argia.eus
INPRIMATU
AMESGAIZTOEN BEDARRA
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Bailaretako belazeak erre dira aurten izotzekin. Esnea sortu behar eta ardiek aurkitzen dute, hala ere, han eta hemen, hortzak zeri luza. Udan ez bezala, egutera gozoan hor ikusiko dituzu, ospeletik ihesi. Ospel horietan, orain neguan hostaia galduta, ikusi ezina, hor dago gero udan topatuko duzun muki-belarra, Pinguicula grandiflora.

Muki-belarra haragijale edo intsektujaleen artekoa da. Hosto txikietan guruin berezi batzuk ditu. Hauek lika tankerako bat sortzen dute eta txingurri, eulitxo eta antzeko intsektuak bertan itsatsi eta asko uste gabe bere agoni-kanpaiak jotzen dizkie landaretxoak. Intsektua alde egin ezinik dagoenean guruin beretatik jario berezi bat isuriko du, biktimaren barrunbeak urtu eta albuminoide eta azido organiko batzuk (propionikoa, butirikoa, balerianikoa, bentzoikoa eta abar) xurgatzeko. Biktima hustutze hau errazteko hosto ertzak kiribildu egiten ditu, guruin gehiagoz lan egin ahal izateko eta xurgatu behar duen jakiaren ttanttarik ere ez galtzeko. Amets-bedarra ere deitzen zaio. Intsektuen eskolan amesgaizto-bedarra deituko diote...
Muki-belarraren hosto likatsua zauriak, batik bat bular eta errapeetakoak, azkar isteko erabiltzen da. Baita beraietatik jetzitako esnea gatzatzeko ere

mandiozerain.com