ISILTASUNA APURTU DA AZKENEAN

  • Marie Blancheko destakamenduan daude 1944ko udazkenean, muga pasa eta frankismoaren aurka borrokatzeko prest. Beheko irudiak protagonista berak ditu, egun batzuk beranduago, ordea. Guardia Zibilak Saran hildako euren komandantearen hiletak dira. 55 gizonek zeharkatu zuten muga; 44 itzuli ziren, frankistekin bi aldiz topatu ondoren.Bi irudiok ederki islatzen dute Espainiako makien historia.
Baita Euskal Herrikoa ere. Historia liburuek orain arte kontrakoa esan badute ere, Euskal Herrian izan baitzen makirik. Aurten zinemak, pastoralak eta liburuek gaia azaleratzea erabaki dute, azkenean. Berandu, baina badirudi isiltasuna apurtzen ari dela.

Montxo Armendarizen «Silencio Roto» filma ikusi duten guztiek oso gogorra dela diote. Eta ezin zuen beste modu batera izan. Filma makiei buruzkoa baita.

Gerra Zibiletik ihesi joandako Espainiako gerrillari komunista hauek II. Mundu Gerran Frantzia hegoaldean nazien kontra borrokatu zuten. Alemanek galdu zuten gerra, baina baita komunistek ere. Espainiara itzuli eta faxismoaren aurka etxean borrokatzea egokitu zitzaien gero, eta gerra berri hau, hasieratik iragarritako porrotean murgildu zen apurka gerra osteko urteetan. Porrotaren, heriotzaren, sufrimenduaren historia da makiena.
Baina Montxo Armendarizek berak dio «Silencio Roto» duintasunari buruzko filma dela. Eta makiena duintasunaren historia ere bada, guztia galduta ere, hori mantendu baitzuten. Indibidualki behintzat. Publikoki gizon eta emakume hauei ez baitzaie orain arte euren ahalegina onartu. Bi aldiz izan ziren galtzaile, antifaxistak zirelako eta komunistak zirelako. Eta historiak ez du horiek oroitzeko ohiturarik. Aurtengoan, badirudi hau aldatzen ari dela eta aipatutako filmaz gain, egun gutxi barru «Xiberuko Makia» pastorala taularatuko dute Sohütan eta duela aste batzuk «Maquis. La guerrilla vasca, 1938-1962» liburua kaleratu zen Mikel Rodriguez historialariaren eskutik. Baina errekonozimendua ez al zaie beranduegi, 26 urteko atzerapenez iritsi?
Gaiari buruzko orain arteko bibliografia urriari errepaso eginez gero, ondorio garbi batera iritsiko gara: Euskal Herrian ez zen makirik izan, Nafarroako salbuespen gutxi batzuk kenduta. Baina hori ez da egia, lehenxeago aipatutako liburuan Mikel Rodriguezek kontrakoa erakusten baitu; euskaldunek parte hartu zuten Frantziako gerrilletan eta II. Mundu Gerraren amaieran euskal gerrilla komunista bat antolatu zuten Hegoaldera pasa eta bertan Francoren erregimenaren aurka borrokatzeko. Zergatik, bada, ukatu izan da hori? Historia irabazleek idazten dutela gauza ezaguna da. Baina ez hori bakarrik, gero historia berregitera datozen batzuk behintzat erosotasun eta errazkeriaz jarraipen hutserako joera dutela esan daiteke.

euskal maki ahula.

