Iaz Zabaltzen banatzaileak eta Bilintx liburu dendak 25 urte bete zituzten. Elkar argitaletxeak, aldiz, 30 urte beteko ditu aurten Iparraldean bere ibilbidea hasi zuenetik. Hegoaldean 1977an sortu zen, duela mende laurden, beraz. Lehen urtean 8 liburu kaleratu ziren zigilu berriarekin. 2000. urtean berriz 104 titulu eman ziren argitara. Guztira 4.719ra iristen da 25 urteko emaitza horietatik 2.263 lehen argitalpenak, eta gainerakoak berrargitalpenak.
Lehen urteetan Elkar, Zabaltzen zein Bilintxek Donostiako alde zaharrean izan zuten egoitza. 1982an Zabaltzeneko Igara auzoan hartu zuen egoitza berria eta banatzailea eta Bilintx juridikoki uztartzeko Euskal Kulturgintza S.A. sortu zen. 80ko hamarkadan zehar diskogintzari ekiten zaio eta liburudendak ugaldu egiten dira etengabe: Iruñean Xalbador, Bergaran Etxepare Bilintx, Donostian Ramos, Irunen eta Tolosan Bilintx... 90eko hamarkada Bilboko Urretxindorra dendarekin eta Ttarttalo argitaletxearen erosketarekin abiatu zen. 92an Zabaltzenek egoitza berria hartu zuen Donostiako Igaran bertan. Eta hara joan ziren Elkar argitaletxea eta grabaketa estudio berria ere.
Hamarkada horren erdialdera Donostiako Bilintx aurrena megadenda bihurtu zen, Bilboko Urretxindorra ondoren eta Iruñeko Xalem eta Xalbador geroago, 1996an. Tolosako Bilintx, Gasteizko Arriaga, Baionako Mattin... ere megadenda dira egun.
1996an Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa sortu zen «euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzeko». Hiru urte beranduago enpresa guztietako ondasunak esku pribatuetatik Fundaziora aldatu ziren