argia.eus
INPRIMATU
Hur Gorostiaga, «Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko Kazeta»ren zuzendaria.
2001eko urriaren 14a
«Apustu hau irabaziz gero hemengo errealitate soziala asko alda daiteke»

Euskaldunon Egunkaria»n aritu zara zortzi urtez kazetari gisa. Orain, berriz, «Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko Kazeta»ren zuzendaria zara. Zerk bultzatu zaitu proiektu hau zuzentzera?

Erronkak maite ditut, apustuzalea naiz eta pario hau irabaziko dugula uste dut. Proiektuan ari garenok konbentzituak gaude apustua aitzina aterako dugula. Apustu hau irabaziz gero hemengo errealitate soziala alda daiteke, jende gehiena ez da euskal iturri batetik informatzen, hemengo mentalitatea aldatzen lagundu dezakegula iruditzen zaigu.

Zer berri eskaini diezaioke gizarteari egunkari honek?
Esate baterako, hemengo jendea gero eta modu naturalago batez joaten da Hegoaldera. Jasotzen dituen berriak beti berberak dira, ordea: atentatuei buruzko berriak. Gure ustez, esateko azkoz gehiago dago hango eta hemengo bizitzari buruz. Adibidez, sozial mailan ez da ezagutzen hemengo jendeen bizimaila, beren soldatak. Iparraldeko langabeziari buruz informatu nahi dugunean (Euskal Herri osoko egoera ezagutarazteko) ez dago datu orokorrik. Gure asmoa hemengo gizartearen informazioa ezagutu eta eman ahala berau osatzen joatea da, Euskal Herriko zazpi eskualdeei buruzko errealitate soziala osatzeko.

«Sud-Ouest»en monopolioarekin bukatzeko irakurle nahikoren sostengua izanen al duzue?
Jendeak prentsaren monopolioa «Sud-Ouest»eri bizkarreratzeko joera du, baina Iparraldean egunkari bakarra izatea ez da «Sud-Ouest»en «errua» soilik. Prentsan ari garenok beste zerbait sortzeko gai garela frogatu behar dugu. Oraingoz, eragile politiko, kultural eta sozialen aldetiko harrera biziki ona izan dugu, jendeak aspaldi itxaroten zuen proiektu hau. Jendeak asko maite du «Sud-Ouest», baina aldi berean gorrotatzen du, maitale bakarra baitu. Orain, jendearen eskaera horri erantzutea espero dugu. Azken finean ez dugu guk eskaera sortu, eskaera hor dago eta guri dagokigu erantzutea.

Iparraldeko lehen egunkari abertzaletzat jo daiteke kazeta hau?
Ez. Etiketa politiko oro argi eta garbi ukatzen dugu, eta jendeari esaten diogu etiketa politiko bat ezarri nahi badio itxaron dezan egunkaria atera dadin. Alderdi politiko guztiekin lotura politiko oro ukatu eta Euskal Herri osorako berriak emanen ditugula baieztatzen dugu. Hedabide batzuek haien ikuspegia Bidasoaraino mugatzen badute, guk, berriz, mugaz gaindi errealitate sozial bat badagoela erakutsi nahi dugu