errekak egun oso bateko paseoa merezi du.
Ibaian gora, Ortzaika auzoa daukazu, oriotarrak baina Orioko kaxkokoak ez diren arraunlari handi eta heterodoxoen auzoa, Kortarena bidenabar. Aurreraxeago, zanpiuraz -eta marearen arabera funtzionatzen duten konportaz- babestutako erriberak. Itzao eta Zalmaztegi aurrerago, eta Sarikola: ala eta txalupen gune klasikoa, inguru hauetan izandako bertsolaririk handienaren -Gazteluren- sorlekua. Hemendik aurrera Aginaga da.
Lehen aipatu dugun Mapil horretan egiten omen ziren inguruko ontzirik handienak, eta famatua zen. Bidean, legar bat pasea dugu, eta gorago, Txorkoan, marea behean ageri eta goran ezkutatzen den beste ugarte bat dugu. Honaino iristen ziren Andatza menditik ateratzen ziren zuhaitzak eta ola zaharretako burdin eta ikatzak, itsasoratzeko. Eta aurrerago joanez, Txokoalde. Portutxo baten aztarnak baditu oraindik. Hemen ere ontziolak baziren, eta horko etxe batek zerbaitengatik izango du Sutegi izena. Neguko ilunabarretan, ondo erreparatzen baduzu eta sasoia bada, farolen bat ikusiko duzu: anguletan ari diren seinale.