argia.eus
INPRIMATU
UN CAFECONLECHE
Andoni Egaña 2002ko martxoaren 10
Euskaldunoi buruzko gauzak pentsatu ahal izateko toki bakarra geratzen zait: erdaldunen tabernak. Inoiz edo behin aipatu izan dut, duen arrazismo-punttua saihesteko ahaleginik egin gabe -ez baita inoren ez inorentzako tabernarik, propio hala izendaturik behintzat gure inguruan- "erdaldunen tabernatan" baino ez dudala aurkitzen sosegurik gogoetarako. Han inork ez du bezperako bertsosaioari buruz galdezka hasteko joerarik. Han bakeak asko balio duela ulertzen dute. Han «Marca» kafesnez zipristindua da mostradore ertzeko nagusi. Eta alferrik da hala ere. Zurrunbiloan gabiltzalako edo, -gehiegiak dakar gutxiegia- gaitz da egun ezeri buruzko, ezer tajuzkoari buruzko iritzirik, iritzi tajuzkorik, izatea.


OTEIZARENARI buruzko iritzirik ezin osa dezaket. Datuak bai, nahi adina dauzkat. Astia dut eskas datuak bere tokian kokatu eta zuzen edo oker, uste jakin batean sustraitzeko ere. Axaletik irakurri ditut Fundazioaren gaineko albisteak. Batzuren jarrerak eta besterenak. Jorge bera gaisorik egon dela jakiteko adina ere irakurri dut. Baina neumonia bi eratan ikusi dut idatzia: "p" hasieran duela eta hura gabe. Eta ez dakit zein den zuzena. Ez dut astiarik. Zer egin ez dakigunean lagunei jaramon egitea hobesten dugu horrelakoetan eta ni... Jose Angel eta enparauekin nago.
Ez dakit, ez dut iritzi erroturik, euskara gainbehera edo behetik gora doan. Ez dakit Bernardo Atxagak duen arrazoi edo-ta Euskaltzainburuaren esanak diren errealitateari lotuagoak. Dakidana da, hori bai, politikariei buruz ari garelarik "dimisio" hitza gutxitxo entzuten dugulako kexu garen neurrian behar genukeela euskararen inguruko profesionalen lanari buruzko arrenkura. Gaizki bagoaz... etxera! Eta horrek denontzat balio du: Unibertsitateko irakasle, Euskara teknikari, Ikastetxeetako zuzendari, hedabideetako langile, artista... Ikusten nola ez dudan aski astia pentsatzen jartzeko?
Neureenean ere kamuts sentitzen dut burmuina. Ez nuke jakingo esaten bertsolaritzak ze norabide daraman eta are gutxiago norabide hori den zuzenantzekoa. Ez dut behialako grinarik, pentsatzeko gehienbat astia erabiltzen dutenei erantzuteko ere. Astiarik ez dudalako.
EUSKALDUNON gauzei buruz pentsatze aldera, erdaldunen tabernatara maizago joaten hasi behar dut. Maizago joaten segi behar dut esango zukeen Groucho Marxek. Datu gutxiago behar dut eta gogoetarako denbora gehiago. Etsi etsi ere ez bait dut egin. Apenas nire ahotik entzungo duzuen lanpeturik nabilela. Bi ume ditudala ez dut aitzakiatzat sekula erabili izan. Eta ez naiz iluntzero Soziedadeko lagunarteak askiesten dutenetarikoa. Konponbidea izan, badut. Denbora kontua da dena