argia.eus
INPRIMATU
OPOR LEHORRAK
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Ahal den urrutien joateko beharra izaten dugu oporretan. Itzultzerakoan landareak egoera onean aurkitu nahi izaten ditugu ordea. Horretarako gomendio batzuek dituzue jarraian.

Eguna mozten hasten den honetan jendearen urduritasuna nabaria da. Egunerokoa utzi eta ahal den urrutienera eramango duen oporraldia nahitanahiez burutu beharra dago. Gizarte arteak eskatzen du. Gero etorriko dira bueltako itolarriak eta zimelaldiak. Alde egin behar horretan, Mexikoko perretxiko, landare eta azti aluzinogenoak dastatzeko itxaropenean murgilduta ibili den lagun batek urtero izan ohi duen arazoa azaldu zidan. Bai, bai betikoa: etxean arin asko ahaztuta uzten duen landare koadrila bueltan berde eta ez hilerri topatu nahi ditu.

Guk egiten dugun lana fin samar beteko duen norbait aurkitzea da onena. Dagoenerako Ameriketan ibiliko den aparejo honek ezin inor topa. Auzoko atso-agureez ez da fido eta bere eskoadrilan festa eta parranda artean landareak kontu egiteko lantxo hau tajuz egingo duen inor ez. Hona hemen bada, berari luzatutako errezeta, denontzako erabilgarria izango delakoan: landare guztiak eguzkiak zuzenean jotzen ez duen toki argitsu batean bata bestearen aldamenean pilatu, ohikoa dena baino ur gehiago emanda utzi, lorontzien artean urez betetako ontzi batzuk jarri inguruko hairea heze dadin, ura dagoen ontzi horietatik lorontzien azpiko zulora edo gaineko lurrera ohialezko sokatxo batzuk jarri, kapilaritatez, pixkanaka-pixkanaka, ura lurreraino igaro dadin. Hala ere etxerako bueltan, gure moduan, ur premia izango dute. Ontziz ontzi hartu eta uretan leporaino sartu aire burbuilak amaitu arte. Opor on!