argia.eus
INPRIMATU
Energia berriztagarrien hiztegia
2007ko otsailaren 21
Energia berriztagarriak erabiltzen hastearekin batera hitz eta esanahi berriak agertu dira. Hona hemen argibide batzuk.


biomasa.

Nekazaritzako hondakin lehorretatik, hondakin organikoetatik (zabortegietatik) eta egurra erabiltzen duten lantegietatik (zerrautsa...) ateratzen den energiari deitzen zaio biomasa. Zabor horiek galdara batean errez edo gasifikatzeko tenperatu handietan jarriz elektrizitatea eta beroa lortzen da. Beren batez besteko kostua 6,75 pezetatik 18ra bitartekoa da kilowatt bakoitzeko.

Eguzki energia.

Eguzkiak ematen digun energia da. Eguzkiaren bidez elektrizitatea eta beroa lor ditzakegu. Elektrizitatea lortzeko siliziozko fotopilen bidez atzeman behar da, eta horrela argia elektrizitate bihurtzen da. Pilatu beharra dago bateriak gauean ere horniturik egoteko. Beroa lortzeko, berriz, panelak negutegi modura egiten du lan: kristalaren azpian pilatzen den energiak biltegi bati atxikita dagoen hodi batean dabilen ura berotzen du. Bere batez besteko kostua 25 pezetatik 150era bitartekoa da kilowatt bakoitzeko.

Haize energia.

Haizearen bidez lortzen den energia da. Esan daiteke haizea dela, gaur egun, energia alternatiborik lehiakorrena. Haizeak helizeak mugiarazten ditu, eta generadore batek mugimendu hori energia bihurtzen du. Bere batez besteko kostua 3 pezetatik 17,5era bitartekoa da kilowatt bakoitzeko. Energia mota hori geroz eta gehiago sortzen da Hego Euskal Herrian eta, oso bereziki, Nafarroan.

Geotermia.

Lurraren bihotzetik datorren energia da. Lurrazpiko beroaren erabilera da. Lurrazalak sekulako berotasuna biltzen du bere baitan, eta berotasun hori elektrizitate bihur daiteke edo, bestela, zuzenean ere erabil daiteke berokuntzarako. Lurrazpiko ur beroa azaleratzen badugu, horrekin hirietako berokuntza sare bat hornitu dezakegu. Bere batez besteko kostua 20 pezetakoa da kilowatt bakoitzeko