Euskal Herrian makia existitu zen. Hori dagoeneko ez dago ukatzerik. Baina onartu beharra dago ez zuela indar handirik izan. Eta Estatuko beste lurraldeetan arrakastarik izan ez bazuen, are gutxiago gurean. Azken ekintzak 1962 aldera burutu zituzten eta, balantzea eginez, hauek izan ziren ordurarteko ondorioak: 55 izan ziren borrokan edo fusilatuta Hegoaldeko lurretan hildako gerrillariak, maki atxilotuak aldiz, 300dik gora. Guardia zibil, polizia eta militarren artean aldiz 35 izan ziren hildakoak eta zibilak, 7. Atxilotu kopurua ikusita talde garrantzitsua zela pentsa daiteke. Baina kontuan izan behar da, 1944ko urrian maki talde zabalak pasa zuela muga Nafarroatik (800 bat gerrillari izan omen ziren) gero beste lurralde batzuetara joateko. Orotara Hego Euskal Herrian 50 maki inguru izan ziren gerrillari moduan arituak. Kopuru horri laguntza eta lotura lanak egin zituzten gizon emakumeak gehitu behar zaizkio.
Ekintzei dagokienez, 17 sabotaje, 32 lapurreta eta bahiketa bakarra kontabilizatu dira. Zergatik izan zuen horren jarduera eskasa makiak Euskal Herrian? Euskal makiaren ahultasuna ulertzeko, jo dezagun denboran atzera, Gerra Zibilaren urteetara.

Komunista gutxi.

Espainiako Gerra Zibila lehertu zenean, SESBk Errepublikari eman zion laguntza, bultzada handia izan zen PCErentzat. Baina Espainiako komunistei, Euskal Herrikoei bezala erbesteratzea egokitu zitzaien berehala, eta militante solte taldeak geratu ziren bertan, ez zen egitura antolaturik. Gerra Zibila amaituta, 1941ean Hego Euskal Herriko militante komunistak ez ziren 200 baino askoz gehiago. Urte txarrak ziren komunistentzat; Euskal Herrian inoiz ez zuten indar berezirik lortu eta orain are ahulagoak ziren. Euskadiko Alderdi Komunistaren ahultasun honek azaltzen du, besteak beste, euskal makiaren porrota.
Buruzagi komunista euskaldunen artean Jesus Monzon nafarraren lana da aipagarri. 1939ko maiatzean joan zen erbestera eta Franzian Espainiako Talde Gerrillariaren hastapenetan garrantzia handia izan zuen.

Makia Iparraldean.

Orain arte Hegoaldeaz jardun dugu, baina Iparraldean ere izan zen makirik, berandu bazen ere. Hasieran nazien okupazioak herritarren erreakziorik ez zuen ekarri, baina egoera gogortu ahala, Zuberoan talde pare bat osatu zen 1943an, eta 44an ekintzekin hasi ziren (lerro hauen gainean Jean Louis Davant idazle eta euskaltzainaren testigantza jaso dugu Zuberoako makiaren inguruan). Alemanak erretiratzearekin batera, batzuk armada erregularrean sartu ziren eta beste batzuk desmobilizatu egin ziren.

10. brigada.

Iparraldean, baina bereziki Pirinioetan, Espainiako Talde Gerrillariak hainbat ekintza egin zuen aleman okupatzaileen aurka. Euskaldunek lan garrantzitsua burutu zuten eta horren erakusle da Victorio Vicuña lasartearrak taldearen 10. brigadaren buruan egindako lana. Izan ere, kopuruagatik baino, gizabanakoen lanagatik izan ziren garrantzitsuak euskaldunak makian. 10. brigadak 500 hildako eragin zituen alemanen artean, brigada honek inoiz 300 gizon baino gehiago izan ez zituenean. Pirinio Atlantikoko departamentuko mendebal guztia askatu zuen eta Paue hiriburuan sartu zen. II Mundu Gerraren amaieran, Espainiako Estatuan egin beharrekoaren planifikazioari iritsi zitzaion txanda.


Franco ere eroriko da.

1944an makien morala oso sendo zegoen. Alemaniako faxismoa garaitzen lagundu zuten eta Franco ere erraz eroriko zen. Inbasioa prestatu behar zen. Arango bailaratik abiatu zen inbasioa lehenik 1944ko urrian, baina atzera jo behar izan zuten. Nafarroatik 800 gerrillari sartu ziren ondoren. Saiakera honek ere ez zuen arrakastarik izan. Eta ez zen soilik indar militarren arteko desorekagatik (izan ere, mugako indar frankistek gerrillaren aurka borrokatzeko ezintasun nabaria erakutsi zuten). Frantziatik zetozen makiek ez zuten mugaz bestaldeko egoera ezagutzen; herritarren laguntza espero zuten, baina Gerra Zibilak zigortutako populazio nekatua topatu zuten. Atzerritik ere ez zen laguntzarik etorri. Behin Hitler garaituta komunismoa bilakatu baitzen etsai.
Euskaldunek talde sendoa osatu zuten hasiera batean muga pasatzeko. Ez ziren denak komunistak. Alderantziz, gehiengoa nazionalista zen. Baina taldea osatua zegoela, Agirre lehendakariak gerrilla uzteko deiari erantzun eta gehiengoak Euskadiko Talde Gerrillaria utzi zuen. Dena den, Vicuña buru zuen euskal gerrilla Hegoaldera iritsi zen, baina hemen egoera ez zen batere egokia borroka armaturako. Egiturarik gabe, zibilen laguntzarik gabe, ez zegoen ezer egiterik. Vicuñak Santanderreko makira aldegin zuen. 1946eko martxoan itzuli zen berriro Bilbora eta zenbait ekintza berrabiatu zen orduan. Ordutik 60ko hamarkada hasiera bitartean, makien ekintzak urriak izan ziren eta atxiloketa, fusilamendu eta espetxeratzeak, aldiz, ugariak. Makien azken ekintza (anarkistek antolatua) 1962ko udan izan zen. Donostiako Aieteko Jauregira bidean Francoren kontra 25 kilo plastic prestatu zituzten. Baina Franco ez zen agertu. Eta lehergailuari pilak agortu zitzaizkion.
Hasieratik Euskadiko Alderdi Komunistaren ahultasunak baldintzatu zuena, gartzelak, fusilek eta erbesteak lurperatu zuten. Trantsizioko memoria selektiboaren galbahea pasa ez eta lurpean jarraitu zuen. Eta aurten, urteurrenen edo antzekoen aitzakiarik gabe, makia isiltasunetik atera da, oraindik bizirik dauden protagonistak bezala

Jean Louis Davant eta Zuberoako makia: Gerra handia txikitako bizipen etan
Xiberoko Makia» pastorala idazteko Jean Louis Davantek ez du soilik historia liburuetara jo. 1944an 9 urte zituen eta oroitzapen biziak ditu. Beldurra sentitzen omen zuten, baina baita harrotasuna ere:

«Alemanak hemen gutxi ikusten genituen. Bagenekien Maulen indartsu zirela eta hor behetik, ibarretik pasatzen ziren. Baina hemen arras gutxi ibiltzen ziren, hau dena basoa da-eta. Aldiz, makiak gehiago ibiltzen ziren. Zuberoan bi talde izan ziren. Bata Ospitalepeko-Sohütakoa. Hura armistizioko armadaren agintepean zegoen; Corps-franc ziren eta batailoi batean parte hartzen zuten, unitate erregularretatik at bazen ere. Bestea, zibila zen.
1942ko azaroaren 11n alemanek Zuberoa guztiz okupatu zuten eta ordutik hasi ziren makien asmatzen. Ospitalepeko makiaren buru Pierre Béguerie erreserbako kapitaina zen. Berak antolatu zuen 120 gizonez osatutako makia, baina denak ez ziren zuberotarrak. Hauek Normandiako aliatuen lurreratzearekin batera hasi behar zuten jarduna, 1944ko ekainaren 6an beraz. Ospitalepeko hiru baserritan eta Sohütako beste bitan ezkutatu eta hortik hasi ziren ekintzak burutzen. Egunero egiten zituzten hilketarik gabeko ekintza txikiak. Etsaia zirikatu behar zuten Mauletik iparrerantz. Haien helburua ez zen alemanen botatzea; aitzitik, haien mantentzea zen helburua, ez zitezen berehala Normandiara joan. Hasieran oso nekez egin baitzuten aliatuek Normandiaren hartzea.

Arbailakoak.

Beste makia, Arbailakoa, egiazki zuberotarra zen. L’Armée Secrète deitzen zen eta autonomia gehiago zuen. Clément de Jaureguiberry industria gizona zuten buru. Kristau-demokrata eta abertzalea zen bera, eta sozialistak ere baziren taldean. Komunistak gutxiengoa ziren baina Armée Secrète honetan sartu ziren denak. Espainiar gerrillari talde bat ere bazen. Oso zuhurki jokatu zuten.
Besteak aldiz nahiko buru beroak ziren. Esaten zuten zuberotarren makiak gauza gutxi egiten zuela, haiek egin behar zutela dena, baina ez zen egia. Ospitalepekoek armak jasotzen zituzten aliatuek paratxuteatuta. Besteek, aldiz, ezer ere ez.
Ospitalepekoek ekintza ugari egin zituzten, bizpahiru astez. Haietarik batek alde egin zuen, laido egin baitzioten. Anomalia bat zuen, ez da polit erraitea baina, barrabiletan. Uzkur zen eta besteek galdeturik erakutsi egin zien. Ez dakit bota zuten edo berak erabaki zuen alde egitea. Gero, alemanek Puyooko geltokian harrapatu zuten eta orduan salatu zituela erraiten da. Ekainaren 27an, asteartez, batailoi berezi bat etorri zen Ospitalepera eta xuxen joan zen makien etxeetara. Bazekiten non ziren. 21 pertsona atxilotu zituzten. Batzuk, berehala, ondoko egunetan askatu zituzten. 9 Alemaniara deportatu zituzten, haietarik bi emakumeak izaki. Zortzi hildako izan ziren. Baina egun zenbait lehenago makiak joanak ziren Sohüta eta Barkoxe arteko Aranbeltzera.
Bitarte horretan, Arbailakoek bere jarduna zuten. Ahüzkin Atharratzeko mugazain alemanek goarnizio tipi bat bazuten. Behinola, guardia aldatzekotan zela, Arbailako makia haien zain geratu zen basoan. Gora zetozenak eraso behar zituzten. Baina, euria hasi zen eta etxe batean gorde ziren zetozenak. Goikoak, joan egin behar zutenak, aspertu eta jaistea erabaki zuten. Ustekabean erori ziren makien gainera. Tiro egiten hasi eta aleman bat hilik erori zen. Horren ondorioz Lexarreko artzainak hartu zituzten, Altzaiko gizon batzuk ere bai, eta oinutsik eraman zituzten oinez Atharratzeraino. Aleman bat hiltzen zutelarik, haiek hamar bat fusilatu edo deportatzen zituzten. Hori zen arriskua. Baina Atharratzen emakume bati esker askatu zituzten. Sagardoi garagistaren emaztea zen. Sagardoi hark konpontzen zituen alemanen auto eta motoak. Alemanek Ahüzki utzi zuten. Arbaila guztia eta mugarako bidea aske zen. Hau 1944ko uztailaren hondarrean, 27an izan zen.
Ondoren, alemanen Spielberg batailoia etorri zen, 800 bat gizonekin. Baina ez zituzten harrapatu. Hala ere, borda batzuk erre zituzten eta gero joan egin ziren, Maulen 50 bat gizon utzirik. Partitzen zirela jakin zen eta bi makiak hitzartu egin ziren: Ospitalepekoek eraso behar zituzten, baina besteek atzea zaindu behar zuten Maulez goiti. Alemanak abuztuaren 10eko bazkalorduan abiatu ziren eta Maule utzi orduko eraso zituzten. Tirokatu zituzten baina ez zuten bat bera ukitu. Alemanek bazekiten zer egin behar zuten: kamioietarik salto, arto artera sartu, eta Mauleraino iritsi. Orduan Mauleko makia hasi zen mobilizatzen. Alemanek ikusi zuten ezin zutela ezer egin eta biharamun goizean entregatu ziren. Horrela gertatu zen Maule askatua. Alemanak preso hartu eta Arbailara eraman zituzten Maulen zeuden makiek. Ospitalepekoek bi ofizial hartu zituzten. Armak, aldiz, erdibana egin zituzten, kalapita ugariren ondoren.

Hegazkina

. Abuztuak 12, larunbata. Eguerdi aldera-edo, aleman hegazkin bat azaldu zen. Maule bonbardatu eta bideak metrailatu zituen. Gero alde egin zuen. Handik laster tiroak entzun genituen Mithikile aldetik. Zazpi kamioi aleman etorri ziren Orthezetik. Horien aurka joan ziren Ospitalepekoak. Bi talde lehenbizi eta geroago hirugarren bat. Arratsalde guzian aritu ziren.
Gari joitea zen. Herriko gizon guztiak ibiltzen ziren etxe batetik bestera elkar laguntzen eta gurea herriko azken etxea zen. Gari joitea bukatua zen eta denak zikin zikin atera ziren. Ura ekartzen zen, eta atorra garbitzen, arropak aldatzen... Denak bazkariaren zain zeuden, kalakan, madari handi baten itzalean. Bat batean hegazkina ikusi genuen itzulika, bere gurutze beltzarekin. Orduan amak edo aitak, ez dut oroitzen, esan zuen: ‘Ez zaitezte hor geratu, gizon tropa hau ikusten badute pentsatzen ahal dute makia dela’. Eta barrura sartu ginen. Larunbata zenez, festa egin zuten batzuk, baita pixka bat mozkortu ere. Atzean, tarratata, tiroak entzuten ziren. Eta, hala ere, batzuk kantuz eta kantuz aritu ziren.
Gauean tiroak isildu eta igande goizean berriz tiroz hasi ziren. Alemanek indar gehiago bidali zuten eta esaten dute guztira 8 hildako gertatu zirela. Bi makiek alde egin behar izan zuten. Batzuk Arbailara eta besteak Barkoxe aldera. Maule arrisku handitan zen. Spielberg alemanen buruak mehatxua igorri zuen, Maulen triskantza bat eginen zuela ez bazituzten preso hartutako 46 gizonak itzultzen. Alemanek 6 maki zituzten preso eta Jaureguiberryk erantzun zion ezetz, ez zela xuxen 6 pertsona 46ren truke ematea. Beldur handia zen. Tartean sartu ziren Gurutze Gorrikoak, Mauleko alkatea eta Mauleko apaiz nagusia. Gainera, Amabirjinaren egunean, abuztuaren 15ean beraz, amerikarrek Provence-n lehorreratu ziren. Eta, azkenik, alemanek bazituzten hamahiru zauritu. Haiek ikustera joan ziren ospitalera eta ikusi zuten ongi zainduak zirela. Hori dena ikusita, hurrengo egunean Maule utzi zuten Spielbergen tropek. Sarrikota-Pian hiru etxe erre zituzten eta bertako gizonak atxilotu, gero aske uzteko. Izan ere, bezperan gure herriko talde batek aleman convoy txiki bat eraso zuen eta iduriz hiru aleman hil zituzten. Bakoitzarengatik etxe bana erre zuten. Baina hori alemanentzat gauza txikia zen, beharrik ez ziren SSak! Hala ere, beste garai batean gehiago eginen zuten, baina orain aliatuak Parisera bidean ziren, Provencetik ere sartu ziren...
Baina mugazainak oraindik Atharratzen ziren: 167 gizon eta 29 metrailadore. Haiek trintxerak egin zituzten Atharratzeren inguruan eta alanbre hortzdunak ezarri. Orduan Jaureguiberryk esan zuen: ‘Guk bakarrik askatuko dugu Atharratze, beste makien beharrik gabe’. Eta beste makiek onartu egin zuten. Jaureguiberryk ez zituen eraso, baina setiatu egin zituen. Basabürükoak ere jaitsi ziren eta guztira 500 gizon izango ziren.
Orduan alemanek Oloroeko bidea hartu zuten eta Montorin maldan gora hartu zuten. 50 oinkari eta hainbat kamioi ziren. Han makiek eraso zituzten. Alemanek bost zauritu izan zituzten eta atzera egin zuten. Une horretan makiek ere atzera egin zuten, ez baitzuten muniziorik. Bitartean maki bat hilik gertatu zen. Kamioiei granadak botatzera joan zen eta alemanek tiro batez hil zuten. Julio Lopez espainiarra zen, nazioarteko brigadatan gerra egina zuena.
Hori pasa ondotik, diplomaziaren txanda iritsi zen. Aurretik Jaureguiberryk proposamenak eginak zituen: besteek entregatu behar zuten eta gerrako presoak bezala tratatuak izango ziren, Geneveko hitzarmenaren arabera eta hori guztia. Alemanek hasiera batean ezezko borobila eman zuten. Baina Montorikoa pasa ondoren, pentsaketan hasi ziren eta bitarteko bezala berriro andere Sagardoi sartu zen, baita Atharratzeko erretorea ere. Azkenean Becker hango komandantea konbentzitu zuten abuztuaren 23an. Beckerrek zera esan zuen: ‘Orain nire ofizialak konbentzitu behar ditut. Guretzat maki horiek terroristak dira. Zuk ezetz diozu eta sinesten dizut, baina haiek ere sinetsi behar dute’. Orduak eta orduak pasa ziren. Azkenean Becker-ek eta Jaureguiberryk elkar ikusi zuten Irurin, gauez gau, goizeko ordubatean-edo. Bere gizon guztiekin entregatzea onartu zuen alemanak. Biharamunean, 24an beraz, armak utzi zituzten. Zuberoa guztia aske zen eta Zuberoako kanpai guztiak entzun genituen ordu laurdenez»

Makien pastorala
Aurtengoan Sohütari suertatu zaio pastorala antolatzea eta gaia bera ere Zuberoari lotua dago. Jean Louis Davantek idatzitako «Xiberoko Makia» pastoralean gerrillak alemanen aurka burututako borroka kontatzen da. Uztailaren 15ean izango da pastoralaren lehenengo emanaldia, arratsaldeko 15:30etan. Bigarrena berriz, 22an gaueko 21:00etan. Errejenta lanetan Jean-Fabien Lechardoy arituko da

«Euskal Herrian heroi ez izateko aukera bazen»
Orain arte gurean aztertu gabeko fenomenoa izaki, zerk bultzatu zintuen makiaren fenomenoa Euskal Herrian aztertzera?

Bibliografiak Euskal Herrian horrelakorik ez zela izan esaten zuen. Existitzen ez zenez, noski, ez nuen gaia aztertzerik pentsatu. Baina, duela bost bat urte, II Mundu Gerran ESSBn egondakoen testigantzak jasotzen ari nintzela, Victorio Vicuña lasartearrarekin hitz egiteko esan zidaten, makisean lan garrantzitsua egina zela. Hori entzun eta berehala pentsatu nuen Frantziako makisaz ari zirela. Eta, bai, Frantzian lan garrantzitsua egina zen... Baina makisa berarentzat ez zen 1944ko liberazioarekin amaitu. Orduan hasten zen berarentzat historiarik gogorrena: Euskal Herrira itzulera Euskadiko Talde Gerrillaria antolatzeko. Harrituta geratu nintzen, hark esandakoa ez baitzen inongo liburutan azaltzen. Nik ere ez nuen libururik argitaratzeko asmorik, grabagailua parean jarri eta grabatzea besterik ez nuen egin. 100dik gora ordu jaso nizkion. Gutxi baziren ere, makisean egondako lagun batzuk geratzen zirela aipatu zidan: Marcelo Usabiaga, Vicente Arizaga, Aparicio anaiak...

Baina, dokumentazioari dagokionez, hainbat oztopo eta muga izan duzula aipatu izan duzu.
Dokumentazio ugari falta da. Pentsa daiteke gabezia hori arrazoi fisikoengatik izan daitekeela. Baina informazio garrantzitsuena eta arriskutsuena beste arrazoi batzuengatik falta dela ere pentsa daiteke. Esaterako, PCEko artxiboetan ez dago Monzóni buruzko informaziorik. Iruinseme hau, zuzendaritza komunistako kide gehienek ihes egin zutenean, Frantzian geratu zen eta berak antolatu zuen gerrilla borroka II. Mundu Gerran. 44an, amerikarrak Normandiara iritsi ondoren, Monzón Madrila joan zen bertan gerrilla antolatzeko asmoz. Baina PCEko komite zentraleko kideak itzultzen direnean, Carrilo bereziki, ez daude eurak kanpoan izan diren bitartean lanean jardun duen zuzendaritza onartzeko prest. Monzon, nazien aurkako borrokaren sinbolo izatetik, bat-batean, amerikarren zerbitzuan ari den karlista bilakatu zen. Eta bere inguruko informazio guztia desagertu egin zen PCEko artxiboetatik. Guardia Zibilari dagokionez, informaziora iristea askoz ere zailagoa da, noski. Besteak beste, makisaren aurka gerra zikina jarri zuelako abian. Guardia Zibilaren ordenantzek zioten, tiro egin aurretik «alto»a eman behar zela. Baina disposizioak ere badira susmagarri den edozeini zuzenean tiro egiteko baimena emanez. Enbarazu egin dezakeen informazioa inork ezagutzerik ez dute nahi, horrek Guardia Zibilaren izena zikintzeko beldur direlako.

Euskal Herrian makisa izan zela demostratu duzu. Baina zuk bildutakoaren arabera, desastre samarra izan zela dirudi, ezta?
Bai, bai, erabat desastrosoa izan zen. Toki batzuetan ederki eutsi zion 44tik 48ra. Baina beste toki batzuetan, Madrilen eta Euskal Herrian bereziki, makisak ez zuen oinarri sendorik lortu. Madrilen kasuan poliziaz eta falangistez josita zegoelako. Euskal Herrian ere porrota izan zen. Horren arrazoia ingurune fisikoan bilatu behar da, batetik. Euskal Herrian ez dago ihes egiteko tokirik, esaterako Picos de Europan bezala. Bestalde Alderdi Komunistak Euskal Herrian ez zuen jarraitzailerik. Populazioa ez zegoen gerrilan sartzeko prest. Zergatik hemen ez eta Andaluzian bai? Andaluzek afusilatu ez zitzaten jotzen zuten mendira. Euskaldunak, ordea, arriskuaren aurrean, muga pasatzeko aukera zuen. Hemen heroi ez izateko aukera bat bazen.

Zein harreman izan zen makisen eta nazionalisten artean?
Militantzia mailan ez zen euren artean arazorik. Zuzendaritza mailan, ordea, bai. 1944an, Frantzia hegoaldearen liberazioaren ondoren, gerrilaren zuzendaritzak Euskal Herrian jarduteko eta euskaldunez osatutako unitate bat antolatzeko asmoa agertu zuen. Baina Agirre lehendakariak egindako eskakizunaren ondorioz, gehiengoa Gernika batailoiean sartu zen. Euskal Herrian jarduteko prest zegoen brigada desegin zen horrela. Hor tentsioa sortu zen. Baina, garai horretan ere EAJk diruz edo dokumentazioaren bitartez-eta, asko lagundu zuen Alderdi Komunista zein gerrilla, solidaritate antifaszista handia zegoen. Baina 1945ean egoera goitik behera aldatu zen munduan eta borroka antifaszista, borroka antikomunista bilakatu zen. Ez EAJk bakarrik, guztiek eman zieten bizkarra komunistei. Eta, hala ere, indibidualki harreman onek eta laguntzek jarraitu zuten.

Makisek muga pasa eta jendearen laguntza espero zuten. Herriak, ordea, ez zuen erantzun. Zergatik?
Espainiako Estatuan herriak ahalegin izugarria egin zuen Gerra Zibilean. Hiru urteko borrokaren ondoren, herriak barrutik gobernua gaitzesten badu ere, ez da sakrifizio gehiagorako gai. Nekatuta daude eta bakean bizitzea besterik ez dute nahi. Naziak garaitzeak euforia izugarria sortu zuen Frantzian eta handik zetozen gerrillariak gauza bera espero zuten Espainian. 1944ko urrian Nafarroatik 800 gerrilari sartu zirenean, haiek besarkatzera etorriko zirela pentsatzen zuten, Francoren aurkako iraultza lehertzear zela. Baina, garai horretan, edozein tontakeriagatik kartzela edo heriotza zeuden zain.

Zuzendaritza komunistaren jarrerak ze eragin izan zuen makisarentzako?
Gauzak normalean politikoek jartzen dituzte martxan. Jesus Monzonik gabe, esaterako, ez dut uste Frantzian gerrilla espainiarrik izango zenik. 1944tik aurrea, buruzagi klasikoen itzulera (Dolores Ibarruri, Santiago Carrillo, Vicente Uribe...) aldiz, erabat negatiboa izan zen makisarentzat. Zalantzarik txikienean eliminazioa, garbiketa ezarri baitzuten. Borroka inhumano baten barruan, jarrera are inhumanoagoa da hau. Batez ere ez zutelako ia inoiz asmatzen. Oro har, ez taktikoki, ez politikoki zuzendaritzak ez zuen asmatu eta guztiz kaltegarria izan zen

Emakumeak makian: diskrezioaren ausardia
Vtictorio Vicuña Euskadiko Talde Gerrillariaren arduradunaren hitzak dira hauek: «Nahiago dut mila aldiz, fusila eskuan mendian borrokan egon, armarik gabe, bizikletan, propagandaz edo munizioz betetako maleta batekin Gestaporen kontrol bat topatu baino». Emakumeak ez ziren mendira joan fusila hartuta, baina oso lan garrantzitsua egin zuten. Lotura lana burutzen zuten, informazioa eta dokumentuak lortu eta batetik bestera eraman ohi zituzten.

Mikel Rodriguez historialariaren ustez: «Eginbehar hauek gizonenak bezainbat ausardia eskatzen zuen, gehiago ez bada». Baina emakume bati dokumentu batzuk Pauetik 50 kilometrora bizikletaz garraia ditzan eskatzen badiozu, Gestaporen eskuetan eroriz gero, heriotza izugarri batera kondenatzen duzu. Mendian beti baitzuten euren burua defendatzeko edo ihes egiteko aukera bat, edo duintasunez hiltzekoa, behintzat. Topatu ditudan emakumeek ez dute hitz egin nahi izan. «Maquis. La guerrilla vasca, 1938-1962»» liburua idazterakoan, egileak ez du emakumeekin hitz egiterik izan. Ez omen zuten hitz egin nahi, ez zioten eurek egindakoari garrantziarik ematen. Hala ere, gizonezkoen testigantzari esker jaso ahal izan du emakumeen lanaren berri.
Pasadizo bat jaso nahi izan dugu hemen adibide gisa. Serafina Velezek kontrol batekin egin zuen topo Frantziako Tolosako geltokian, paperik gabe eta propagandaz betetako bi maletekin. Bere lagunak paperak bazituen eta geltokitik alde egin zuen Serafina bakarrik utziz. Logikoena eta zuhurrena maletak uztea litzateke. Munduko propaganda guztiak ere ez zuen bizia arriskatzea merezi. Baina Serafinak ez zuen hori egin. Guardia mobil batengana joan eta zera esan zion: «Barkatu, baina ezin dut gehiago. Maletak geltokitik ateratzen lagunduko al zenidake?». Irribarrez eta guardiari besotik helduta, bere emaztea balitz bezala-edo, Gestaporen kontrolaren erdi-erditik pasa zen. Harrapatu izan balute hatzazalak eta hortak aterako zizkioten. Ranesbruckera eramango zuten «Rotten Spanien» modura eta bere errautsak tximiniatik irteten bukatuko zuten. Dena paper mordo batengatik. Mikel Rodriguezek ondorengo galdera botatzen du: «Gizon asko hori egiteko gai izango al litzateke?».
Carmen del Vado hilabete luzez izan zen torturatua Bilboko komisaldegi batean. Ez zuen ahorik ireki. Tortura gizon gehienek baino hobeto jasan omen zuen.
Aparicio anaietako baten emazteak zera esan zion 50eko hamarkadan Meliton Manzanas berari, bere senarra atxilotu zutenean: «Kontuz ibili eta nire senarra ezta ukitu ere, bestela gorriak ikusi beharko dituzu». Gero senarrari termoa desagertu eta hilabete pasa omen zuen termoagatik galdezka eta guardia zibilei lapurrak zirela esanez.
Regina Arrieta bizkaitarra Dordoñe, Paris, Tolosa eta Lioneko makitik pasa zen; Pilar Claver nafarrak alemanen aurkako lehen manifestaldia eragin zuen 1942an Marsellesa kantatuz; bere ama Maria Lavayro, Libertad Rocafull, B. Uribarrena... Fusilik gabeko, baina arrisku handiko makia izan zen beraiena


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude