Sarrionandia ARGIAn


2001eko azaroaren 18an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
ARGIA oraindik ZERUKO zela hasi zen Joseba Sarrionandia aldizkari honetan argitaratzen, 1977ko urtarrilean. Hasi, izenordez: Joseba Basarte; gerora beste bat ere erabili zuen: Jose Anjel Garaizar. Tartean Joseba S. gisa ageri da eta sarritan inizialez, J.S.

Bere idatzietan badira informazio hutsezkoak, gertakizun kulturalen kronikak, batez ere hasieran, baina laster heldu zion ildo sakonagoari, erreseinatik kritika eta gogoetara pasaz. Landutako arloak: sozio-politika, kultura oro har, artea apur bat, literatura, eta guztien gainetik, zinea. Izenburuetan ikus daitekeenez, filmerik entzutetsuenak aurkeztu zituen orrialdeotan: «Padre Padrone», «Eisensteinen Urria», «Viridiana (Buñuel)»... Donostiako Zinemaldiak ahaztu gabe. Lanik bitxienak, umorearen esparruan egindako inkurtsioak ditu, hala nola «Espaloietako ipuinak», «Paso zebretako ipuinak» edo «Disidenteen irribarrea».
Bi elkarrizketa ere egin zituen: lehena, 1977an -Sarrionandiak 19 urte baino ez zituela-, Alfonso Sastreri eta bestea, bi urte geroago, Peire Pessamessa idazle eta politikari okzitaniarrari.

Guztira laurogeita hamarretik gora artikulu idatzi zituen 1980ko azaroan atxilotu zuten arte. Dena den, eta maiztasun gutxiagorekin bazen ere, espetxetik tarteka idatziak bidaltzen zituen ARGIAk argitara zitzan. Literatura eta zinearen inguruko gaiak lantzen jarraitu zuen hasiera batean. Espetxeratu ondoren idatzitako lehen artikuluan Raoul Walsh zinegile hil berria izan zuen hizpide eta bigarren idatzia, aldiz, Alvaro Cunqueiro poeta galiziarrari eskaini zion.

Geroago, 1983ko lehen hilabeteetan, «Bazterrekoak» izenburuko atalean aforismo eta aipu labur sortak kaleratu zituen.
Idazlearen historiaurrea idatzi hauetan guztietan legoke.
1985eko San Fermin egun hura baino lehen, beste bitan ere agertu zen Sarrionandia astekarian, baina oraingoan elkarrizketatu gisara. 1984an L. Txaho presoak elkarrizketatu zuen iurretarra eta, ARGIAn egin zitzaion azken elkarrizketa, Korrika 4-eko Prentsa Bulegoak sinatzen zuena, urtebete geroago argitaratu zen, 1985eko maiatzaren bukaeran, Martuteneko espetxeko ihesa baino hilabete lehenago

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin